Omenaldia Polloeko mausoleo frankistan lurperatutako gudari errepublikarrei

Guaixe 2023ko mar. 23a, 08:41

Senideak lore eskaintza egiten Polloeko hilerrian. UTZITAKOA

Identifikatutako 17 milizianoen izenak dituen plaka batek gogorarazten ditu. Aranzadi zientzia elkarteak antolatutako jardunaldian parte hartu zuen Izaskun Etxeberria Zufiaurrek.

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailak, Donostiako Udalak eta Polloe hilerriko mausoleo frankistan lurperatutako errepublikanoen senideek ekitaldia antolatu zuten Donostiako Polloe hilerrian hilaren 13an. Aranzadi zientzia elkartearen ikerketa baten ondorioz jakin zen mausoleo frankistaren barruan errepublikaren aldeko hamazazpi borrokalari lur emanak zeudela, tartean Eloy Zufiaurre Garcia altsasuarra dago.  

Ekitaldiko antolatzaileek adostu zuten tokiaren esanahia gaurkotzea eta mausoleo horretan lurperatutako borrokalari errepublikarren oroimena duintzea; mausoleo hori matxinatuen gorpuzkiak gordetzeko eta ohoratzeko eraiki baitzen. Ondorioz, mausoleoaren ondoan jarritako plaka batek, bertan lurperatutako 17 milizianoren izenekin, gogorarazten ditu eta Iñigo Arregi eskultorearen Duintasuna eskulturaren erreplikak osatzen du memoriarako konposizioa. 

Jardunaldia 
Miramar jauregiak Donostiako Memoria Historikoari buruzko jardunaldia hartu zuen hilaren 17an. Aranzadi zientzia elkarteak Donostiako Udalarekin lankidentzan, azken bost urteetan Donostian memoria historikoari buruz egin dituen lanak azaldu eta balioan jarri zituen. Jardunaldiak atal akademikoa izan zen. Hura osatzeko diktadura frankistak Donostiako errepresaliatutako pertsonen hiru belaunaldietako senideek parte hartu zuten mahai-ingurua izan zen. Javier Bucesek bizikidetzako eta giza eskubideen sustapeneko prozesuetan adituak koordinatutako mahai-inguruan Izaskun Etxeberria Zufiaurre altsasuarrak parte hartu zuen.  

Etxeberriaren bi arbaso izan ziren errepresaliatuak 1936an: Eloy eta Isidro Zufiaurre anaiak. Haien istorioan oinarrituta, Esaten ez den guztian liburua idatzi zuen Etxeberriak berak. Liburua idatzi zuenean, ez zekiten non zeuden bi senideak, baina liburuaren aurkezpenarekin bat eginez, jakin zuten Eloy Polloeko mausoleoko hamazazpi milizianoetako bat dela. Aldiz, oraindik ez dakite non dagoen Isidro. Azaldu zuenez, "sentimendu oso sakon bat, oso humanoa", izan zuen hamazazpigarren milizianoa Eloy Zufiaurre zela irakurri zuenean: "Nik hori sentitu banuen, hirugarren belaunaldikoa izanda, zer sentituko du senide zuzena den norbaitek", nabarmendu zuen.

Etxe askotan gertatu zen moduan, Etxeberriak azaldu zuen bere etxean gerran gertatutakoari buruzko "isiltasuna" izan zela nagusi: "ez ziguten gertatutakoa kontatu beldurrarengatik, eta bigarren belaunaldia ez zen gai izan egia bilatzeko, beldurrarengatik ere bai. Beldurra arma izugarria da. Aldiz, nik beti jakin nahi izan dut zer gertatu zen, eta, pixkanaka, gurasoen isiluneekin, iruzkinekin eta eskura uzten zizkidaten liburuekin, gertatutakoa ezagutzen joan nintzen". Gaineratu zuenez, "ondo zekiten herrian bakoitzak zer egin zuen".