Altsasuko Udala mailegurik gabe geldituko da

Guaixe 2023ko abe. 11a, 09:00

Emakumezkoa Zelandiko igerileku estalian. ARTXIBOA

Zelandi kiroldegia egiteko mailegua eskatu zuen eta hura aldez aurretik amortizatzea erabaki du udalak. Falta diren maileguko 794.845,51 euroak ordainduko ditu. Zorrik gabe gelditzean etor litezken finantza araudiei errazago erantzuteko aukera izanen du.

Udalak 3,6 milioi euroko inbertsioa egin ondoren, Zelandi kiroldegia 2008ko irailaren 27an mustu zen. Inbertsio harri aurre egiteko udalak Nafarroako Aurrezki Kutxarekin 1.545.000 euro mailegua kontratatu zuen 2007an. Haren interesa Euriborra gehi 0,25 da. Sinatutakoaren arabera udalak mailegua ordaintzeaz 2037ko martxoaren 1ean bukatuko du. Javier Ollo Martinez alkateak jakinarazi duenez, "ordaintzeko 794.845,51 euro falta dira. Kopuru horri interesen aurreikuspena gehituz gero, guztira 815.400 euro egiten dute. Udalaren ekonomia egoerak aukera ematen duenez, mailegu hori aldez aurretik amortizatzea erabaki dugu. Gainera, mailegu hori da udalak itzultzeke duen bakarra".

Ollok azaldu duenez, bi izan dira erabakia hartzeko arrazoiak. "Batetik, maileguen interes tasen igoera handia dago. Eta, bestetik, gastua liberatzea. Udal aurrekontuan gastu arrunta edo inbertsio gastua finantzatzen duen sarrera marjina handiagoa lortuko dugu. Ondorioz, erabaki horrekin, udalak ez du zorrik izango, eta gastua askatzen du". Alkateak gaineratu duenez, "hartutakoa oso erabaki garrantzitsua da; izan ere, pandemiaren ondorioz lehenik eta Ukrainako gerragatik ondoren, bertan behera utzitako arau fiskalak aplikatzera bueltatu baitaitezke". 

Lanak kiroldegian
Pandemiaren eraginez, kirol azpiegituran prebentzio neurriak indarrean jarri zituen Atabo Altsasu SM enpresa publikoak. Horren ondorioz, 2020 eta 2022 urteen artean kiroldegiko erabiltzaileen kopurua nabarmen murriztu zen. Gainera, Ukrainako gerrak hornidura gastuen garestitzea handia ekarri zuen, batez ere gasarena. Ondorioz, udalak aparteko diru ekarpenak egin behar izan zizkion sozietate publikoari, udalaren kirol-instalazioak kudeatzeko enkarguagatik ordaintzen den prezioa alde batera utzita. Aurten ere ohiko kopuruarekin batera, udalak Atabo Altsasu SM enpresarendako 176.000 euroko aparteko ekarpena aurreikusi zuen bere aurrekontuan. 

Alkateak azaldu duenez, "hiru urte oso zailen ondoren sozietatearen egoera ekonomikoa nabarmen hobetu da aurten eta, horregatik, oraindik ez da aparteko diru poltsa hori erabili. Batetik, abonatutako pertsonen igo delako eta ia 1.800 bazkide daudelako, pandemia aurreko kopurua. Bestetik, hornidura gastuak murriztu dira". Horregatik, "ezohiko ekarpeneko diruaren zati bat kiroldegian premiazko inbertsioak egiteko erabiliko ditugu". Klimatizazioaren funtzionamendu sistema berrituko da, eta horren diferentzialak eta larrialdi-argiak berrituko dira. "Inbertsio horiek aspalditik dira beharrezkoak, eta sozietate publikoaren hobekuntza ekonomikoaren aurrean, egin ahal izango dira. Era berean, bizikleta eliptiko berriak erosiko dira", gaineratu du alkateak.