Amandrea plazako lanak hasi dira

Guaixe 2022ko abe. 12a, 09:00

Amandrea plaza ekialdetik.

Zorua berritu eta plaza itxuraldatzearekin batera eta beheko garajeko sabaia konponduko da.

Duela bi aste hasi ziren Amandrea plazan Construcciones Lacunza SM enpresako kisusgileak lanean. Lanen helburua da plaza guztiz eraberritzea, gaur egun zoruko porlana oso hondatuta baitago. Horrekin batera, garajeetan dauden ur sartzeak eragozteko garajeen estalkia iragazgaitz bihurtzeko lanak eginen dira. Lan horiek egin ahal izateko Altsasuko Udalak eta plazako garajeetako jabekideen komunitateak hitzarmena sinatu zuten. Horren ondorioz alde bakoitzak lanen zati bat ordainduko du. Haien aurrekontua 388.397,29 eurokoa (BEZ kanpo) da.

Uhaldera eta Kaltzada kaleen arteko orubea hesituta agertu zen aste hasieran. Inguruko auzokide askok uste izan zuten Nasuvinsa enpresa publikoak itxi zuela eremua. Izan ere, han hiru alturako eta alokairurako izanen den etxebizitza blokea eraikitzekoa da. Altsasuko Udalak argitu zuenez, Amandrea plazako lanak egiten diren bitartean eraikuntzarako materialak bertan gorde eta pilatuko ditu enpresak.