Nafarroako suhiltzaileen promozio berria dagoeneko dagokion parkean lanean ari da. 37 kide horietatik bi Altsasuko parkean ari dira lanean. Hango arduradun Pedro Gainzak azaldu duenez, ″oraindik ez dago egutegia zehaztuta, eta zehazki zenbat suhiltzaile izanen garen ez dakigu oraindik. Baina 21 edo 22 artean dago″. Azaldu duenez, ″txanda bakoitzean gutxienez hiru suhiltzailek egon behar dute, eta haietako batek kaboa izan beharko luke. Beraz, gutxienez 21 suhiltzaile egonen dira″. 7 kabo eta 14 suhiltzaile.
Lanpostu horiek lanaldi osokoak dira. Baina Altsasuko parkeko bi suhiltzaile Erreskate Teknikoko Taldean daude eta haien lan egutegiaren erdia Iruñean egiten dute, eta beste erdian Altsasun aritzen dira. Lan jardunaldi murrizketak duenik ere bada. Horrek, jakina, parkeko suhiltzaileen kopuruari eragiten dio. Gainzak azaldu duenez, ″parkean egon beharreko suhiltzaile kopuruaren gutxienekoa bete da. Aurreko urteetan askoz ere egoera okerragoetan egon gara″. Materialari dagokionez, jakinarazi duenez, baso suteetarako zuten punpa zaharraren ordez ″berriago″ bat jaso dute. Eta hiri suteei aurre egiteko kamioi berria heldu den urtean jasoko dute.
Suteak
Nafarroa erdialdean udan izan ziren suteak itzaltzen aritu ziren Altsasuko parkeko suhiltzaileak ere. Gainzak azaldu duenez, klima aldaketari ere erreparatu diote: ″Sakanakoa ez da beste eskualde batzuetako egoera, baina egon dira garaiak ezetz, dena su hartzeko moduan zegoena″. Eta gogoratu du hemen ere suteren bat izan dela.
Ekitaldiaz
Javier Remirez Apestegia lehendakariorde eta Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilariak promozioari diplomak emateko ekitaldian esan zuenez, 37 suhiltzaileek ″larrialdiak kudeatzeko beharreko prestakuntza zehatza eta osoa jaso dute. Funtsezko zutabea da erakundeak herritarrei zerbitzu publikorik onenak emateko gai izan daitezen″. Prestakuntza hori zerbitzuen premietara egokituta urtero berritzen dutela gaineratu zuten gobernutik.
Remirezek gaineratu zuenez, legegintzaldi honetan 135 suhiltzaile plaza berri onartuko dira. Gainzaren arabera, heldu den urterako 52 suhiltzaile gehiago egotea espero dute. Kontseilariak esan zuenez, ″2023rako aurrekontu ahalegin etengabea 37 milioikoa da, 2019an baino % 37 handiagoa″. Eta nabarmendu zuenez, ″gaur egun 470 langile baino gehiago daude, azken 15 urteetako kopururik handiena″.
Bestalde, Remirezek positibotzat jo zuen emakume bat zerbitzura sartu izana, 2004. urtetik ez baitzen horrelakorik gertatzen. Horri esker, gaur egun hiru emakumek osatzen dute Zerbitzua. ″Horrek genero rolak desmuntatzen eta emakume eta neska gehiagok erreferente izan ditzaten laguntzen du. Espero dut hurrengo deialdietan ere emakumezko suhiltzaileen kopurua handitzea, eta, bide batez, gizonezkoak gehiengo diren beste zerbitzu batzuetan ere gauza bera gertatzea, hala nola Foruzaingoan, adierazi du″.