Gastu arrunta behera eta azken 20 urtetako inbertsio kopuru handiena

Guaixe 2024ko urt. 17a, 09:01

Burunda frontoiko taberna ezkerretan. Udalak sukaldea hobetuko du. ARTXIBOA

Mailegurik ordaindu behar ez izatean eta hainbat gastu arrunten kopuruak behera egitean, aurrekontuan inbertsiorako diru gehiago jasotzeko aukera izan du Altsasuko Udalak: 9.528.233,55 eurotik 712.740,68 inbertsiorako dira.

Altsasuko Udalaren aurtengo aurrekontua 9.528.233,55 eurokoa da, joan zen urtekoa baino 112.744,85 euro handiagoa. Kopuru horren baitan Aita Barandiaran adinduen egoitzako eta Dantza eta Musika Eskolako patronatuen aurrekontuak daude, 1.445.853,49 euro eta 418.706,28 euro hurrenez hurren. Egoitzaren kasuan udalak 190.864,81 euroko ekarpena egiten du, gainontzekoa gobernuak eta erabiltzaileek. 

Javier Ollo Martinez alkateak nabarmendu duenez, "inbertsioen zenbateko osoa 712.740,68 eurokoa da. Inbertsio horiek udalari egindako hainbat gizarte eskaerari erantzuten diete, eta, beraz, dauden beharrak asetzea dute helburu". Ollok gaineratu duenez, "udalak azken hogei urteetan inbertsioetarako izan duen aurrekontu zuzkidurarik handiena da. Orain arte, udalaren gastu arrunta handia zen eta diru sarrera arrunt ia guztiak hartzen zituen bere gain, ondorioz, aurrekontuan ezin zen sartu inbertsio garrantzitsurik; ondoren egiten ziren inbertsioak diruzaintzako gerakinarekin finantzatutako aurrekontu aldaketen bidez egiten ziren". 

Gastu arruntera bideratutako diru kopurua txikiagoa dela azpimarratu du Ollok: "ez partiden zenbatekoa murriztu delako, baizik eta horniduren kostua nabarmen murriztu delako. Esaterako, argiteria publikoaren gastua nabarmen murriztu da, 140.000 eurotik 60.000 eurora, herri guztian LED argi berriak jarri direlako eta hornidura kontratuak berrikusi direlako. Baina, batez ere, gastu arrunta murriztu da udalak ez duelako maileguko dirurik bueltatu beharrik".

Alkateak esan duenez, "hori guztia baliabide publikoak kudeatzeko kontuan izan behar dugun aurrekontu-zuhurtasunari erantzuten dio, bai irizpide tekniko batetik, bai irizpide politiko batetik". Nabarmendu duenez, "urtea hasi baino lehen aurrekontu bat onartzea oso albiste ona da, udal honen egonkortasun ekonomiko eta politikoaren ondorio dena".

Inbertsioak 
Aurrekontu proiektuak 100.000 euroko gastua aurreikusten du kale garbigailu berria erosteko. "Egungoari etengabeko konponketak egin behar zaizkio eta horretarako urtean 14.000 euro aurreikusi dira", azaldu du alkateak. Beste 100.000 eurorekin gazteek pilota praktikatzeko neurri ezin hobeak izango dituen estali gabeko frontoia eraikiko da. Honako neurriak izanen ditu: frontisak 6 metro zabal eta 4 metro garai eta ezkerreko paretak 8 metro luze eta 4 metro garai. Gobernutik udalak jasoko duen erabilera askeko programako 57.231,60 euroak lan horretara bideratuko ditu udalak. 

Burunda frontoiko tabernako sukaldea erreformatzeko, frontoiko fokuak harmailen atzetik kantxara hurbiltzeko eta ikusleen eserlekuak berritzeko 65.000 euro aurreikusi ditu udalak. Beste 55.000 euro bideratu ditu Zelandi frontoiaren kanpoaldeko hormen pintura berritzeko. Altsasurekin zerikusia duten irudiak dituzten horma-irudiak eginen dira iparraldeko eta ekialdeko hormetan, eta mendebaldekoa margotu eginen da. "Iparraldekoak garrantzi berezia hartzen du, A-1 autobidetik herrira sartzen diren edo autobidean sartu gabe zirkulatzen duten ibilgailuendako ikusgarritasun handia du", azaldu du alkateak. Horri lotuta, udalak aurten herriko hiru sarreren estetika eta irudia hobetzen lan eginen du, baita panelak berritzen ere. Horretara 30.000 euro bideratuko ditu. 


San Joan ermitarara daraman autobia gaineko pasabidea konponduko du udalak.

Ermita kalea San Juan ermitarekin lotzen duen oinezkoendako pasabidearen panelak eta egitura berrikusiko eta azken hori margotuko ditu udalak. Aldi berean, euria eginez gero oinezkoendako arrisku gutxiago izanen duen lurzorua jartzeko 80.000 euro bideratu ditu udalak. 

Dantzalekuko igerileku ertaineko eta konpentsazio ontzietako ur ihesak kentzeko iragazgaizte lanak eginen dira bainu sasoia hasi aurretik. 54.203 euroko gastu-aurreikuspena dute. Udalak igerileku txikia eta handia konpondu zituen 2020 eta 2021 artean. 

Hilerrian hildakoen errautsentzako hezurtegi berri bat eraikiko da, baita hildakoen errauts kutxatilak hartzeko tokia ere. Azken horretan, hala badagokio, hondarrak dituzten poltsak utziko dira. Ondorioz, egungo hezurtegia itxiko da. Aldi berean, hilerriko ezkerreko eta atzeko paretak berrituko dira. Lanek 54.148 euroko kostua dute. 

Zelandi eskolan elektrizitate instalazioa berritzeko hirugarren eta azken fasea eginen da aurten. Lanek 49.270 euroko aurrekontua dute eta udalak gobernutik %65eko dirulaguntza aurreikusi du. Eraikinekin segituz, Iortia kultur guneko fatxadatik ura sartzen da eraikinera 2011z geroztik gutxienez. Erakinaren fatxada garbitu, juntak elkartu eta kolorerik gabeko hidrofugo bi esku emanen zaizkio. Aldi berean, Sakana Lanbide Heziketako Institutuarekin elkarlanean, eraikineko eguzki plakak martxan jarriko dira. Horretarako 20.000 euroko aurrekontua egin da.

Udaltzaingoarendako beste ibilgailu bat, hibridoa, erosteko 35.000 euro bideratuko ditu udalak. Aldi berean, halakoak erosteko dirulaguntza eskatuko du. Azkenik, Otadiako 3. sektorea urbanizatzeko obretan ez zen gauzatu euri-uren sarea sektorearen Plan Partzialean jasotako Arakil ibaira hustea, eta, halakorik ezean, behin-behineko irtenbidearen ondorioz inguruan uholdeak sortzen dira. Hori zuzentzeko obra proiektua idazteko 6.000 euro jarri ditu udalak.

Gehiago
Aurrekontuan jasoa dagoenez, Euskal Herriko txirrindulari itzuliko etapa akabera izanen da Altsasu. Irundik abiatuko den itzulia apirilaren 1etik 6ra jokatuko da. Udalak 7.000 euro bideratuko ditu etapa akabera hartzeko. Eta gainontzekoa enpresa babesleen bidez ordainduko da. Bestalde, aurreko urteetan bezala, tokiko merkataritza sustatzeko kontsumo bonuen kanpainara 15.000 euro bideratuko ditu udalak. Bestetik, ekintzailetza laguntzeko diru poltsa 3.000 eurotik 5.000ra pasa da, eskaera gehiago izan baititu udalak. Beste 2.000 euro udal liburutegiaren 90. urteurreneko ospakizunetarako da. 

Esku-hartze Globaleko bigarren Plana idazteko 3.000 euro ditu udalak, Planean bertan jasotako eraikinetan inguratzaileak birgaitzeko jarduketak egitea sustatu nahi du horrela. Bestalde, festetarako 102.020 euro ditu udalak, peñendako 9.288, 82.600 kultur jardueretarako, 22.704 gazteriarako, 133.045 euro kirol eskolen hitzarmenetarako eta 28.272 kirol erakundeendako.