Udal kontuak ongi, eta superabitarekin

Guaixe 2023ko mai. 16a, 10:00
Altsasuko udaletxea. ARTXIBOA

Joan den urteko diru kontuak itxita, Altsasuko Udalak 953.439,11 euroko superabita izan zuen.

Altsasuko Udaleko Ogasun Sailak udalaren joan den urteko kontuak itxi ditu. Kontulariek jakinarazi dutenez, udalak 953.439,11 euroko superabita izan zuen 2022an. Bestetik, udalak gastu orokorretarako duen diruzaintzako gerakina 3.503.902,69 eurokoa da. Javier Ollo Martinez alkatea datu horiekin "pozik" dago: "Altsasuko Udalak ez du diru sarrera handirik. Udalak bere ohiko aurrekontuarekin eskaintzen dituen zerbitzuei eusten die eta, aldi berean, diruzaintzako gerakinarekin guztiz edo zati batean finantzatutako lanak egiteko aukera du. Hori kudeaketa arduratsu eta zentzudunak egiten du posible". Aldi berean, Ogasun Saileko langileendako esker ona adierazi du. 

Behin 2022ko kontuak itxita, alkateak gogorarazi du, dagoeneko diruzaintzako gerakinetik 632.378,88 euro aurten eginen diren hainbat lanetara bideratuta daudela. Ollok aurreratu duenez, hurrengo bilkuran udalak bi inbertsiori oniritzia emanen dio. Batetik, futbol zelaiko belarra eta argiteria berritzea eta futbol zelai zaharrean futbol 7ko zelai berria eraikitzea. Bestetik, herritik Dantzalekuraino doan ur hornidura sarea berritzea. 

Egindakoak
Altsasuko Udalak joan zen urtean 2.029.756,5 euroko balioa zuten inbertsioak egin zituen. Ollok nabarmendu duenez, "joan zen urtean egindako inbertsio gehienak diruzaintzako gerakinarekin finantzatu ziren. Zenbaitetan, dirulaguntzak aurrekontuaren zatia estali zuen. Aparteko kasua da aurki despedituko diren Amandrea plazako lanak, udalak bertako aldamenekin batera finantzatu duena". Egindakoen zerrendan ageri diren lanetako batzuk dira: argiteria publikoa berritzeko lanen bigarren fasea, eskola publikoaren elektrizitate azpiegituraren berrikuntza, hainbat kaletan egindako hobekuntza lanak edota jubilatu elkartean egindako estalpea. 

Joan den urtean hasi eta aurten despedituko diren lanen artean daude, besteak beste, kultur gunearen pareko zabalguneko estalpea, 2021eko uholdeek baso eta abeltzaintza azpiegituretan eragindako kalteen konponketa, hainbat basolan edo heldu den urtean indarrean sartzean aurreikusten den Balorazio Ponentziaren berrazterketa. 

Alkateak, bestetik, igerileku estaliak zabalik mantentzeko udalak joan den urtean egindako ahalegina nabarmendu nahi izan du: "otsailetik gasaren prezioa izugarri hazi zen. Horri gehitu behar zaio pandemia aurreko erabiltzaile kopurua ez duela berreskuratu. Arrazoi horiengatik Altsasu Atabo SM enpresa publikoari udalak bere ekarpena handitu behar izan zion. 166.137,12 eurotik 386.137,12 euro izatera pasa zen ekarpena".