Altsasuko herri ihotean, martxoaren 4an, Altsasuko Foru plazan Espainiako eta Israelgo bandera bana erre zituzten momotxorro jantzia zuten pertsona batzuk. UPNk salaketa jarri zuen eta orain Iruñeko Instrukzioko 1. zenbakiko Epaitegiak aurretiazko eginbideak ireki ditu. Guardia Civilari agindu dio gertatutakoa ikertzeko eta Altsasun Espainiako bandera publikoki erre duten pertsonak identifikatzeko. Bestalde, Altsasuko inauterietako irudi guztiak aurkezteko eskatu zaio Festaro webguneari. UPNren ustez, Espainiako bandera erretzea banderari irain egitea izan daiteke. Nafarroako VOXek bat egin du "bandera nazionala erre zuten erradikal separatisten kontrako" salaketarekin.