Santa Ageda egunean, otsailaren 5ean, igandean, kinto altsasuarrak goizean goiz gosaltzera elkartuko dira. 06:30ean jarri dute hitzordua. Ondoren, eskeari ekinen diote eta 09:00ak aldera alkatearen eskutik aginte makila hartuko dute kinto buruzagiek udaletxearen atarian. Momentu horretan, txistulariak lagun, opilak jasotzen hasiko dira. Kinto bakoitzak bana salduko du eta opila erosten dutenei dantza saioa eskainiko diete. Aurten Santa Ageda eguna igandea denez eta "jende gutxiago" egonen dela aurreikusten dutenez, otsailaren 6an, astelehenean, eskean ariko dira kintoak ere ikastetxetara eta lantegitara bidean. Opilak saltzen eta eskean lortzen dutenarekin 56 gazteren bost eguneko ospakizunak ordaindu behar dute.
Zortzikoak
Igandean eskean aritu ondoren eta bazkaltzera kinto guztiak bildu ondoren, 18:30ak aldera Nahia Imaz kintoen buruzagiak lehenengo zortzikoa dantzatuko du Foru plazan eta horrela eginen dute kinto guztiek, banan-banan, otsailaren 6an, 9an, 10ean eta 11n (astelehena, osteguna, ostirala eta larunbata). Egunero zortzi bat kintok dantzatuko dute, eta larunbatean beranduago hasiko dira. Igandean ere 25. urteurrena ospatzen duten kintoek eta 60 urte betetzen dituztenek dantzatuko dute plazan.
Ospakizun egunetan luze egoteko Arakangoa, Haritza, Gautxori eta Xume tabernak hartu dituzte.
Zortzikoa, jota eta porrusalda dantzatzera astegunetan 21:00etan Burunda frontoian elkartu dira Altsasuko kintoak. Aitziber Etxaiz Soria, Edurne Gonzalez Somocurcio eta Nerea Mazkiaran Lopez de Muniain dantza irakasleak izan dira.