Berdintasun planaren ebaluazioa egiten ari dira

Guaixe 2023ko urt. 18a, 13:02

Herritarren ebaluazio saioan sortutako lantaldeetako bat. ALTSASUKO UDALA

Altsasuko hainbat teknikari, talde, herritar eta udal hautetsien iritziak jasoko dira. Ebaluazio txostena publiko eginen dute otsailaren 1ean, Gure Etxea eraikinean. Ondorioak III. Altsasuko emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunerako planerako baliagarriak izanen dira.

Altsasuko Udalaren Emakumearen eta Berdintasun Batzordeak 2016-2019 aldirako emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunerako plana egin zuen, herriko II. Berdintasun Plana. Indarraldia despeditzean udala bera jabetu zen planean jasotako hainbat jarduera ez zirela egin. Hausnarketa baten ondoren, planaren indarraldia 2023ra arte luzatzea erabaki zuen. Epea despedituta, Altsasuko Udala plana ebaluatzen hasi da, non edo zertan asmatu den jakin eta non ez den asmatu jakiteko. Jasotako ondorioak III. Altsasuko Berdintasun Planaren oinarrietako batzuk izanen dira. 

Bigarren planaren ebaluazio prozesua irailean abiarazi zuen Altsasuko Udalak. Hura dinamizatzeaz Elhuyar aholkularitza enpresa arduratzen ari da. Lan dokumentuak aztertzeaz aparte, Idoia Goikoetxea Gomez teknikaria sakon elkarrizketatu zuten. Ondoren, mugimendu feministako kideekin elkartu ziren. Altsasuarrak lan saio ireki batera gonbidatu zituzten asteartean. Hartan planaren indarguneak, gabeziak eta landu beharrekoak aztertu ziren. 

Udaleko teknikariak ere planaren ebaluazioan parte hartuko dute lan saio batean. Haien arloetan genero ikuspegia nola txertatzen den eta zein behar dituzten aztertuko dute. Gainera, udalekoak ez diren baina harekin harremana duten hainbat teknikarik ere beraien ekarpenak eginen dituzte (Oinarrizko Gizarte Zerbiztuak, Musika Eskola, Sakanako Mankomunitatekoak...). Prozesua otsailaren 1ean despedituko dute ebaluazio txostenaren aurkezpenarekin. Goizean teknikariek eta udal ordezkariek aztertuko dute. Eta arratsaldean, altsasuarrei aurkeztuko zaie ebaluazio txostena ekitaldi publiko batean. 

Lekuko aldaketa 
Altsasuko Udalak Berdintasun Zerbitzua 1992an sortu zenetik lastailaren 19ra arte Idoia Goikoetxea Gomez izan zen udal berdintasun teknikaria. Erretiroa hartuta, Altsasuko Udalak hura ordezkatzeko oposizioa deitu zuen, eta hautaketa probak gaindituta, Aizaga Zeberio Petriati da berdintasun teknikari berria azaroaren 21z geroztik.