egitaraua

Inauteri hotsak Altsasun

Guaixe 2025ko ots. 24a, 10:36

2024ko Altsasuko herri inauteriak. ARTXIBOA

Martxoaren 2an, 4an eta 8an ospatuko dituzte inauteriak Altsasun; inauteri txikia, herri inauteria eta hiri inauteria, hurrenez hurren. Inauterien aurreko astean ere izanen dira ekimenak; besteak beste, otsailaren 26tik martxoaren 7ra ikastetxeen eta Maite Martinezen argazkien erakusketa izanen dira.

Altsasuko inauteri garaia ofiziala martxoaren 2an izanen den arren, inauteri txikiarekin, aurreko astean ere inauterien inguruko ekimenak antolatu ditu Altsasuko Herri Ihauteri batzordeak. Otsailaren 26an, asteazkena, 17:30ean, Iortia zabalgunean inauterien erakusketaren mustutzea izanen da. Altsasuko ikastetxeetako ikasleen lanak eta Maite Martinezen herri inauterietako pertsonaien argazkiak izanen dira ikusgai Iortia kultur guneko erakusketan, martxoaren 7ra arte. 

Otsailaren 28an, ostirala, Galdakaoko Andra Mari dantza taldeak sortutako Momotxorroak: Kaos baten istorioa Altsasuko inauterien berreskurapenaren inguruko film dokumentalaren emanaldia izanen da Iortia kultur gunean, eta martxoaren 1ean, larunbata, 18:00etan, Intxostiapuntan, Altsasuko Gazteria zerbitzuak antolatuta, Altsasuko inauterien errepresentazioa izanen da, Milakolore elkartekoekin.

Martxoaren 4an, astearte inauteri eguna, herri inauteriak ospatuko dituzte Altsasun. Momotxorroak, maskaritak, juantranposoak, sorginak eta Akerra, maskaritak, goldea eta herri inauterietako bestelako pertsonaiak aterako dira kalera.  Azken urteetan Altsasuko inauteriek hartu duten oihartzunaren ondorioz batzordeak bi neurri nagusi hartu ditu: alde batetik, Zelandiko gunera mozorrotutako jendea sartuko ahalko da bakarrik. Bestetik, pertsonaia guztiei garrantzia emateko asmoz, Zelanditik lehenengo maskaritak, sorginak eta Akerra eta maskarada orokorra aterako dira, eta ondoren momotxorroak. Maskaritak berreskuratzen indarra egin du aurten ere batzodeak. Azken asteetan pertsonaia desberdinen bilerak egin ditu batzordeak. Egun horretan debekatuta egongo da Zelai, Alzanai, La Paz eta San Juan Kaleko Frontoi Zeharbidea eta Alzania kaleen arteko bidegurutzeen zatian aparkatzea. 

Altsasuko Gazte Asanbladak antolatuko du herri inauterietako herri bazkaria. Txartelak Arkangoa, Txalaparta, Lezea eta Gautxori tabernetan eros daitezke, 12 eurotan, eta menu berezirik behar izatekotan gaztetxearen Instagrametik jakinarazi daiteke. Inauterietako segizioaren parte izanen dira ere Matxingaiztoak.

Martxoaren 8an, larunbata, hiri inauteria edo Piñata eguna izanen da.

2025eko Altsasuko inauteriak

Inauteri aurreko astea

Otsailaren 26tik martxoaren 7ra

Inauteriei buruzko erakusketa, ikastetxetako ikasleen lanekin eta Maite Martinezen argazkiekin, Iortia kultur gunearen erakusketa aretoan.

Otsailak 26 asteazkena

17:30 Inauteriei buruzko erakusketaren mustutzea, Iortia zabalgunean.

Otsailak 28 ostirala

19:00 Momotxorroak: Kaos baten istorioa Galdakaoko Andra Mari dantza taldearen film dokumentalaren emanaldia, Iortia kultur gunean.

Martxoak 1 larunbata

18:00 Altsasuko inauterietako errepresentazioa Milakolorerekin, Intxostiapunta gazte gunean.

Inauteri txikia

Martxoak 2 igandea

11:30 Altsasuko erraldoiekin eta Altsasu eta Etxarri Aranazko gaiteroekin kalejira, Intxostiapuntatik.

18:00 - 19:30 Txokolate jana eta mozorro dantza Xaiborrekin. Bukaeran, Zezensuzkoa, Foru plazan (eguraldi txarrarekin Iortia zabaglunean).

Herri inauteria

Martxoak 4 asteartea

11:00 Puska biltza, Zelai Txiki kaletik hasita. Ondoren, auzatea. 
Poteoa Zangitu Fanfarrearekin, Alde Zaharrean.

14:30 Herri bazkaria, Altsasuko Gazte Asanbladak antolatuta, Burunda frontoian.

16:30 Matxingaiztoen kalejira, Altsasuko Gazte Asanbladak antolatuta, Burunda frontoitik. 
Inauteri txikiaren kontzentrazioa eta txokolate jana, Zumalakarregi plazan.

17:00 Inauteri txikiaren irteera, Eztanda Txaranga eta Altsasuko Gaiteroak lagunduta, Zuamalakarregi plazatik.

18:00 Inauteri txikiaren Foru plazara iristea, eta zezensuzkoa.

18:30 Torraden dastaketa eta dantzaldia, Foru plazan. 
Kalejira, Foru plazatik Zelandira.

18:30 Odolaren errituala eta inauteriaren kontzentrazioa, Zelandin.
Oharra: bakarrik mozorrotutako jendea sartuko da Zelandira.

19:15 Inauteriaren irteera Eztanda eta Txorongo txaragekin, Zangitu fanfarrearekin, Altsasuko gaitero eta txistulariekin eta Zapiru Trikitixa Eskolarekin. 
Oharra: lehenengo maskaritak, sorgina eta Akerra eta maskarada aterako da, eta ondoren, hesia berriz itxi, eta momotxorroak aterako dira.

19:45 Akelarrea Dantzarima dantza taldearekin, Zumalakarregi plazan.

21:00 Inauteriaren etorrera, ezkil errepika, dantza eta mozorroa kentzea, Foru plazan.

Piñata

Martxoak 8 larunbata

12:00 - 14:00 Haize Berriak bandak girotutako kalejira eta bermuta, Foru plazan eta inguruetan.

20:00 - 22:00 / 24:00 - 03:00 Jamaica Show taldearekin dantzaldia.

Erlazionatuak