Klinikako ospitalea handitzeko obrak hasi dira

Guaixe 2024ko mar. 18a, 11:04

Langileak eta makinak hasi dituzte ospitaleko hegal berriaren eraikuntza lanak. UTZITAKOA

Bi milioi euroko aurrekontua dute lanek, urte akaberarako despedituta izanen dira. Lanek ospitalearen arreta gaitasuna % 50 handituko du.

Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoko ospitalea handitzeko lanak hasi dira urteko azken hiruhilekorako programatuta daude. Handitze lanekin ospitalerako hegal berri bat sortuko da, 12 gela hartuko dituena, eskatutakoak baino bi gehiago. Gela horiek kasu akutuenen edo urgenteenen arreta goiztiarra hobetzeko helburua dute, sufrimendua eta kasu horiek sortzen dituzten arriskuak saihestuz, eta kasu horietarako beti ohe librea izango da. 

Lanak despeditutakoan klinikak ospitalean %50 paziente gehiago artatuko ditu, Nafarroa osokoak. Egonaldi ertaineko gaixo akutuentzako ospitale psikogeriatrikoa da, eta gaur egun 21 ohe ditu. Ohe horiek guztiak Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin itunduta daude, eta haren helburua da osasun etxeen bidez artatu ezin daitekeen nahasmendu mental organikoa duten adineko pazienteen diagnostikoa, tratamendua eta errehabilitazioa egitea. Portaeraren edo loaren alterazio larriak dituzten pazienteak artatzen ditu, narriadura kognitiboa edo dementzia dutenak (E. Alzheimer, Lewyren gorputzen ondoriozko dementzia...), horiekin lotutako nahasmendu edo jokabide deskonpentsazio desberdinak dituztenak. Gaixo gehienak beren etxeetara itzultzen dira sendatu ondoren, eta hori da haien helburu nagusia.

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak 2023ko apirilean hartutako konpromiso publikoari esker lortu da lanak egitea. Finantza babesa, berriz, erakundeen konbinazio batetik dator. Batetik, Sodenak eta Elkargik %50eko abal-emaileaak dira. Caixa Bankek eta Laboral Kutxak, berriz, gainerako %50eko ekarpena egin dute. Bi milioi euro bideratuko dira proiektura, obrak egitera eta langileen prestakuntzara.

Lanez
Obrak Etxeberrikoa Lantegi enpresa sakandarrek eginen ditu. Klinikako arduradunek azaldu dutenez, "esleipen horrek are gehiago indartzen du Josefina Arregi Klinikak Sakanaren alde egindako apustua, haren garapen ekonomikoa bultzatuz".

Hedapen fisikoaz aparte, proiektuan jasotzen da lehendik dagoen aerotermia-instalazioa 100 kW-etan handitzea zentro psikogeriatriko osoan. Era berean, Klinikak instalazio fotovoltaikoa handitzeko asmoa du, energia sortzeko gaitasuna 40 kWp-tik 100 kWp-ra handituz, jasangarritasunarekin eta independentzia energetikoarekin duen konpromisoaren ildotik.

Lanpostuak sortu 
Ospitalea handitzearekin batera 25-30 lanpostu berri sortzea espero da, eta horrek zentro psikogeriatrikoaren plantilla osoa 85-90 pertsonara igoko du. Ia enplegu horiek guztiak osasun sektorean izanen dira, eta emakumeen ordezkaritza guztiaren %90era iritsiko da. "Instalazioak handitzearekin eta zerbitzuak hobetzearekin batera, ospitaleak arreta emateko gaitasuna indartzeaz aparte, komunitatearekiko eta ingurumenarekiko konpromisoa berresten du, Nafarroan osasunaren eta ongizatearen etorkizunerako oinarriak ezarriz", adierazi dute arduradunek.