Gimnasia erritmikoa

Txapeldunen urte biribila

Maider Betelu Ganboa 2022ko abe. 13a, 13:00
Iskizakoak Espainiako Txapelketan, pozik. ISKIZA

Iskiza Sakana lehiaketa taldekoak Nafarroako txapeldunak dira eta Espainiako Txapelketan lan ederra eginez itxi dute denboraldia. Iskizako gainontzeko taldeekin batera Gabonetako erakustaldia prestatzen ari dira, ilusio handiz

Iskiza Sakana Gimnasia Erritmikoko lehiaketa taldeak denboraldi ederra itxi berri du. Urriaren 1ean Nafarroako Txapelketa irabazi eta gero, azaroaren 18an Jerez de la Fronteran jokatutako Espainiako Gimnasia Erritmikoko Oinarrizko Txapelketan lan bikaina egin zuen, junior mailan 132 talderen artean 56. sailkatu baitzen. "Espainiako talde onenak zeudela kontuan hartuta, hori lan oso ona da" Olaia Agirre Iskizako koordinatzailearen hitzetan. 

Ane Iturrioz, Amaia Marin, Beatriz de Sousa, Irune Etxaniz, Nagore Erdozia eta Naroa Diaz gimnastek osatzen dute Iskizako lehiaketa taldea. Olaia Agirre da entrenatzailea, eta oso pozik dago taldeak egindako lanarekin, "aurtengoa ez dela oso denboraldi erraza izan" kontuan hartuta. "Olinpiar Jokoen ondoren Nazioarteko Gimnasia Erritmikoko Federazioak gimnasia erritmikoko ariketen araudia aldatu egiten du. Araudi berrira ohitzea zaila da, baina aurten gogorragoa izan da astero iristen zelako arau berriren bat, azalpenen bat, eta, ondorioz, etengabe genuelako zerbait aldatzeko. Pentsa, Espainiako Txapelketa baino aste bat lehenago beste arau bat atera zen, eta ariketa zertxobait moldatu behar izan genuen. Izugarria izan da. Horregatik taldeak lortutakoak merezimendu handiagoa du" azaldu du Agirrek. 

Arau berriekin bueltaka
Gimnasiako ariketa bat ongi erakusteko gimnasten arteko sinkronizazioa ezinbestekoa da, eta horren atzean lan izugarria dago. "Horretarako behin eta berriz errepikatu behar dira ariketak. Behin eta berriz. Lan horretan ari zarela esaten badizute araudi berrian ezin dela mugimendu konkretu bat egin eta zuk mugimendu hori jasota bazenuen, pentsa alferrik galdutako lana eta denbora. Eromena izan da, baina buelta eman diogu" gaineratu du. 

Denboraldia irailaren azken asteburuan hasi zuen Iskizako lehiaketa taldeak, Gasteizen. Federazioak urtero zehazten du zein aparaturekin prestatu behar dituzten ariketa eta koreografiak, eta aurten uztaiak eta mazak ziren aparatuak. "Guk bi uztai eta hiru maza pare erabili ditugu koreografiak egiteko". Urriaren 1ean Nafarroako Txapelketa irabazi zuten, Mendillorrin, "bigarren urtez, esango nuke", eta ondotik Naxera, Gernika, Elburgo eta Utebo (Zaragoza) herrietako txapelketetan aritu ziren. "Utebokoa oso txapelketa polita izan zen. 26 talde lehiatu ziren, eta seigarrenak sailkatu ziren". Azaroaren 18an Espainiako Txapelketaren txanda izan zen –132 talderen artean 56. sailkatu ziren–, eta aurreko asteburuan Nafarroako Foru Komunitate Sarian parte hartu zuten, Anaitasunan. "Oso pozik gaude, egia esan. Nafarroako txapeldunak izan dira, Espainiakoan oso ongi aritu dira eta gainontzeko txapelketatan ere maila ona eman dute" berretsi du Agirrek. Taldearen lorpena Olaia Agirreren meritua bada; gimnastek eta entrenatzaileak tandem bikaina osatzen dute. 

Gabonetako erakustaldiaren ondoren 2023 denboraldia prestatzen hasiko dira. "2023an pilotarekin eta zintarekin izango dira ariketak, federazioak hala erabakita. Zinta zailena da, teknika konplexuena duelako. Zintak ezin du inoiz lurra ukitu, besteak beste. Orain, zerotik hasiko gara: 2023ko ariketetako musika aukeratu, zinta eta pilota araudi berriarekin borrokatu, koreografiak prestatu... baina taldeak ilusioa du. Jereztik poz-pozik etorri ziren, hurrengo denboraldirako motibatuta, eta horrela lan egitea polita da guretako" aitortu du Agirrek. 

Gabonetako erakustaldia
Abenduaren 17an izango da Iskizako Gabonetako erakustaldia, Zelandin. Lehiaketa taldeaz gain, eskolako taldeak eta Nafarroako Kirol Jolasetako taldeak ariko dira. Guztira 60 gimnasta inguru dira, eta erakustaldia prestatzen buru-belarri dabiltza. Olaia Agirrerekin batera Maria Remolina, Irati Begiristain, Olaia Granizo eta Ainhoa Imaz dira monitoreak. Horretaz gain, aurten sortu den Arbizuko gimnasia erritmikoko taldeak parte hartuko du erakustaldian. "Arbizuko taldea Iskizarekin lotuta dago. Monitorea Iskizako Ainhoa Imaz da, eta gure erakustaldietan parte hartuko dute. 19 gaztetxok eman dute izena Arbizun, harrera ona izan du taldeak" dio Agirrek.

Sakandar guztiak gonbidatu ditu erakustaldira. "Oso polita izango da. Gimnasia erritmikoko talde asko egongo dira, dantza eta koreografia ezberdin asko, musika ezberdinekin, eta aparatu guztiak ikusi ahalko dira. Sakanan ere gimnasia erritmikoaz gozatzeko aukera dago, eta etxeko gimnastekin, gainera. Ongi etorriak zarete" egin du gonbita.