Astekaria

Dantzaleku Sakana atletismo kluba iraultzarako prest

Maider Betelu Ganboa 2025ko eka. 26a, 12:00

Dantzaleku Sakana Atletismo klubeko juntako kideek, babesleek eta korrikalariek talde argazkia egin zuten.

Klubari astindua eman dio junta berriak. Logoa eta ekipazio berria, helduen entrenamendu taldea, atletismo eskolako hobekuntzak, babesle berriak eta Sakanako korrikalari guztiak batzeko egitasmoa bulkatu du Dantzaleku Sakanak

Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak buelta bat eman dio bere jardunari. Junta berria duela zortzi hilabete hasi zen lanean, eta hausnarketa sakona eginda, hainbat behar atzeman eta erabakiak hartu ditu. Hemendik aurrera, klubak, logotipo, ekipazio eta babesle berriak izango ditu, helduen entrenamendu talde berriak, eta, jakina, eskolaren martxa onarekin segitu nahi du. Horretaz gain, Sakanako kirolari guztiak ekainaren 27an Gure Etxean egingo duten bilerara deitu dituzte. "Sare bat sortu nahi dugu, korrikalari, lasterketa antolatzaile eta korrikaren munduan dabilen jende guztiaren artean, Sakanari ikusgarritasuna eman eta elkarri laguntzeko" nabarmendu du Dantzaleku Sakanako presidente Adrian Claverrek. 

Junta berria, aire freskoa
Dantzaleku Sakana Atletismo klubaren egitasmoak ekainaren 17an aurkeztu zituzten Altsasuko Foruen plazan egindako agerraldian. Junta berria Adrian Claverrek gidatzen du eta berarekin batera Olatz Azazetak, Asier Palaciosek, Ivan Sobredok, Fermin Azkargortak, Albertok eta Ekhi Congilek osatzen dute bilkura. "Gehienak korrikalariak gara, urte asko daramatzagu atletismoan. Oso talde txukuna sortu dugu, ideia berriak sortu dira eta badirudi juntak martxa ona hartu duela". 

Klubean belaunaldi berriak sartzeko beharra zegoen. "Aurrekoek egindako lana ezinbestekoa izan da. Iñigo Agirre aurreko presidentearekin oso eskertuta nago, asko irakatsi didalako; gainera, laguntzeko prest daude. Baina berrikuntzak behar ziren eta uste dut aire fresko hori eman diogula taldeari. Jende gaztea sartu da, eta emakume bat, Olatz. Gustatuko litzaiguke junta parekidea izatea, ea emakume gehiago animatzen diren". 

Logo eta ekipazio berriak
Juntak "ikusten ez den lan asko" egin du. Emaitza astearteko aurkezpenean geratu zen agerian. Batetik, sare sozialei buelta bat eman diote, informazioa eguneratzeko, eta logoa eta ekipazioa berritzeko lanetan aritu dira. "Arropa berria egin nahi genuen, eta konturatu ginen berez Dantzaleku Sakanak ez zuela logotiporik. Letra tipo bereziak erabili izan dira, baina ez zegoen logorik". Maite Mazkiaran altsasuarrak diseinatu du logo berria. "Bi proposamen daude, nahieran erabiltzeko. Kamisetan eramango duguna letraz osatuta dago, taldeko D eta S letretan oinarritutako diseinuarekin. Bestalde, logotipo borobil bat diseinatu du Maitek, Beriain mendia eta silueteatuta atletismo pista ageri dela. Dantzaleku Sakanaren esentzia biltzen du, mendia eta pista". 

Ekipaziorako etxe berberarekin jarraituko dute, Joma. Kolorea mantendu dute, urdina, "jada gure marka delako; Dantzaleku Sakana urdinarekin lotzen da". Txandala mantendu dute, baina kamisetetan modelo berriak sartu dituzte. "Lasterketetarako kamiseta aldatu dugu; kalitate hobeagoa du, ehun aproposagoa. Bestalde, entrenatzeko merkeagoa den bat aukeratu dugu, ez horren kalitate handikoa". Trailerako edo mendi lasterketetarako kamiseta askoz ere teknikoagoaren alde egin dute, Pozik etxekoa. "Asfalto eta pistarako Joma etxea erabiliko dugu, eta trailerako, Pozik". Orain eskariak jasotzen ari dira, arropa eskatzeko.

Adrian Claver: "Babesle berriei esker ditugun egitasmoak aurrera eramango ditugu"

Babesle berriak
Dantzaleku Sakanak beste nobedade garrantzitsu bat du, babesleak, alegia. Juntako kideak han eta hemen aritu dira euren proiektua azaltzen, eta egindako hamaika bilerek uzta ona eman dute. "Iker Kirolak eta Gautxori Taberna gure bigarren babesleak izango dira. Egitasmoaren berri eman genienetik, baiezkoa eman zuten". Babesle nagusia, aldiz, Electricidad Ramos da. "Oso pozik gaude. Gure mezua jaso zutenean, bilera batera deitu gintuzten eta gure txostena bidali genien. Bileran Dantzaleku Sakanan dugun egitasmoa oso gustukoa dutela esan ziguten: atletismo eskola sustatzeko ekimena, korrikalari sakandarrak batzeko egitasmoa... Gure ideiak euren filosofiarekin bat egiten dutela azaldu ziguten, eurak ere herriko enpresa bat direla, Sakanan presentzia izan nahi duena. Bi urterako hitzarmena sinatu dugu, guztia ongi badoa, luzatuko dena". 

Bazkideak
Izan ere, zehaztutako egitasmoak aurrera eramateko aurrekontua behar da. Dantzaleku Sakanak bazkideak dauzka, baina ez zen nahikoa. "Bazkideek urtero 18 euroko kuota ordaintzen dute, oso merkea. Guk hala mantendu nahi dugu, gurea klub herrikoia izaten jarraitzeko; horretarako babesleak lortzea, ez dago besterik". Babesleak lortzea "gakoa" izan da, "ditugun helburuak aurrera eraman ditzakegulako". 

Bazkideen kopuruak gora egin du. "Arropa eskatzeko epea zabaldu genuen eta Sare Sozialetan egin genuen difusioa. Hori nolabaiteko booma izan da. Juntan hasi ginenetik 50-60 pertsona inguru egin dira bazkide; egun, 160-170 inguru izango gara". 

Klubak San Silvestre, Onddo Lasterketa eta Altsasuko Krosa antolatzen ditu

Eskolaren balorazio ona
Dantzaleku Sakana atletismo eskolaren balorazio ona egin du presidenteak. Fermin Azkargorta, Aitor Mendoza eta Jare Maiza monitoreek trebatutako 80 gaztetxoek emaitza ederrak lortu dituzte krosean, pistan eta mendi lasterketetan. "Oso pozik gaude lortu dituzten emaitza onengatik baina bereziki eskolaren martxarekin. Juntak, monitoreek, gurasoek, ikasleek... harreman handia izan dugu elkarrekin. Talde guztiek asko disfrutatu dute eta eskolan jarraitu nahi dute eta guretako hori da baloraziorik positiboena". Eskola hobetzea da nahia, eta lasterketak prestatzeari begira, teknifikazio ikastaroa gehituko dute. "Aholkularitzan ordu asko eman ditugu, monitoreen lan baldintzak hobetu nahi ditugunez ekonomikoki ea nola egin dezakegun ikusteko". 

Bestalde, helduen entrenamendu taldea sortu zuten martxoan Fermin Azkargorta monitorearekin, datorren denboraldian segida izango duena. "Jendea oso gustura dago kualifikatutako monitore batekin elkarrekin entrenatzen". 

Berrikuntzak "oso gogotsu" hartu omen ditu jendeak. "Sarritan esaten digute: hara, bizirik dago Dantzaleku Sakana. Eta bai, bizirik gaude".