Udalak 425.000 euroko balioa duten kontratu deialdiak egin ditu

Guaixe 2024ko mai. 2a, 09:29

Langileak Dantzalekuko igerileuan lanean. ARTXIBOA

Kaleetan, Dantzalekuko igerilekuan eta Ondarrian industrialdean konponketak egiteko lanek hartzen dute kopururik handiena. 

Altsasuko Udalak 425.191,12 euroko (BEZik gabe) balioa duten lanak emateko pausoa eman du. Ondarria industrialdeko eta mugikortasun planerako lanak salbu, gainontzeko guztietarako eskaintzak aurkezteko epea maiatzaren 10eko 23:59an despeditzen da.

Igerilekua 
Dantzalekuko kirol guneko igerileku handia eta txikia konpondu zituen udalak 2020an eta 2021ean. Aurten ertainaren txanda izanen da. Igerilekuak duen zeramikazko estalduraren gainean PVC armatuzko estaldura berri bat jarriko dute langileek. Horrela, igerilekuak dituen iragazketa arazoak konpondu nahi ditu udalak. Izan ere, ur ihesek beharrezkoa egiten baitute etengabe ura ematea. Era berean, igerileku handiaren eta txikiaren instalazioaren konpentsazio hodiak ere konponduko dituzte. Konpentsazio ontzi horiek hormigoi armatuz eginak daude eta ura pasatzen uzten dute, barrutik kanpora eta alderantziz. Urak kanpora ihes egitearen ondorioz, igerilekuei ura etengabe eman behar zaie. Konpentsazio ontzietara ura sartzearen ondorioz, berriz, lohiak sartzen dira eta ponpak trabatzen dituzte. 

Javier Ollo Martinez alkateak jakinarazi duenez, lanak igerileku sasoia despeditu ondoren hasiko dira, irailaren 1etik aurrera. Haiek egiteko ardura hartzen duen enpresak hiru hilabete izanen ditu egiteko. Lanek 43.072,88 euroko (BEZik gabe) aurrekontua dute. 

Kale konponketak
Bost kaletan eginen diren lanetara udalak 149.696,89 (BEZik gabe) bideratu ditu. Lanak hartzen dituen enpresak haiek despeditzeko 75 egun izanen ditu. Erkuden kalea, Altzania eta Gipuzkoa kaleen arteko zatian, asfaltoa berrituko du udalak, bakarrik trafikoa dabilen zatia, ez aparkalekua. Lanek 825  m2-ko azalera hartuko dute. Eginen diren gainontzeko asfaltatze lanetan bezala, egun dagoen zorua fresatu, oinarria ongi jarri eta zoru berria zabalduko dute. 

Auzobide kalean, 14 eta 24 zenbakien artean, kaleko zorua berrituko da, bakarrik trafikoa dabilen zatia, ez aparkaleku gisa erabiltzen dena. 1.380 m2-ko azaleran asfalto berria zabalduko dute. Erburua kalean, Josefina Arregi klinikako eguneko zentroaren sarreraren parean, dagoen espaloi zatia oso hondatuta dago. 55 m2-ko azaleran udalak baldosa guztiak berrituko ditu. 

Zelai kaleko 73 eta 79 zenbakien artean dagoen etxarteak etxebizitza batzuen atzeko aldera ematen du. 230 m2-ko azalera du eta lurrezko zorua porlanagatik aldatuko du udalak. Horren aurretik euri urak jasotzeko kanalizazio lanak ere eginen dira. Zelai kalean bertan, zoruko asfaltoa berrituko da Otadiako Kristo Deuna aterpetxearen aparkalekutik Sakana Lanbide Heziketako institutuko ateraino, beti ere, aipatu eraikinen ondoko errailean. Guztira 575 m2  berrituko dira. Azkenik, Gurutze Saindua kaleko 1, 11 eta 13 zenbakien artean dagoen etxarteko zorua porlaneztatuko du udalak. Horren aurretik euri urak jasotzeko kanalizazioa eginen du. Lanek 200 m2-ko azalera hartuko dute. 

Ondarria 
Industrialdeko hobekuntza lanei segida emanen die aurten ere Altsasuko Udalak. Zehazki B kalean zentratuko da, industria gunearen iparraldean dagoena. Kaleko zati txiki batean asfaltoa berrituko du, baita kalearen iparraldeko espaloia ere. Kalearen aldamenetik ibaia pasatzen da eta 2021eko abenduaren 10eko uholdeak eragin zituen ur emariak gerriratua eragin zuen. Lur mugimendua B kaleko espaloitik bi metrora izan zen. Espaloi azpitik pasatzen dira azpiegiturak, tartean, gasarena. "Arriskutsua denez, konponbidea emateko ibaian harri lubeta bat egin nahi dugu", azaldu du Javier Ollo Martinez alkateak. Lan horiek 133.411,59 euroko aurrekontua dute. Udalaren diruzaintzako gerakinarekin eta Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarekin finantzatuko ditu udalak. Azken hori eskatuta du. 

Azken urtetan Altsasuko Udalak hainbat hobekuntza lan egin ditu Ondarria industrialdean: 2017an B kalearen zoru gehiena berritu zuen; 2018an argiteria publikoa; 2019an argiteria publikoko kanalizazioa eta  2022an eta 2023an C eta D kaleetako euri urak jaso eta zorua berritzeko lanak egin zituen, baita B kalearen zati batean ere. 

Uholdeen kalteak 
2021eko abenduaren 10eko euriteek uholdeak eta, ondorioz, hainbat kalte sortu zituzten herrian. Horiek konpontzeko udalak 52.559,76 euro (BEZik gabe) bideratu ditu. Obrak joan zen urtean egitekoak ziren, baina Ebroko Ur Konfederazioaren baimena abenduan iritsi zen, eta udalak lanak atzeratzea erabaki zuen. Lanak bere gain hartzen dituen enpresak 60 izanen ditu haiek despeditzeko.

Beheko benta
Ibaiaren emariak kalearen hormigoizko eustorma baten oinarrian zegoen tufa eraman zuen eta, ondorioz, zati bat erori zen. Horrek arazoak eragin ditzake hormaren osotasunean, eta, beraz, beharrezkoa da horma sendotzeko eta babesteko esku hartzea. Horretarako, lehenik eta behin hormaren oinarrian dagoen landaredia kendu eta dagoen eustorma konpontzeko hormigoiz beteko dira dauden zuloak. Langileek enkofratze lan horiek egin ahal izateko ibaiaren ibilgua aldatu beharko da. 

Errotatxiki 
Uholdeak Ibarria poligonoko saneamendua berritzeko jarduketaren barruan egindako gainezkabide bati eragin zion, dagoen ibai ertza kaltetu baitzen. Zehazki, gainezkabidearen azken zatia lekuz aldatu zen eta, ondorioz, funtzionatzeari utzi zion. Atzera ere, hustubidea egin beharko da. 

Autoa 
Udaltzaingoarendako SUV motako autoa erosi nahi du udalak. Horretarako, 28.950 euro (BEZik gabe) bideratu ditu. Kontratua eskuratzen duenak 90 egun izanen ditu ibilgailua udalari emateko. Erosketarako udalak dirulaguntza eskatuko du. Alkateak jakinarazi duenez, egun udaltzainek erabiltzen duten ibilgailua obren lantaldearena izatera pasako da. Horretarako, aurretik ibilgailuan dauden poliziaren hainbat elementu kenduko dituzte. Autoa 2006koa da. 

Anbulantziak 
Udalak antolatutako gizarte eta kultur arloko ekitalditarako anbulantzia eta langileen laguntza zerbitzua kontratatu nahi du udalak. Lizitazioaren prezioa 3.500 (BEZik gabe) eurokoa da, bost urtera arte luzatu daiteke kontratua, beraz, luzapenekin 17.500 eurora (BEZik gabe) arte iristen da. 

Bestetik, Altsasuko Udalak herriko mugikortasunari buruzko azterketa egiteko 14.000 euro bideratzea onartu du. Alkateak azaldu duenez, “aurrekontuen tramitazioan EH Bilduk emendakina aurkeztu zuen azken mugikortasun azterketaren berrikuspena egin eta bizikletaz mugitzeko ikerketa berezi bat egiteko eskatuz. Emendakina ez zen onartu, baina Ogasun eta Aurrekontu Batzordean konpromisoa hartu zen aurrekontu aldaketa egiteko”. Horrela finantzatuko du udalak ikerketa lan hori. 

Azkenik, maiatzaren aurreneko asteburuan ospatuko diren Alde Zaharreko festetako egitaraua prestatzeko udalak 7.366 euro bideratu ditu.