Sakana Lanbide Heziketa (LH) institutuak gurpildun aulkian dauden zazpi ikasleren bisita hartu zuen apirilaren 11n. Nafarroa guztiko ikastetxeetako ikasleak ziren, haietako bik Altsasuko Sagrado Corazon ikastetxean eta Iñigo Aritza ikastolan ikasten dute. Besteak beste ekintzailetasuna sustatzeko Inizia programaren barruan egin zen Gela Inklusiboak proiektua horrela bukatu zen. Ikasgelak inklusiboak egiteko LHko ikasleek zer egin zuten bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten. Sakanako LHko ikasleek aurreko ikasturtetan Sakanako Herri Eskolekin eta Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoarekin elkarlanean izan dira.
Nola bukatu duzue gurpildun aulkian dauden beste ikasle batzuekin harremanetan?
Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroko fisioterapeuta etorri zen. Azaldu zigun gurpildun aulkian dauden ikasleen egoera zein den klasean, zein zailtasun dituzten. Eta aulkiekin eta mahaiekin zerbait egin beharra zegoela esan ziguten.
Zein ikaslek parte hartu duzue proiektuan?
Erdi Mailako soldadurako 2. mailako zortzi ikasle eta Fabrikazio mekanikoko produkzioaren programazioko 2. mailako zazpi ikasle egon gara. Bakoitza gure kabuz egon gara lanean, nahiz eta proiektu bererako lan egin dugun.
Gurpildun aulkian dauden ikasleak institutukoak dira?
Ez, beste ikastetxe batzuetakoak dira. Lehen Hezkuntzako ikasleak ziren. Beraiek institutura etorri ziren, eta haiekin egon ginen. Zein ideia zuten azaldu ziguten. Esaterako, batzuek ikastetxeko aulkietatik altxatzeko arazoak zituzten. Eta, ondoren, gu hari forma ematen hasi ginen. Pentsatu genuen aulkiei beso euskarri batzuk jartzea, han indarra egin eta altxatzen laguntzeko, gurpildun aulkian errazago eseri ahal izateko. Haien ikastetxeetan halako aulki berezirik ez dago. Bestela, beste norbaiten laguntza behar dute, mendekoak dira.
Baina aulkiena ez zen lan bakarra izan.
"Mahaiak baxuak direnez, gurpildun aukiarekin ez dira sartzen"
Mahaien hanketan jartzen diren oinarri batzuk egin ditugu ere. Gurpildun aulkiarekin mahaiaren parean jarri eta, baxuak direnez, ikasleak ez dira sartzen, oinarriekin mahaia altxatzen da eta ikasleak, gurpildun aulki eta guzti egoki jar daiteke ikasmahaian. Haiek eman ziguten arazo horren berri ere.
Konponbidea lortzeko buelta asko eman zenituzten?
Aulkiari besoa soldatuz gero, ondoren ezin da kendu eta arazoa izan zitekeen. Jarri eta kendu daitekeen prototipoa egin genuen. Hasierakoa ez zen oso ona, proba zen. Ondoren, Fabrikazio mekanikoko produkzioaren programaziokoek, hiru dimentsioko makinen laguntzaz, besoa jartzeko plastikozko euskarri batzuk egin zituzten. Horiek koloretakoak dira. Metalezko besoa berdez pintatu genuen. Beraz, premia duten haurrek eta ez dutenek ere erabil dezakete aulki hori, besoa jarri eta kendu egiten baita. Mahaietan jartzen diren oinarriak ere jarri eta kendu egiten dira. Gainera, oinarriek haria dute eta horren laguntzaz altuago edo baxuago jarri daiteke mahaia.
Guztia probatu duzue?
Jakina. Emaitzarekin pozik gaude, nahiko ongi atera da.
Gurpildun aulkiarenak, zuei zer pentsatu eman dizue?
Bai. Beldurra ez, baina oso polita ez den zerbait da. Nahikoa ezjakinak gara, eta gurpildun aulkiarena serioa da. Institutua irisgarria da eta etorri zirenean hemen ez zuten arazorik, baina beste lekuak ez daude nahikoa prestatuta eta arazoak, zailtasunak dituzte. Haiek horien berri ez digute eman, baina zailtasunak ikusten ditugu. Ez dute erraztasunik.