Espainiako Gobernuak auzitegietara eraman du Espainiako banderaren erretzea

Guaixe 2025eko maiatzaren 14a

Bandera erre zuteneko unea. FESTARO

Banderari laidoa egitea izan daitekeela uste du. Herri ihoteetan,  martxoaren 4an, momotxorroz mozorrotutako batzuek Espainiako eta Israelgo banderei su eman zieten. 

Estatuko Abokatutzaren ustez, Altsasun Espainiako banderaren erreketa banderari laidoa egitea izan daiteke, eta hala jakinarazi zion instrukzioko dagokion epaitegiari. Espainiako Gobernuak Kongresuari jakinarazi dio neurri hori, Parlamentuan emandako erantzunean. Gobernuak azaldu duenez, Nafarroako Guardia Civilaren Komandantziari gertakariei buruzko txosten bat eskatu zen, eta, horrekin batera, Gobernuaren Ordezkaritzak beste bat eskatu zion Estatuko Abokatutzari, egin zitezkeen jarduerei buruz. Abokatutzak ebatzi zuen gertatutakoa Zigor Kodearen 543. artikuluan tipifikatutako banderaren aurkako iraina izan daitekeela.

Hori dela eta, gertakarien berri eman zion dagokion instrukzioko epaitegiari, "Fiskaltzaren esku-hartzearekin ikertu eta argitu daitezen". Beste erantzun parlamentario batean, Espainiako Gobernuak zehaztu du gertakariak grabatu eta sare sozialetan zabaldu zirela, eta haietan ikus daitekeenez, Momotxorro jantzia zeramaten zenbait pertsonak, eta aurpegia estalita, su eman zieten Espainiako bandera bati eta Israelgo beste bati.

Exekutiboaren arabera, une horretatik bertatik eta horrelako ekintzen aurrean ohikoa den protokoloari jarraituz, Guardia Civilak beharrezko kudeaketak egiten ditu arduradunak zein diren identifikatzeko. Banderari laidoa zelakoan, UPNk guardiako epaitegian salaketa jarri zuen.