Koadro txuri-gorriko atorrak nabarmenduko dira Altsasuko festetako ostiralean. Muthiko Txikiak peñak 50 urteurrena ospatuko du eta 150 bat kide ospakizunera batu dira.
Urteurrena antolatu duen taldea. Ezkerretan Ricardo Aldasoro Unamuno.
Zeinek sortu zuen peña?
Orain jarraian egindako 50 urteak betetzen ditugu. Gu atera aurretik Muthiko Txikiak existitu zen: 10-11 urteko mutiko batzuk atera ziren 1954 urtean, eta bi urte egin zituzten. Ondoren, 1959an berrartu eta beste bizpahiru urtez atera ziren.
Zer giro zegoen 1974an?
"Aldaketa urteak ziren eta kuadrilla sentimendua galtzen ari zen, nahikotxo"
Aurreko urtean Altsasuko Gazteak peña atera zen. Aldaketa urteak ziren eta festa giro gutxi zegoen. Kuadrilla sentimendua galtzen ari zen, nahikotxo. Lehen kuadrilla deitzen zitzaion, ez peña. Ez nago ziur, baina litekeena da 1972an kuadrilla bat bera ere atera ez izana. 1971an uste dut Lagun Onak besterik ez zela atera.
Ateratzea diozunean zertaz ari zara?
Festa egunetan txarangarekin kalera ateratzea. Peña gisa ulertzen dena: ez ziren soilik lagun kuadrillak, jende gehiago elkartzen zen.
Zuek pausoa ematea erabaki zenuten?
Altsasuko Gazteak atera ondoren, gaztexeagoak ginen hainbat koadriletakoak elkartzeko deialdia egin zuten. Deitzaileen artean, besteak beste, Luis Mari Lopez de Goikoetxea Sueskun zegoen. Interesa genuen guztiak elkartu gintuzten eta proposatu ziguten peña sortzea. Muthiko Txikiak izena jartzea proposatu ziguten, aurretik kuadrilla batek erabilitako izena zelako.
Esan eta egin?
Bai. Modu nahikoa prekarioan atera ginen 1974.ean. Denbora gutxi izan baikenuen festak prestatzeko, bi hilabetetan prestatu genuen dena. Gu gazteak baginen, gurekin joaten ziren musikariak are gazteagoak: musika eskolako batzuk ziren. Musika ez zen izan zitekeen onena, baina guztiarekin atera ginen festara: atorrak, kafeak eta hori guztia ere bai.
Zenbat zineten?
Hiruzpalau kuadrilla, 70 bat kide.
Segida izan zuen.
Urte hartan bertan hobe funtzionatzen hasi ginen, antolatuago. Hurrengo urteko festei begira peñako kide bakoitzak hilero 100 pezeta (0,60 euro) ordaintzen genituen. Dirua pilatu genuen eta 1975eko festak hobe prestatzeko aukera izan genuen, azpiegitura gehiago genuen. Esaterako, Txantreako txaranga bat etortzen hasi zen. Hurrengo urterako jende gehiagok eman zuen izena eta ia ehun ginen.
Aurreko peñakoak zuekin bat egin zuten?
Ez. 50. hamarkadan atera zirenak ordurako gu baino askoz ere helduagoak ziren. Proposatu ziguten eta haien izena hartu genuen.
Muthiko. Mutilak zineten bakarrik?
"Emakumezkoak peñakide egitea eskatu zigutenean ez zen inolako arazorik egon"
Bai. Txikiak, hori erlatiboa zen. Aurreneko urtean zegoen emakumezko bakarra gurekin jotzen zuen akordeoilari bat izan zen. Esandakoa, peña bi hilabetetan antolatu genuen, korrika eta presaka. Bi urtetara-edo emakumezkoak peñakide egitea eskatu zigutenean ez zen inolako arazorik egon haiek kide egiteko.
Festetako atorra zergatik da lauki txuri-gorriduna?
Aurrekoak halakoekin atera zirelako, eta erreferentzia hori genuen. Esan didatenez, arropa eta oihal denda zuen Sebastian Garciak egin zizkien festetako atorrak aurreneko peñakoei.
Pankarta egin zenuten?
Bai. Orduan lanera sartu ziren udaltzain batzuei erreferentzia egin zien.
Nolakoa zen orduko festa egun bat kuadrilla bateko kide batendako?
09:00etan ateratzen ginen. Agertzen ez zenari isuna jartzen zitzaion. Goizean txarangarekin herrian barna bueltatxo bat ematen genuen. Bazkaltzera joan eta ondoren kafean elkartzen ginen. Eta irauten genuen arte jarraitzen genuen festa egiten.
Kafeak aipatu dituzu.
Gure Etxea eraikinean eman ziguten bazkaldu ondoren. Guztiendako kafea, kopa eta purua. Eta animatuta, herriari buelta ematera, auzo bat bera ahaztu gabe.
Peña guztiak elkarrekin ibiltzen zineten?
Ez, peña bakoitza gure txarangarekin eta bere pankartarekin ibiltzen ginen herrian barna. Taberna eta piperoetako zurrakapoteetan geldialdiak egiten genituen. Herri guztira festa giroa eramatea zen gure egitekoa. Peña bakoitza nor bere alde. Herri guztira iristen ginen, baita urrutien zegoenera ere: tren geltokiko fondara ere iristen ginen. Orduan ospetsua zen. Bueltan makurrenekin kontuz ibili behar genuen, trenbideetan sartzen baitziren. Baina tira. Gainera, Txunkai auzoan ere tabernak zeuden.
Jaitsierarik bazen?
Gu atera eta hiruzpalau urtetara hasi zen. Ordura arte peña bakoitza nor bere alde ibiltzen zen. Eta pankarta nonbaiten gelditzen zen. Garai hartan bonboa eta txindatak peñetakoek jotzen genituen. Eta bakarren batek beretako hartu eta gau osoa eman zezakeen bonboa jotzen... Nahikoa anarkikoa zen. Ez zen bukatzeko modu egokia. Beraz, Zumalakarregi plazan elkartzea erabaki genuen eta banatuta, baina denak elkarren atzetik Foru plazara jaistea. Horrela, plazara iritsita, guztia jaso eta aurrera. Musika goizaldeko hirutarako bukatzen zen eta ez zegoen beste alternatibarik.
Nola antolatzen zineten peñan?
Aurrenekoa, eta garrantzitsuena, txaranga lotzea zen. Diru gehien hark eramaten zuen. Eta gero kafearena antolatzea. Kafea hainbat tabernatan eman ziguten, baita urte batez dantzalekuan ere. Gainera, goizetan zerrenda pasatzeaz arduratzen zen pertsona zegoen, agertu ez zirenei, edo berandu iritsi zirenei isunak kobratzen zien.
Gaur egun peña gehienak bat eginda daude. Zer gertatu zen?
Adinean gora egin eta ateratzeari utzi genion. Eta errelebo falta egon zen. 20-30 elkartuz gero... Lehen txaranga bat ordain zitekeen, gaur egun garestia da kontratatzea. Pentsatzen dut parte hartzea asko jaitsi zelako bat eginen zutela, ez zutela beste irtenbiderik izanen.
Aurten 50. urteurrena. Noiz hasi zineten antolatzen?
Hizketatzen hasiak ginen. Batek esan zidan: halako urteurrena antolatzen ari da. Besteak interesa duela dirudi. Horrela ez zegoen ezer egiterik. Antolakuntzan interesa zutenen berri nuenekin ados jarri, elkarrekin hitz egin eta San Pedroren ondoren antolatzen hasi ginen. Zubeztia elkartean asteartero 19:00etan elkartu gara. Antolatzen aritu gara eta ongi ateratzea espero dugu.
Festen antolaketan eskarmentua baduzue!
Baita pixka bat ahaztuta edo herdoilduta ere. Urte asko dira dagoeneko. Zortzi edo hamarren bat elkartu gara asteartero. Jasotako ideiekin osatu dugu urteurreneko egitaraua.
Zer moduzko erantzuna izan du zuen proposamenak?
Ikaragarria. Inolaz ere ez genuen halakorik espero. Ezta ametsetan ere. 150 baino gehiago elkartuko gara. Antolatzerakoan diruarekin estu ibili gara, ea bakoitzak zenbat jarri beharko genuen txaranga, hau, hura eta bestea ordaintzeko. 60 edo 70ek izen emateko esperantza genuen, hogei eurorekin ordaintzeko. Eta, begira! Hala ere nahikoa garesti atera da.
Goizean elkartu zineten?
Lehenen bezala 09:00etan ez (barrez). Zubeztia elkartean 11:00etan elkartu ginen, auzaterako. Zutik zerbait jan-edan. Txaranga etorri eta jotzen eta girotzen hasi zen. Ibilbide bat osatu genuen herriko taberna guztietatik pasa ahal izateko. Ahalegindu ginen festa herri guztira zabaltzen. Goizean Alde Zaharrean ibili ginen eta taberna pare bat dauden tokietan egin genituen geldialdiak, peñakide guztiak taberna bakarrera kolpean ez sartzeko. Tabernari batzuei joanen ginela jakinarazi genien, bestela jokoz kanpo harrapatuko genituen. 15:00etan bazkaltzera joan ginen. Ondoren zabalgunean ibiliko ginen. Aita Barandiaran adinduen egoitzatik ere pasa ginen. Eta jaitsiera egin genuen.
Himnoa baduzue?
Manuel Turrillas Ezkurra maisuak konposatua. 50. hamarkadako kuadrillakoek egin zioten enkargua. Himnoak sanferminetako kutsu handia du, eta gero jota jotzen da. Hasieran ez genekien himnoa genuenik ere. Iruñeko Aldapa peñarena kantatzen genuen, moldatuta. Doinuari letra Enrike Zelaiak jarri zion eta Jose Mari Satrustegi Zubeldiak itzuli. Askotan txarangek beste peñenak jotzen dituzte, eta hau ez dakit ezezaguna den edo zer, ez dugu entzuten. Aurten berriro entzunen da himnoa. Txarangari partiturak pasa dizkiogu, eta jendeari himnoaren letra.
Oroigarriren bat egin duzue?
Urteurren egunerako kamisetak egin ditugu, armarria eta bi datekin: 1974-2024. Bestalde, bazkariko txarteletan neska-muthiko jartzen du. Eskaera izan genuen eta hala egin dugu.
Atorra jantziko duzue?
Jakina. Nik duela 50 urteko atorra dut. Antolatzen ari garenotatik gehienek ere badute. Baina nik nirea estua dut eta semeek janzten dute. Eta batek baino gehiagok ator berria egin dugu.