Orri, mihise edo kartoi txuri bat hartu eta sormenaren bidez, ideien bidez, zerbait ukitzailea sortu. Artelan bat sortu. Hori da artearen magia Koldo Arnanz Zufiarre artista altsasuarrak azaldu duenez, "eta lan hori zurea da, gogobetetze hori hor dago ere". Hiru hamarkada pasa dira arte tailerraren lehenengo erakusketa egin zuenetik, eta urte hauetan arte ikasleek sortu dituzten lanekin erakusketa "berezia" mustu zuen atzo, apirilaren 20, Iortia kultur gunean: Koldo Arnanz tailerra: 30 urtez artearen magiapean erakusketan. Erakusketa maiatzaren 21era arte ikusgai izanen da erakusketa aretoan.
Delineatzaile ikasketak, Iruñeko ogibide eskolan arte eta dekorazioa eta Leioan Arte Ederrak ikasketak egin ondoren, Arnanz Altsasuko Iñigo Aritza ikastolan plastika ikasgaia ematen hasi zen. Hamaika urtez aritu zen ikastolan irakasle: "buruari bueltak ematen hasi nintzen irakaskuntza ofiziala den bezalakoa delako eta nahiko mugatuta nengoen nik eman nahi nuenerako". Ikasle talde handiak ziren eta denetarik zegoen arren, plastika gustatzen zitzaienak eta gustatzen ez zitzaienak, artistak asko prestatzen zituen klaseak, baina emaitza "txikiagoa" zen.
1992an arte tailerra irekitzea erabaki zuen. "Lokal bat nuen eta akademia jartzeko baliatu nuen". Ikasleek egindako lanen lehenengo erakusketa akademia sortu eta urtera egin zuen, 1993an. "Oso gustura egon naiz. Oso baikorra izan da niretako eta suposatzen dut jendearendako ere izan dela". Urtez urte, "ia konturatu gabe", 30 urte pasa dira. "Oso pozik nago egindako lanarekin". Dena dela, efemeridea ez da agur bat, "ez naiz jubilatzen. Jendeak galdetzen dit ea jubilatuko naizen eta egia esan ez dut planteatu ere egin. Agian lau urtetan beste gauza bat esango nuke, baina orain ez".
"Erakusketa berezia da, helduen taldetan 30 urteetan sortutako lanak daude"
Arte tailerraren lehenengo erakusketaren 30. urteurrenerako erakusketa "desberdina" antolatu du Arnanzek. Urtero maiatza edo ekainean ikasturtean zehar egindako ikasle bakoitzaren "hiru edo lau" lanen erakusketa egiten du arte tailerrak, baina aurten hiru hamarkadetan "helduek" sortutako artelanen erakusketa egin du, baita haur eta gaztetxoek egindako lanen erakusketa ere.
Artelanak
"Ezinezkoa" da arte tailerretik pasa diren artisten zerrenda egitea. "Helduen taldeetatik 130 bat pertsona pasatu dira, baina gazteena ezin izan dut egin talde asko izanen direlako". "Politena" guztien lanen erakusketa egin izana izango zela aipatu du Arnanzek, "baina ezinezkoa litzateke". Hortaz, helduek arte tailerrean egindako lanetatik bat aukeratu zezaten proposatu zien, "gehien gustatzen zitzaiena edo edozergatik interesa pizten ziena". Guztira, mota, estilo eta teknika guztietako ia 90 koadro erakusgai daude.
Artelanak erakustea "pozgarria" da arte ikasleendako, gehien bat helduendako. "Gaztetxoek agian ez diote horrenbeste garrantzia ematen, baina helduak oso baloratuak sentitzen dira, bere lana Iortian ikusten delako eta edozeinek ikusi dezakeelako".
"Arte tailerrean badira 22 edo 23 urteko gazteak sei urterekin hasi zirela"
Koldo Arnanz arte tailerrak ikasle "fidelak" ditu: "Badira sei urterekin hasi ziren gaztetxoak, eta 22 edo 23 urterekin oraindik etortzen jarraitzen dutenak". Helduen artean ere beteranoak daude, badira tailerrean hogei edo hogeita bi urte daramatzatenak. Marrazketa artistikoa eta pintura ez ezik, "kasu espezifikoendako" ere marrazketa tekniko klaseak ematen ditu Arnanzek.
"Nik eman ahal izan dudan guztia eman diet, eta haiek niri asko irakatsi didate ere. Elkarrekiko irakaspena izan da. Irakaskuntzaren onena da: zuk ematen duzu eta haiek ematen dizute". Ikastolan izandako esperientziarekin ere "asko" ikasi zuela esan du Arnanzek, "eta hau beste esperientzia bat izan da". Mendira margotzera joan dira eta, bereziki, sormena landu du gaztetxoekin.
Sormena
Gazteak "kreatiboagoak" direla esan du artistak: "Proposamenak ematen dizkiezu eta ideia zaparrada bat dute. Ausartagoak dira eta ez dute beldurrik". Sormena "hor dagoen" zerbait da "eta txikitatik lantzen baduzu garatzen joaten da". Arte tailerretik pasa diren hamabi bat artistek arte ederrak ikasi dute, eta diseinu grafikoa eta antzeko ikasketak egin dituztenak edo egiten ari direnak ere daude. "Haien lanak ikusten ditut eta harrituta gelditzen naiz, oso onak dira. Pentsatu nahi dut zerbait emango niela. Bakoitzak bere sormena badu, baina zerbait eragingo nuen ere". Margotzea eta marraztea gustatzen zaionarendako eta disfrutatzen duenarendako artearen mundua "zabala eta handia" dela dio Arnanzek.
Helduen artean ahalmen handia duten artistak daude. "Ikusi dut eta konturatu naiz badela jendea bere garaian, gaztetan, akademia batera edo arte ikasketak egiteko aukera izango balu, artista oso onak izango litzatekeela". Baina beste garai batzuk ziren, arte ederrak ikasteko aukera gutxi zeuden, eta ikasketak ere ez zituen edozeinek egiten, "are gutxiago arte ederrak".
Klaseak arratsaldetan ematen ditu Arnanzek; haur eta gazteek, 17 urtera arte gutxi gorabehera, astean behin edo bitan ordu bateko saioak egiten dituzte eta helduen kasuan bi orduko saioetan, astean egun bat edo bi. Talde bakoitzean hamar bat pertsona egoten ziren, baina azken aldian talde txikiagoak egiten hasi da, "lasaiago egoteko".
"Gazteei haien sormena ateratzeko eta lantzeko lan asko proposatzen diet"
Ikasturtearen hasieran ikasturtean zehar jarraitzeko programazioak prestatzen ditu eta horien bidez teknika, estilo eta material desberdinak ezagutu eta erabiltzen ikasten dute gazteek, sormena ere lantzen dute. "Haien sormena ateratzeko lan asko proposatzen dizkiet, haien barruan dutena ateratzeko". Esaterako, aurten Gernika landu dute eta ikasturtean zehar ikasten joan diren teknikak haien lanetan integratzen joan dira eta norberaren lanak sortu dituzte. "Baina ezin izan dute Picassoren koadroaren kolore tetrikoa edo iluna erabili. Interesatzen zitzaien zatiak haien konposizio propio bat bihurtu behar zuten, kolorearekin jolastuz". Proposamen asko atera dira, "oso gauza interesgarriak". Arnanzek norberak behar duen tartea uzten die lanak egiteko, "ez diet entrega data bat jartzen", eta bakoitzak behar duen sortze prozesua garatzen du. "Batzuek bozetoak egiten dituzte, beste batzuek ez...".
Helduen taldetan marrazketarekin hasten da. "Saiatzen naiz marrazketan ahal duten guztia ikasten. Hor bai mugatzen naizela bakoitzaren gogoen eta interesen arabera modu ludikoan etortzen direlako". Batzuk marrazketa teknikak ikasten hasten dira, "eta bi edo hiru urtez egon daitezke", grafito, ikatz-ziri, pastelak eta abar eta gero "kolorean sartzen" dira. Beste batzuk, aldiz, margotzeko helburuarekin joaten dira eta zuzenean margotzen hasten dira, "baina marrazketa pixka bat lantzeko esaten diet, proportzioen, perspektiba eta horrelakoen ikuspuntua har dezaten"
Helduak margotzen hasten direnean olioa da gehien erabiltzen dutena. "Normalean olioan egin nahi dute baina beste teknika batzuk ezagutzen dituztenean, akrilikoa, esaterako, garbiagoa eta azkarragoa dela, aldatzen dira". Orokorrean, zenbait teknika lantzen dituzte. "Adierazteko abanikoa hain anitza da bakoitza erosoen sentitzen denarekin aritzen dela". Normalean beste irudi batean begiratuta margotzen dute, eta Arnanzek argazkiak aukeratzea gomendatzen die. "Hasieran modeloa marrazten dute, eta gero pixkanaka eta kolorearen magia ezagutuz joaten direnean eta nahasketak egiten hasten direnean, egindakoaren gainean koloreak lantzen hasten dira eta ez dute kopia zehatza egiten".
Koldo Arnanz arte tailerrera Sakana osotik jendea doa, baita Arabako Lautadatik ere, Asparrenetik eta Aguraindik doa jendea. Gaztetxoen artean ez da nabaria, baina helduen taldeetan emakumezko gehiago daude gizonezkoak baina, "bederatzi emakumetik gizon bat izango da gutxi gorabehera". Gizonak pixkanaka geroz eta gehiago direla dio artistak.
"Sortzen duzun lana ukitu daiteke eta zurea da, asebetetzen zaitu"
"Batzuetan margotu bitartean festa handiak egiten ditugu; urtebetetzeak direnean eta abar oso ongi pasatzen dugu tailerrean". Autoestimuan lagundu dezake arteak ere. "Obra lantzen ari zaren bitartean momentu lasaiak dira eta behin amaituta ikusten duzunean asebetetzen zaitu".
Artista
Arnanzek klaseak arratsaldez izatea planteatu zuen goizak "libre" izateko. "Noizbait eskatu izan didate goizez klaseak ematea, baina nire sortzeko dinamika aldatuko zidan". Goizetan bere sortzeko tailerrera joaten da, klaseetatik deskonekatzen du, "hori ere ona dela", eta bere lanak eta pinturak sortzen ditu. Obra horiekin erakusketak egiten ditu.
Serieak lantzen ditu Arnanzek eta azkena Keinu bat iragan industrialari izan zen. "Txikitatik lantegi zaharrekiko interesa izan dut, liluratuta gelditzen nintzen". Esperientzia horretatik sortu zuen ondare industrialaren inguruan egindako obrak. Teknika mistoa da eta espresionismoa eta errealismoa nahastu ditu. Aurretik Castillo Suarezen poesiarekin eta Juan Miguel Arzelusen musikarekin batera Mugarri Estaliak proiektuan parte hartu zuen, idazle altsasuarraren poesiei irudiak jarriz.
"Momentu honetan ikertzen ari naiz, gauzekin apurtzen eta transformatzen". Bere esperientziak hartu ditu prozesu berrian sartzeko, eta bere beste zaletasun batekin uztartzen ari da sortze prozesua: mendizaletasuna.