Taekwondoa

Espainiako Txapelketetatik brontzea iritsi da Sakanara

Maider Betelu Ganboa 2023ko eka. 6a, 13:00
Espainiako Txapelketan Nafarroako selekzioarekin aritu ziren Bargagaingo taekwondistak, Gerardo Montero irakaslearekin. BARGAGAIN

Irati Irigoienek brontzezko domina lortu zuen 21 urtez azpikoen txapelketan eta Leire Etxanizek brontzea ekarri zuen Eindhovenetik. Estatu eta nazioarte mailako openetan parte hartu ahal izateko instituzioei babes gehiago eskatu die Bargagain klubak

Maiatzaren 20an eta 21ean Espainiako 21 urtez azpiko eta kadete mailako Taekwondo Txapelketak jokatu ziren Cartagenan (Murtzia). Nafarroako selekzioarekin 13 taekwondistak hartu zuten parte, horietatik 8 Bargagain klubekoak. 21 urtez azpiko Txapelketan Irati Irigoienek brontzea lortu zuen bere mailan, eta Erkuden Moreno eta Mohamed Essobai final laurdenetarako sailkatu ziren. “Maila oso altua da, eta hirurak oso ongi aritu ziren” azaldu du Monterok. Kadeteetan Zoe Lanz final laurdenetarako sailkatu zen, Joseba San Miguelek borroka bat irabazi zuen eta final final zortzirenetara iritsi zen, eta baita Hamsa Essobai ere. Zoe Lanzek eta Hugo Rodriguezek ez zuten lehen erronda gainditu. “Gazteak dira eta esperientzia hartzea zen helburua. Hemen beti epe luzeari begira egiten dugu lan” gaineratu du irakasleak.

Nazioartean
Martxoan Bargagaingo Leire Etxaniz Claver, Rania Mabchour eta Saray Agudo Eindhovengo Nazioarteko Openean lehiatu ziren, nazioarteko borrokalariekin. Mabchourrek eta Agudok ez zuten lehen erronda gainditu, baina Etxanizek aurrera egin eta brontzezko domina lortu zuen, meritu handiz.

 

Aipatu txapelketa Europako Rankingerako puntuagarria da, uda ondoren jokatuko diren Europako Taekwondo Txapelketa Juniorrean hautatuak izateko baliagarria, apirilean La Nucian jokatutako Espainiako G1 Txapelketarekin eta uztailaren 1ean Zaragozan jokatuko den Selekzioen Arteko Junior Txapelketarekin batera. Bargagaingoek badakite Europako Txapelketa Juniorrerako sailkatzea “oso zaila” dutela. “Junior mailako txapelketetan parte hartzen duten lehen urtea da, eta esperientzia asko nabaritzen da. Kategoriari egokitzea eta esperientzia lortzea da helburua, junior mailako 2. eta 3. urteetan denboraldi ona egiteari begira. Eindhovenen Sofia Garcia madrildarra bigarren sailkatu zen eta aurretik G1 Txapelketa irabazi zuen. Beraz, gure taekwondistak sailkatzea zaila da. Europako Txapelketetan lehiatu ahal izateko asko borrokatu beharra dago, eta horretan gaude” azaldu du Monterok.

Bargagain, Nafarroako klub onena
Maiatzaren 13an Nafarroako Taekwondo Federazioak urteko gala ospatu zuen Baluarten.  Bargagain klubak 2022ko Nafarroako Taekwondo klub onenaren saria jaso zuen, 2017tik jarraian jasotzen duen saria. "Guretako sekulako aitortza da", Marga Claverren esanetan. Erkuden Morenok emakumezkoen konbateko taekwondolari onenaren saria jaso zuen, eta Leire Etxanizek eta Rania Mabchourrek 2022an kadete zirela Espainiako Txapelketetan brontzezko domina lortzeagatik aitortza. 

Puntako taekwondistak
Bargagainen "oso kontentu" daude taldeko taekwondistek duten kirol mailagatik, lortutako dominengatik eta harrobia ere indartsu datorrelako. “Pozgarriena da gure taekwondistek jarraikortasuna dutela. Irati Irigoienek, Erkuden Morenok, Rania Mabchourrek eta Leire Etxanizek, esaterako, dominak errepikatu dituzte. Aurreko kategorietan dominak lortu zituzten, eta kategoria berrietan ere progresioa dute eta domina berriak irabazten ari dira. Kategoria berrietara igarotzerakoan lehiaketetako kirol maila hori mantentzea ez da batere erraza, eta eurek hobetu dute. Ez da kasualitatea. Domina horiek egindako lanaren saria dira” pozten da Montero.

Irati Irigoienek Espainiako Txapelketetan lau domina ditu, 21 urtez azpiko mailako hiru eta junior mailako beste bat. “Esango nuke, egungo lehiaketetan aktibo dagoen taekwondisten artean Espainiako Txapelketetan domina gehien dituen borrokalaria dela”. Erkuden Morenok kadete mailan, junior mailan eta 21 urtez azpikoan brontzea du, eta Leirek kadete mailan zilarrezko bat eta brontzea ditu.

Baliabide gehiagoren beharra
Nahiz eta Bargagaingo taekwondistak txapeldun handiak izan, klub txikia da Bargagain. Klub gisa estatuko edo nazioarteko open edo txapelketetan parte hartzeko egin behar duten ahalegin ekonomikoa oso handia da, klubak edo familiek bere gain hartzen dutena.

“Adibidez, Leire Etxanizek Eindhovenen Sofia Garcia izan zuen aurkari. Garcia madrildarra da, Hankuk International School taldekoa, Tokioko Joko Olinpikoetan domina lortu zuen Adriana Cerezoren klub berekoa. Klub hau izugarri mugitzen da eta nazioarteko txapelketa askotan lehiatzen da. Gaztela Manchan federatuta dago eta instituzioen babes handia du, eta nabaritzen da, asko ateratzen direlako eta horri esker nazioarte mailan esperientzia handia dutelako. Eindhovengo finalerdietako konbatea bere kontra galdu zuen Leirek, eta nahiz eta lehia estua eta borrokatua izan, azkenean esperientzia hori nabaritzen da” dio irakasleak. 

Horregatik, kirolari hauei aukera gehiago eskaini ahal izateko babes gehiago eskatzen die instituzioei, “estatu mailan edo nazioarte mailan lehiatu ahal izateko baliabideak behar direlako“. Nafarroako edo Espainiako selekzioarekin estatuko edo nazioarteko txapelketetan aritzen diren taekwondisten aurrekontua federazioak hartzen du bere gain. Hau da, Espainiako Txapelketan parte hartzen duen teknifikazio taldearen ardura du federazioak. Irati Irigoien eta Erkuden Moreno, esaterako, Indurain Fundazioko bekadunak dira, errendimendu altuko kirolariak”. Nazioarteko open eta bestelako txapelketetan klubek hartzen dute parte, bere kontu. “Arazoa bidaien eta egonaldien gastua da. Kanpora lehiatzera ateratzea dirutza da, baina horrek ematen die esperientzia eta proba garrantzitsuetan parte hartu ahal izateko beharrezkoa den puntuazioa” nabarmendu du Claverrek.

Altsasuko udalari eskaera
Bargagain klubak babes gehiago eskatu dio Altsasuko Udalari. "Kirol eskolen bidez udalak haur guztiek oinarrizko kirolera sarbidea izan dezaten bermatzen du. Hori oso ongi dago. Baina maila ertain eta altuan lehiatzen ari diren kirolari hauendako laguntza bat da faltan botatzen duguna, estatu mailako probetan, eta kanpoko probaren batean lehiatzeko aukera izan dezaten. Kirolari hauek dominak lortzen badituzte, bestelako diru laguntzetara sarbidea izango dute, goi mailako kirolarien beketara edo unibertsitate eta erresidentzia laguntzetara, esaterako. Eta hori oso garrantzitsua da” dio Gerardo Monterok.

Bargagainek goi mailan dituen taekwondista gehienak emakumezkoak dira. “Berdintasuna sustatzeaz horrenbeste hitz egiten ari den honetan, taekwondista hauek kirol minoritarioetan dabiltzan goi errendimenduzko emakumeen erakusle dira. Berdintasunezko politiken inguruko formazioa eta bestelakoak iristen zaizkigu, baina emakume hauek bere kirolean aurrera egin dezaten, baliabide ekonomikoak behar dira” Marga Claverren irudikoz. Beraz, “kirol eskolez gain, baliabide ekonomiko gehiago da eskatzen duguna, 12 eta 15 urte bitarteko gaztetxo hauengan inbertsioa eginez, bere etorkizunerako garrantzitsuak izan daitezkeen bekak eta bestelakoak lor daitezkeelako. Eta hori garrantzitsua da, baliabide asko ez dituzten familiendako, are gehiago”.