Altsasuko Udalak bat egin du 1.080 euroko pentsio eskaerarekin

Guaixe 2024ko ots. 2a, 11:54

EH Bilduko zinegotziak udal bilkuran. UTZITAKOA

1.080 herri ekimenak udalean aurkeztutako mozioa onartu egin du. Udal bilkuran beste lau eskaera egin zituen koalizioak.

Nafarroako hainbat eragilek bat egin dute 1.080 Orain herri ekimenean. Haren bidez, zahartzaro duina bermatzeko, besteak beste, pentsiodunek hilero gutxienez 1.080 euro jasotzea 14 ordainketatan eskatu dute. Horretarako, gobernuari beharrezko aurrekontu partida ezar dezala eskatzen dute. Altsasuko Udaleko bilkurara mozioa EH Bilduk eraman eta defendatu zuen. Udalak, aho batez onartu zuen herri ekimenaren mozioa. EH Bildutik azaldu dutenez, "gauden foro eta erakunde guztietan, justizia soziala eta pentsio duin eta publikoak defendatzen ditu, pertsona guztientzako bizitza duinak lortzeko helburuaren barruan".

Aldi berean, EH Bilduk Altsasuko udal bilkurara beste lau gai eraman zituen. Batetik, nabarmendu zuten gauez argiztapen eza dagoela herriko zenbait tokitan, "batez ere Alde Zaharrean. Konpondu beharreko espazio ilunak daude”. Bestetik, Garbitegiko eraikinaren "mantentze lanetan akats garrantzitsu batzuk" daudela azaldu zuten. "Arazo horiek Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen lanari eragiten diote. Nahiz eta hainbat bidetatik jakinarazpen ugari egin eta errepikatu, otsailean urtebete beteko dute haien eskaerek erantzunik jaso gabe". 

Horrekin batera, EH Bilduk gaztigatu zuenez, "hainbat pertsona kutxazain batean lo egiten dute. Pertsona horiek bizi duten egoera odoltsua konpontzeko" udalari ahal duen guztia egiteko eskatu zuen koalizioak. Azkenik, altsasuarrek udalarekin harremanetan jartzeko informatika baliabideak dituzte. (linea berdea eta beste) EH Bilduk udal bilkuran azaldu zuenez, "horietan dauden arazoak konpondu behar dira, funtsezkoa iruditzen baitzaigu udalaren zerbitzuak eta informazioa jendearengana ahalik eta gehien hurbiltzea eta jartzea". Gardentasuna eta parte hartzea bultzatzea beharrezkoa jo zuen koalizioak.