Nafarroako Gobernuak Sunsundegirekin lotutako foru lege proiektu bat onartu zuen apirilaren 19an, ostiralarekin. Haren bidez, Foru Administrazioak Sodena enpresa publikoari Sunsundeguiri sei milioi euroko mailegua eskaintzeko baimena eman dio. 2023ko abenduan 4 milioiko mailegua onartu ondoren, hiru eman zizkion. Oraingo kopuruarekin, Altsasuko autobus enpresak bederatzi milioi euroko maileguak jasoko ditu.
Volvo markarako bus-karrozen proiektuaren bideragarritasunerako beharrezkoa gertatzen den bigarren mailegua burutu da. Nafarroako Gobernuak Parlamentuaren berariazko baimena eskatu du Altsasuko karrozeria enpresarekin mailegu bat formalizatzeko. Aurrekoetan bezala, Foru Exekutiboak proiektu hau babestu du, izan ere, estrategikotzat jotzen du Foru Komunitatearentzat eta bereziki Sakanarentzat.
Volvo multinazional suediarrak Sunsundegui enpresari esleitu dio azken belaunaldiko bi autobusen karrozeria, 9700 eta 9900 modeloena hain zuzen. Parlamentuan lehen azaldu zen zirkulatzaile-faltaren aurreko arazo bat eta egungo lan-karga eta -bolumena direla eta, Nafarroako Gobernuak garrantzitsutzat jotzen du mailegu hori ematea proiektuaren bideragarritasunerako, orain arte ezagutzen zen plantaren ekoizpen-ahalmena bikoizten duelako.
Bestalde, Diario de Noticiasek zabaldu duenez, Jose Ignacio Murillok enpresako zuzendari exekutiboa izateari utzi dio. Behin behinean haren ordezkoa Felix Aramendia da, orain arte zuzendari nagusi izandakoa.