Altsasuko Udalak bi lan eman ditu

Guaixe 2023ko abu. 1a, 11:33

Sakana Lanbide Heziketa institutuaren aldamenean eginen du udalak aparkalekua. ARTXIBOA

Aparkalekua eta tenis pistako lanak zeinek eginen dituen zehaztu du.

Zelandi kirol gunean tenis pista bat egiteko kontratua Lacunza Hermanos SM enpresari eman dio Altsasuko Udalak. Kirol azpiegitura egiteagatik 113.760,49 euro (BEZik gabe) jasoko ditu enpresak. Lanak 75 egunetan egin beharko ditu. Eraikuntza lanak irailean hastea aurreikusten du udalak. Lan horiek finantzatzeko, Nafarroako Gobernuaren aurtengo aurrekontutik 146.410 euroko partida jasoko du udalak, horretarako Geroa Bairen emendakina onartua baitzen. 

Bestetik, Lanbide Heziketaren iparraldean dagoen partzela autoendako aparkaleku bihurtzeko lanak Xcava Obras y Servicios, SM enpresak eginen ditu. Haien truke 128.559,29 euro (BEZik gabe) jasoko du. Lanak uda akaberan edo udazken hasieran hasiko dira. Behin obra despedituta 35 ibilgailurendako tokia izanen da.   

Azkenik, Altsasuko Udalak San Joan ermitaren itxitura berritzeko lehen fasea egin ondoren, lan horiek despeditzeko, segida emanen diete aurten. Horretarako, udalaren aurrekontuan moldaketa egin dute, eginkizun horretara 17.000 euro bideratu ahal izateko.