Astekaria

Mank-en aurrekontua %13,3 handitu da

Guaixe 2021ko abe. 24a, 10:31

Bizikleta Egunean txirrindulari tropela luzatu egin zen Iturmendi Urdiain artean. ARTXIBOA

Ibarreko bizikleta ibilbidearen proiektua eginen da eta Hondakin eta Ur zerbitzuak indartuko dira. Aipatu bi zerbitzu horietako tasak ez dira igoko. 

Joan den urteko jaitsieraren ondoren, Sakanako Mankomunitatearen aurrekontuak atzera ere gora egin du eta 2020koa baino aurrekontua handiagoa onartu du. Ibarreko erakundeak 5,4 milioi euroko aurrekontua izanen du aurten, joan den urtean baino 620.000 euro inguru gehiago. Egin behar diren inbertsioen arabera gora eta behera egiten du diru kopuruak urte batetik bestera. Aurrekontu igoeraren erdia (330.000 euro) udalek Mank-i egindako ekarpena handituz lortu da. 

David Oroz Alonso Mank-eko lehendakariak esan duenez, “Sakana eskualdea eta zerbitzu publikoak indartzearen aldeko apustu garbia egin dugu”. Gaineratu duenez, “mankomunitatea indartuta, Sakana osoa da indartzen duguna”. Orozek udalen inplikazioa biziki eskertu du. Lehendakariak azpimarratu duenez, “une zailak bizi izan ditugu azken bi urteotan, eta sarri esan dugu etorkizunari aurre egiteko modu eraginkorrena elkarrekin egitea dela, komunala indartzea, eta hori da 2022rako onartu dugun aurrekontuari esker eginen duguna”. 

Bizikleta bidea
Sakanako bizikleta ibilbidea eraikitzeko proiektura 50.000 euro bideratu ditu Mank-ek. Txostena udaberri aurretik esku artean nahi lukete ibarreko erakundeko ordezkariek, Nafarroako Gobernuak halako proiektuetarako dirulaguntza deialdia egitekoa baita. Gainera, estatuko aurrekontuetan miloi bat euroko partida dago, EH Bilduren emendakin bat onartua izan ondoren. Proiektua gauzatzeko lanak heldu den urtean bertan egitea aurreikusten du Mank-ek. Lanek 1,5 milioi euroko inbertsioa eskatzen dute.

Ibilbide horrek “Sakanaren balioa aitortzeko balioko du”, azaldu du Orozek. Beste egiteko bat ere aurreikusi dio proiektuari: “heldu diren urtetan Sakana egituratuko duen ardatza izanen da bizikleta ibilbide. Gainera, Arabako Lautadarekin eta Plazaolako bide berdearekin lotuko gaitu”. 

Zerbitzuetako inbertsioak
Hondakin Zerbitzuan bederatzi inbertsio egin ditu Mank-ek. Horiek Nafarroako Hondakinen Funtsaren bidez finantzatu dira. Haien artean dago hondakin bilketa zerbitzuan erabiltzeko bigarren eskuko kamioi baten erosketa. Aste honetan bertan hasi da lanean ibilgailu berria. Aurreko bi urtetan beste bi kamioi erosi zituen, eta ibarreko erakundeak kamioi flota berritzen segituko du. Izan ere, 2022ko aurrekontuetan bi kamioi erosteko 190.000 euro aurreikusi dira, bata berria izanen da eta bestea bigarren eskukoa. Erosketa horietarako ere funtsaren laguntza izanen du Mank-ek. Utzubar EKO Guneko konpost plantarako makineria erosteko 146.500 euro daude ere. Eta hondakindegian hobekuntzak egiteko beste 80.000 euro daude. 

Bestalde, Irurtzunen garbigune bat eginen da, Bi Ahizpe kaleko 15-A zenbakiaren parean egonen da, Akaborro industrialdeko berdegunean. Hasiera batean Ziordikoaren moduko zerbait egitea aurreikusi bazen ere, Ziordia eta Altsasuko garbiguneen arteko zerbait eginen du Mank-ek. Horretara, 137.000 euro bideratuko ditu. 

Ur Zerbitzuari dagokionez, aurten Urdalurko ur sarea Satrustegi eta Etxarren artean luzatu du. Eta dagoeneko erabilgarri dago. Eta heldu den urtean bi proiektu sustatuko ditu. Batetik, ura ozonoarekin tratatzeko proiektua. Gaur egun erabiltzen diren aditiboak neurri handi batean ordezkatu nahi dira, uraren kalitatea hobetzeko. Inbertsioa 74.000 eurokoa da eta aditiboetan aurrezten denarekin, inbertsioari buelta berehala emanen dio Mank-ek. Bestetik, Urdalurko uraren tratamendu plantan argindarra sortzeko turbina bat jarriko da. Zehazki, ura plantara sartzen den hodian jarriko dute. Hala, han bertan elektrizitatea sortu eta tratamendu plantaren autokontsumorako izanen da. Energia berdea sortzeaz aparte, argindarrean aurreztuko du ibarreko erakundeak 80.000 euroko inbertsioa eginda. 

Azkenik, ibarreko erakundearen Lakuntzako egoitza berritzeko proiektuaren erredakzioa urte bukaerarako izan nahi lukete Mank-eko arduradunek. Besteak beste, uralitazko teilatua kentzea eta eraikinaren isolamendu termikoa egitea aurreikusita zegoen. Proiektua idatzi ondoren, hura nola egin aztertuko dute. Bestalde, eraikinaren jabeekin hizketan ari dira, balizko lagatzea edo zesioa aztertzeko. Izan ere, Mank-ek Lakuntzako egoitza Irañeta, Uharte Arakil, Arruazu, Lakuntza, Arbizu eta Etxarri Aranazko udalen eta Unanu, Dorrao eta Lizarragako kontzejuena da. 

Igoerarik ez tasetan
Mank-ek erabaki du ez dela tasa igoerarik izanen ez Hondakinen ezta Ur zerbitzuetan ere. Guztia kontuan izanik, Orozek ondorio nagusi bat azpimarratu nahi izan du: “zerbitzu publikoak indartzen ditugu, hobetzen ditugu, eta, gainera, proiektu berriei bide ematen diegu. Hori guztia ekarpen kolektibotik egiten dugu, eta, hori, garrantzitsua baino, ezinbestekoa da.”