Espainiako auzitegiek jarritako zigorra bete dute Adurrek, Jokinek eta Oihanek. Atzeneko biak 2016ko azaroaren 14an atxilotu zituen Guardia Civilak. Adur, berriz, bere burua epaitegian aurkeztu ondoren, urte hartako azaroaren 16an espetxeratu zuten. Jokinek 2.730 egun egin ditu zigorpean eta Adurrek 2.732 egun. Biak, Oihanekin batera, izan ziren Altsasuko auziagatik preso denbora gehien egon zirenak, 1.326 egun. 2020ko garilaren 3an hirugarren gradua eman zieten, eta kartzelara ez bueltatzeko hainbat neurri bete behar izan dituzte. Preso egon zen bitartean Jokin Soto del Real, Estremera eta Zaballako espetxeetan izan zuten. Eta, azkenik, Adur Soto del Real, Aranjuez, Iruñea eta Zaballa espetxeetan.
Hasiera batean Oihan ere maiatzaren 7an aske gelditzekoa zen, baina zigorraren betetzea hilabete atzeratu diote.
Eskaerak eta zigorrak
Fiskaltzak terrorismoko lau deliturengatik Jokinendako 50 urteko espetxe zigorra eskatu zuen. Adurrendako ere 50 urteko espetxe zigorra. Espainiako Auzitegi Nazionalak 2018ko garagarrilaren 1ean emandako epaian 12 urteko espetxe zigorra ezarri zion Jokini, 13 urtekoa Oihani eta 12 urtekoa Adurri.
Auzitegi bereko Apelazio Epaitegiak 2019ko martxoaren 7an emandako epaiak berretsi zituen. Azkenik, egitateak aztertu ondoren, Espainiako Auzitegi Gorenak 2019ko lastailaren 9an eman zuen epaian zortzi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zion Jokini eta zortzi urte eta erdikoa Adurri.
Biren faltan
Bikotea aske dela, eta Oihan garagarrilean aske geldituko dela jakinda, Altsasuko Auziagatik zigorra betetzea falta diren bakarrak Jonan eta Julen dira, 2025eko lastailean beteko dute zigorra. Biak 2016ko azaroaren 16an atxilotu zituzten. 36 egun preso egon ondoren epaiketaren zain baldintzapean aske utzi zituzten. Zazpi urte eta erdiko espetxe zigorra jaso zuten, baldintzapeko askatasunean betetzen ari direna. Adinez nagusi ziren zortzi auzipetuen artean 50 urte eta zortzi hilabeteko espetxe zigorrak pilatu zituzten.
Adinez nagusi ziren zortzi auzipetuetan zigorra betetzen lehena Ainara izan zen. Ez zuten preso sartu, baina hainbat urtetan hainbat kontrol neurri bete behar izan zituen. Iñakik, berriz, 1.283 egun egin zituen zigorpean, haietatik 598 kartzelan preso. Aratzek, berriz, 2.028 egun pasa zituen zigorpean, horietatik 599 preso.