Langileak frontoi txikia jasotzeko lanak ilbeltzaren 24an hasi zituzten. "Lanak martxa onean doaz eta otsailean bukatuko dira", azaldu du Javier Ollo Martinez alkateak. Kirol azpiegitura berriak sei metro zabaleko frontisa eta zortzi metroko luzera duen ezker pareta izanen ditu. Frontisak eta ezker paretaren hasierak bost metroko altuera izanen du, baina ezker paretaren akaberan lau metrokoa izanen da altueran. Porlanezko 40 cm-ko zabalerako paretak izanen ditu frontoiak eta berde kolorekoa izanen da. Estalpetik pixka bat urruntzeko berdegunearen zati bat (10 m2) hartuko du frontoiak.
Lanak Xcava obras y servicios SM enpresa egiten ari da, eta 94.907,56 euro (BEZ barne) euro jasoko ditu. Obra finantzatzeko udalak Nafarroako Gobernuaren Toki Azpiegitura Planeko 58.000 euroko dirulaguntza izan du. Obra bukatutakoan, Foru plazan zegoen frontoian jokatutako pilota partida bateko une bat margotuko du Iker Uribek. Eta kantxako ezker paretan, berriz, Joxe Luis Gorrotxategiren bertso bat jarriko da, haur bat pilotan ikustearen edertasunari buruz ari den bertsoa.
Jatorria
Altsasuko pilotazaleek, kirol talde eta elkarteek eta partikularrek Altsasuko udalari pilota jokoa sustatzeko eskabidea egin zioten 2017ko azaroan. Eskaera 862 sinaduren babesarekin egin zuten. Frontoiak itxita zeudenez, neska-mutikoengan pilota zaletasuna sustatzeko, sinatzaileek Altsasuko Udalari eskatu zioten frontoi txikiak egiteko, edo, bestela, frontball pareta edo kantxak jar zitzala.
Eskaera kontuan hartu zuen udalak eta, nabarmendu duenez, "kokapena zehaztea ez da erraza izan". Herriko hainbat kokaleku aztertu zituzten, baina erdigunean ez zeudelako, trafiko zirkulaziotik hurbil zeudelako edo bestelako arrazoirengatik baztertu egin zituzten.
Kontrako ahotsak
Kokapen hobeak egon zitezkeela adierazi zuen EH Bilduk bere garaian. Koaliziotik adierazi zutenez, "jende asko ibiltzen den eremu batean frontoiak hesi bat sortuko du". Eraikuntzaren "inpaktu bisual negatiboa" ere aipatu zuen. Frontoiaren eta lokomotoraren artean sortuko den "puntu itsu eta estuaz" gaztigatu zuen.
Frontoi txikia gelditzea eskatzeko bilkura eta batzarra egin zituzten.
Eta lanak hastearekin batera, herritar talde batek lanak geldiarazteko eskatuz bi pauso eman zituen. Ilbeltzaren 27an udaletxean idatzia aurkeztu zuen. Lanak gelditzearekin batera, "pilotazaletasuna sustatu nahi bada, Burunda frontoia zabaltzea" eskatu zuten. Gogoratu dute udalarena zen Zelandiko frontoia ere itxita dagoela. "Beste frontoi bat behar izanez gero, pareta batekin nahikoa litzateke, eta azpiegituraz hain beteta ez dagoen espazio batean hobeki legoke". Azkenik, udalari "premiazko" bilera eskatu zioten, "gaiari konponbidea emateko. Mila pertsona gara udalaren arrazoirik gabeko jarduerekin nahasiak gaudenak"
Bestetik, estalpean bilkura eta batzarra egin zuten ilbeltzaren 28an. 50 bat altsasuar elkartu ziren eta hainbatek hartu zuten hitza. Bildutakoen iritziz, "urbanistikoki erokeria bat da frontoi txikia egitea. Trastetegi antza hartzen ari da. Eta, praktikoki, zentzugabea". Kultur gunea egiterakoan sortutako urbanizazio zabalean "bururatzen zaizkien gauza guztiak sartzen” dituztela salatu zuten. Ondoan Burunda frontoia izanda, “pilota zaletasuna sustatzeko" hura zabaltzea eskatu zuten. Kexu ziren udal erabakietan herritarrek parte hartzeko aukerarik ez izateagatik. Bestetik, pozik zeuden deialdiak izandako erantzunagatik eta jendearen parte hartzeagatik. "Altsasun herriari buruz hitz egiteko, herria zaintzeko eta herria hobetzeko talde bat" sortzeko nahia azaldu zuten.