Ganbarazelai azokak bigarren edizioa izanen du

Guaixe 2024ko eka. 5a, 09:00

Jendea azokako mahaietan begira.

Ekainaren 23an, igandea, izanen da Proiektuak elkarteak sustatutako bigarren eskuko azoka. Etxean erabiltzen ez diren eta bota beharrean saldu edo trukatzea bulkatzen du ekimenak, kontsumoa murrizteko, gastuak jaitsi eta ibarra zaintzeko.

Jendeak parte hartu zuelako, antolatzaileak "poz-pozik" daude. "Lehen aldia izateko, balorazio oso ona egin dugu. Espero dugu poliki-poliki aurrera jarraitzea". Hala jakinarazi du elkarteko kide Jabi Traperok. Dagoeneko hurrengo Ganbarazelaiaren data lotuta dute: ekainaren 23, igandea, 9:30etik aurrera. Azoka ez ezik, Ekhiñe eta Irati musikarien kontzertua, eta pintxo potea izanen dira ere.

Azokaren helburua da "sakandarren ohitura, edo pentsakera aldatzea. Ezin dugu beti gauzak erosi, erosi eta erosi. Agian bigarren eskuko gauzak eskuratzen hasi behar dugu", azaldu du Traperok.  Pentsaera aldatu beharra aldarrikatu du Traperok, "gure gauzak zuzenean salgai jartzea kosta egiten zaigu". Horregatik, bigarren azoka behin eta berriz egin behar dela azpimarratu du. "Jendeak jakinen du hilabeteko azken igandean bigarren eskuko azoka dagoela". Baina garagarrilekoa aste bat aurreratu dute, San Pedro festaren biharamunean ez izateko. Aurrez aurreko azokaz aparte, ganbarazelai.org blogaren bidez Internet bidez azoka birtuala sortu nahi dute. Horretarako, 637 947 054 telefonora mezua eta argazkiak bidali daitezke Whatsapp bidez. Jasotakoak blogean eta ekimenaren Facebook eta Instagram kontuetan egonen dira ikusgai. 

Aurrenekoaz
Proiektuak elkarte antolatzaileko kideek Ganbarazelai bigarren eskuko azokan hiru postu mota aurreikusi zituzten. Alde batetik, profesionalak, "bigarren eskuko gauzak saltzea ogibide dutenak". Halako hiru postu izan ziren Ganbarazelaian, Altsasura propio etorritako saltzaileak izan ziren salmenta mahai horien atzean. Bestetik, hainbat sakandar izan ziren Proiektuak elkartearekin harremanetan jarri zirenak. Haiek emandakoak salgai jarri zituzten elkartekideek. "Gauza dezente lortu genituen", azaldu du Traperok. Arropak eta altzariak jarri zituzten salgai. Azkenik, herritarren salmahaiak zeuden. Arbizuar batek eta bi altsasuarrek jarri zituzten beraien postuak eta beraien gauzak zuzenean saldu zituzten. 

Elikagaien aprobetxamendua sustatzeko espazioa ere bada Ganbarazelaia eta, horretarako, pintxo-pote jasangarria eskaini zuen Proiektuak elkarteak. Oraingoan paella eskaini zuten, arrainen hezurrekin eta barazkiekin egina. Giro aparta izan zuten akaberan Adriana Olmedok eskainitako kontzertuarekin. Gainera, Victoria Monedero pailazoak bere emanaldia egin zuen.