Aldakinen sistema robotikoa Madrilen saritua

Guaixe 2024ko aza. 26a, 11:30

Aldakinek bere lanagatik beste aitortza bat jaso du. UTZITAKOA

Konpositeak egiteko sistema robotikoagatik jaso du saria. Sariketako gainontzeko finalistak Technoform, Blackfabric, Tecnalia eta Nanomate ziren.

Aldakinek Advanced Manufacturing España kongresuan Best Innovative Technology in Composites Manufacturing kategorian jaso zuen saria azaroaren 22an, ostiralean. Aldakini material konposatuen mekanizazio garbi, seguru eta zehatzerako sistema robotiko berritzaile bat garatzeak eman dio saria. Aldakinek sortutako sistema robotikoaren abantailetako batzuk dira: langileek norbera babesteko ekipoak erabili behar ez izatea, energia kontsumoa %22 murrizten du eta errobota egunero garbitzeko gelditu beharrik ez dago. 

Altsasuko enpresatik azaldu zutenez, "sektoreko osasun, iraunkortasun eta produktibitate erronkei erantzuten dien teknologia aurrerapena da".  Gaineratu zutenez, "sistema robotikoak, material konposatuen mekanizazioari lotutako osasun arriskuei aurre egiteaz aparte, produktibitate, zehaztasun eta iraunkortasun handiko soluzioak ere sartzen ditu". 

Aldakinek urtebete baino gutxiagoan jasotzen duen hirugarren saria da Madrilgoa. Europako Machine Tool Innovation Award 2023 saria jaso zuen abenduan. Gainera, langile kopuruaren hazkundeari eta horien garapen profesionalean egindako inbertsioari esker, Nafarroako Merkataritza Ganberak eta Banco Santanderrek emandako Prestakuntza eta Enplegurako Akzesita jaso zuen garagarrilean. Azken aitortza horrek estatuko 2025eko sarirako hautagai bihurtu du Altsasuko enpresa. 

Erlazionatuak