Dantzaleku Sakanako presidentea den Adrian Claverrek azaldu duenez, "Sakanari ikusgarritasuna" eman nahi diote. Horretarako bilera deitu dute ekainaren 27an, ostirala, 18:00etan, Altsasuko Gure Etxean.
Zertarako deitu dituzue Sakanako korrikalari guztiak, korrikalariekin eskualdea egiteko?
Bai. Sakanan jende askok egiten du korrika, baina bakoitza bere kabuz aritzen da. Lasterketa batera joaten zara eta beste hogei sakandarrekin topo egiten duzu, baina bakoitza bere autoan joan da. Ez dago batasun bat. Badirudi bailaran ez dagoela talderik, baina Dantzaleku Sakana gure izena zerbaitengatik da: gurea ez da Altsasuko talde bat, Sakanako talde bat da, eta argi utzi nahi dugu.
Zein gai landuko dituzue bileran?
Korrikalari guztiak batu nahi ditugu, trailean, pistan eta asfaltoan aritzen direnak, lasterketetara joaten direnak eta besterik gabe entrenatzen dutenak. Guztiak. Hasteko, korrikalariak entzun nahi ditugu. Zer nahi duten, zer espero duten, zer botatzen duten faltan, Dantzaleku Sakana klubak zer eman ahal dien... guztia aztertu nahi dugu. Korrika egitea ez izatea bakarrik egiten den zerbait. Taldean batzea. Proposamen asko ditugu. Hasteko, gustatuko litzaiguke hurrengo denboraldian Sakana mailan talde gisa lehiatu ahal izatea bai krosean, trailean, pistan, asfaltoan... guztian, azkeneko urteetan ezinezkoa izan dena. Gaur egun Dantzalekun talde gisa lehiatu ahal izateko korrikalari gutxi daude, eta uste dugu Sakanak, bailara gisa, maila duela eta jendea badagoela modalitate guztietan taldeka korrika egiteko. Bestalde, entrenamendu taldeak sortu eta jendea taldean entrenatzera animatu nahi dugu, edo lasterketetara taldean joatea. Hau da, batasun hori lortu nahi dugu, erakusteko Sakanan badagoela korrika egiteko zaletasuna, jendea egon badagoela eta maila badugula.
"Korrikalari batzuek diote planteamendu serio batekin, Dantzaleku Sakanara itzuliko direla"
Sakanako korrikalari batzuek Hiru Herrin, Beste Iruñan edo bestelakoetan egiten dute korrika. Beraiek erakarri nahi dituzue?
Bai, gure asmoa da guztiak Dantzaleku Sakanan biltzea. Dagoeneko beste talde batzuetan dauden korrikalari batzuek esan digute planteamendu serio bat ateratzen bada, bueltatzea nahiko luketela, Dantzalekurekin korrika egiteko. Etxeko taldea da eta nahi dute, baina orain arte ez dute ikusi talde sendo bat zegoenik eta horregatik jo zuten kanpora, beharra zutelako. Guk hori bukatzea nahi dugu. Zaila izango da, agian guk momentu honetan ezin dugulako beste talde batzuek dituzten baliabideak eskaini. Baina uste dut talde gehienek kanpoan dutena guk ere badugula.
Batasuna, Sakanako taldeen artean baita ere.
Sakanan lasterketak antolatzen dituzten taldeekin (Zabalarte, Triku Trail...) harremana sustatu nahi dugu, elkarri laguntzeko. Batasuna lortu nahi dugu Sakanan dauden lasterketa eta korrikalari guztiekin. Sare bat sortu nahi dugu, korrikalari, antolatzaile, eta korrikaren munduan dabilen jende guztiaren artean, une honetan ez dagoelako.
Hankaz gora jarriko duzue guztia, onerako.
Hala espero dugu. Agian pixka bat anbiziotsu izaten ari gara, baina gogotsu gaude, indarrekin. Orain da momentua, jendeak olatua hartu duelako, arropa berria... Jasotzen ari garen erantzuna ona izaten ari da, eta uste dugu zerbait polita aterako dela hurrengo denboraldirako.