Altsasu Kirol Elkarteak komunikabide bidez salatu zuen otsailaren 2an, aurreko ostiralean, Dantzalekun gertatutakoa. Emakumezkoen Preferente mailako Altsasu taldeko jokalariak entrenamenduaren ondoren dutxa hartzen ari ziren, aldagelako leihoetan bi pertsona mugikorrekin irudiak hartzen ari zirela konturatu zirenean. Igerilekuetako itxituratik salto egin, eta autoz joan ziren ihesi.
Gertakari "larri eta onartezinen aurrean", salaketa jarri zuen Altsasu Kirol Elkarteak. Foruzaingoa ari da jazotakoa ikertzen. Instalazioa zaintzeko kameren eta euren esku jarritako tresnen bidez egileak harrapatzeko itxaropena du klubak.
Beldurtuta eta kezkatuta
Emakumezkoen Preferente mailako kapitain Maalen Beraza Etxarrik otsailaren 2an aldageletan sortu zen iskanbila ez du ahazteko. "Taldekide pare bat bi mutil zeudela konturatu zirenean, oihuka hasi ziren. Beste batzuk korrika atera ziren kanpora, eta auto batean ihes egiten zutela ikusi zuten. Nahasmen horretan, uste dut momentuan ez ginela gertatutakoaz oso kontziente izan" azaldu du. Ez zituzten mutilak ezagutu. "Arratsaldeko zortzirak pasa ziren. Eurak igerilekuetako eremuan zeuden, ilunean. Gainera, beltzez jantzita zeuden. Nola ezagutuko genituen?".
Altsasuko jokalariek "oso argi" dute erasoa goitik behera antolatuta zegoela, "eta horrek guztiak beldurra ematen digu. Egin behar zutena aurretik prestatuta zuten: gure entrenatzeko ordutegia, ihes egiteko nondik salto egin behar zuten, autoa zain izan... guztia pentsatuegia zegoen, eta horrek beldurra sortzen du". Edozein ez da gai igerilekuetako eremutik salto egiteko, eta aldageletako leihoetara igotzea ere kostako zitzaiela pentsatzekoa da. "Leihoak altu daude, eta bertara iristeko ziurrenik bat bestearen gainean igoko zela. Bestalde, gidatzen zuenak gutxienez 18 urte izan behar zituela kontuan hartuta, egileak ez dira hain txikiak, ezta? hau ez da 14-15 urteko nerabeen gaiztakeria bat, argi dago".
Futbolariak kezkatuta daude. Ez dakite otsailaren 2an gertatutakoa lehen aldia izan zen, edo aurretik gehiagotan ibili ote diren euren irudiak hartu nahian. "Eta ez bakarrik guri. Altsasuk emakumezkoen beste bi futbol talde ditu. Txikienek 8-9 urte dituzte eta ertainek zenbaitzuk gehiago. Eurei ere irudiak hartu badizkiete, zer?". Irudi horiek noizbait argia ikusiko duten, beste kezka bat. "Erasoa antolatua dagoela argi dago, eta horregatik beldurra ematen digu zein helbururekin egin zuten. Ez dakigu irudi horiek euren artean ikusteko aterako zituzten, edo sare sozialetan zabaltzeko".
Altsasu Kirol Elkartea, bat
Altsasu kirol Elkarteak hasieratik ikusi zuen jazotakoa oso larria zela eta salaketa jarri beharra zegoela. "Kluba txikia da, eta harreman ona dugu. Guztiok egin dugu bat". Altsasuko Udalak "irmotasun osoz" gaitzetsi zuen "sexu-eraso larri hau", eta Sakanako I. Lurralde Protokoloan jasotakoa beteaz, baliabide guztiak jarri ditu emakumeen eskura. Udala Dantzalekuko instalazioen jabe denez, neurriak iragarri ditu, besteak beste kristaletan biniloak jartzea, kanpotik barrukoa ez ikusteko.
Kontzentrazioa, gaur
Altsasuko Mugimendu Feministak ere "irmoki" salatu du Altsasuko eraso sexista. Gaur, ostirala, otsailak 9, elkarretaratzea deitu du Altsasuko udaletxe aurrean, 17:30ean, "Erasorik ez!" lelopean. Altsasuko Udalak eta eragile politikoek bat egin dute deialdiarekin.
Elkartasun uholdea
Altsasu Kirol Elkarteak komunikatua zabaldu bezain pronto elkartasun uholdea jaso zuten Altsasuko futbolariek. Futbol mundutik, Nafarroako Futbol Federazioa buru, berehala etorri ziren gaitzespena eta babesa. Altsasu Kirol Elkarteak "bihotzez" eskertu ditu jasotako ehunka babes mezuak, euren sare sozialetan argitaratuz. "Toki guztietatik iritsi dira, zenbaezinak dira. Oso eskertuta gaude. Guztiok norabide berean emakumeen eskubideak defendatzea oso positiboa da".
Gertatutakoak oihartzun handia izan du komunikabideetan eta soka luzea ekarri du telebista, irrati, egunkari eta webguneetan. Makina bat elkarrizketa eman behar izan dituzte egunotan Maalen Berazak, Alfonso Castellano entrenatzaileak, Jesus Sayas presidenteak eta jokalariek. "Futbolak duen pisua erakusten du horrek, onerako edo txarrerako. Hau institutu batean gertatuko balitz, agian ez luke horrenbesteko erantzunik izango".
Bestalde, Altsasuko kintoek asteartean "Eraso guztien aurrean, kintoak zuekin!" pankarta atera zuten. "Gurekin hitz egin zuten, zerbait egin nahi zutelako, eta taldeko kamiseta utzi genien. Oso polita izan zen".
Larunbateko partida
Orain, euren egunerokotasunean zentratu nahi dute Altsasuko jokalariek, Emakumezkoen Preferente Mailako ligan. Hasieran kosta egin zitzaien, baina azkeneko hiru jardunalditan ongi ibili dira, irabaztetik datoz. "Dantzalekuko belar artifiziala aldatu zutenetik hobeki gabiltza. Zortea eman digu" dio, irribarrez, Berazak. Bihar, larunbata, 11:30ean Universidad de Navarra hartuko dute Dantzalekun. "Partida borrokatua izango da, baina azken partidako maila eman nahi dugu, eta punturen bat etxean geratzea espero dugu".