Hemen dira Altsasuko ihoteak

Guaixe 2023ko ots. 13a, 09:40

Momotxorroa 2022ko Altsasuko inauterietan. ARTXIBOA

Otsailaren 14an, asteartea, Altsasuko inauterien inguruko erakusketa mustuko dute eta harekin inauteriei ongi etorria emanen diote. Otsailaren 19an, igandea, haurren eguna izanen da; otsailaren 21ean, asteartea, herri inauteriak, eta otsailaren 25ean, larunbata, hiri inauteriak.

Otsailaren 14tik 26ra Altsasuko inauterietako erakusketa ikusgai egonen da Iortia kultur guneko erakusketa gelan, eta otsailaren 14an, asteartea, 17:30ean, erakusketaren mustutze ofiziala eginen dute ihoteetako pertsonaiek, Baratzeko Biden, inauteriei hasiera emanez. Erakusketan Altsasuko ikastetxetako ikasleek egindako inauterien inguruko lanak eta Iris Ramos Álvares herriko inauterietan oinarritutako Sustraiak bilduma ikusteko aukera izanen da.

Otsailaren 18an, larunbata, 18:00etan, Altsasuko inauterietako emanaldia izanen da Intxostiapunta gazte gunean, gazte agendaren barruan. Momotxorroak, maskaritak, juantranposoak, sorginak eta akerra, golda eta abar egonen dira. Ondoren, txokolatada izanen da. 

Otsailaren 19an, igandea, inauteri txikiak edo haurren inauteri eguna izanen da eta egun honetan haurrak ipuinetako pertsonaiak, superheroiak, animaliak eta abar bihurtuko dira. 

Altsasuko ihoteetako egun handia otsailaren 21ean, asteartean, izanen da, herri ihoteekin. Adarraren adarrak momotxorroak, maskaritak, sorginak, akerra, junatranposo, zakuak eta bestelako herri giroko mozorroak biltzera deituko ditu. Goizean puska biltzea eginen dute eta, ondoren, herri bazkarian bilduko dira. Altsasuko Inauteri Batzordeak antolatzen zuen bazkaria, baina aurten herriko kolektiboei eta elkarteei antolatzeko eskaera egin eta Altsasuko GKSk antolatu du babarrunada, batzordearen laguntzarekin. Otsailaren 19an, igandea, izanen da txartelak erosteko azken eguna, 12 eurotan. Lezea, Arkangoa, Xume edo Txalaparta tabernetan edo Iortia kultur gunean eros daitezke eta antolakuntzatik jakinarazi dutenez, begetarianoa edo janariren bati intolenrantzia izanez gero tiketa erostean abisatu behar da.

Bazkariaren ondoren ihote segizioa Zumalakarregi plazara joanen da ihote txikiak ospatzeko. Kalejira Foru plazaraino joanen dira eta Momonsuzkoa atera ondoren, momotxorro bihurtutako zezensuzkoa, Zelandirako bidea hartuko du segizioak. Bertan, odolaren errituala eginen dute. Ondoren, mozorroturik gabekoak Zelanditik atera beharko dira. Denak prest, ihote segizioa Zelandiko atean bilduko da ibilbideari hasiera emateko. Ibilbidean zehar geraldiak eginen dituzte momotxorroen dantza egiteko, eta Zumalakarregi plazan Akelarrea izanen da. 

Ibilbidea Foru plazan amaituko da eta Momotxorroen dantza egin ondoren ezkil errepikarekin mozorroa kenduko dute herri ihoteei amaiera emanez.

Altsasuko inauterietako batzordeak eta Altsasuko Udalak jakinarazi dutenez, ihoteetan parte hartzea borondatezkoa da eta arretaz jokatzea eta segurtasun tartea gordetzea gomendatzen dute. Ez dira udalaren ez eta Inauterietako batzordearen ardura izango pertsonengan edota materialetan sortutako kalte edota erredurak. Zelai, Alzania eta Bakea kaleetan ezingo dira kotxeak aparkatu.

Altsasuko inauteriek oraindik ospakizun egun bat izanen dute: otsailaren 25ean, larunbata, Piñata edo hiri inauteriak izanen dira. Egun honetan irudimena da muga eta kuadrillak mozorro originalaren bila ibiltzen dira. Karrozak egiten dituztenak daude ere. Altsasuko ihoteetara joateko Jaibus zerbitzua izanen da.

Altsasuko inauterietako egitaraua

Otsailaren 14tik 26ra

  • Inauteriri buruzko erakusketa, Iortia kultur gunean.

Otsailak 14 asteartea

  • Inauteriei buruzko erakusketaren mustutzea, Baratzeko Biden.

Otsailak 18 larunbata

  • 12:30 Altsasuko Musika eta Dantza Eskolako fanfarrearen inauterietako kalejira.
  • 18:00 Altsasuko ihoteen emanaldia eta txokolate jana, Intxostiapunta gazte gunea.

Otsailak 19 igandea
Inauteri txikia

  • 11:30 Kalejira Altsasuko erraldoiekin eta Altsasuko eta Etxarri Aranazko gaiteroekin, Intxostiapunta gazte gunetik.
  • 17:30-19:30 Haurren maskarada: Txokolate jana eta Xaboir taldearekin mozorro dantza. Bukaeran, zezensuzkoa, Foru plazan (eguraldi txarrarekin Burunda frontoian).

Otsailak 21 asteartea
Herri inauteriak

  • 12:30 Puska biltzea, Ferialekun eta Alde Zaharrean.
  • 14:·0 Herri bazkaria, Burunda pilotalekuan.
  • 16:30 Inauteri txikiaren kontzentrazioa eta txokolate jana, Zumalakarregi plazan.
  • 17:00 Inauteri txikiaren irteera Txorongo Txarangarekin eta Altsasuko Gaiteroekin, Zumalakarregi plazatik.
  • 18:00 Inauteri txikia Foru plazara iritsi. Ondoren, Momonsuzkoa, Foru plazan.
  • 18:30 Kalejira, Foru plazatik Zelandira.
    Torraden dastaketa, Gure Etxean.
  • 18:45 Inauteriaren kontzentrazioa eta odolaren errituala, Zelandin.
  • 19:00-22:00 Cafe Irlandés taldearen dantzaldia, Foru plazan.
  • 19:30 Inauteri segizioaren irteera, Txorongo Txaranga, Zangitu fanfarrea, Altsasuko Txistulari eta Gaiteroak eta Txapiru Trikitixa Eskolarekin, Zelanditik.
  • 20:00 Dantzarima Dantza Konpainiaren Akelarrea, Zumalakarregi plazan.
  • 21:00 Inauteri segizioaren iristea Foru plazara: ezkil errepika, dantza eta mozorro kentzea.
  • 23:00 DJ Jotatxo, Haritza taberna.

Otsailak 25 larunbata
Piñata inauteriak

  • 11:00 Haize Berriak bandaren kalejira.
  • 18:00 Txorongo Txarangaren kalejira.
  • 20:00-22:00 / 24:00-03:00 Nueva Etapa Orkestraren 50. urteurren dantzaldia, Foru plazan.
Erlazionatuak

Berrogei aldiz momotxorro

Erkuden Ruiz Barroso 2022 mar 01 Altsasu