Burunda frontoia pilotazaleen jopuntuan dago, Nafarroa Arenarekin batera. Izan ere, bi pilotaleku nafarretan erabakiko da CaixaBank Mastersa. Iruñekoan A Serieko finalerdiak eta finala jokatuko dira irailaren 12an eta 14an, eta Altsasukoan B Serieko final handia, irailaren 13an 17:30ean hasiko den jaialdian.
Irailaren 10ean B Serieko finaleko pilotak aukeratu zituzten finalistek, Dario Gomezek eta Josu Eskirozek, batetik, eta Peio Etxeberriak eta Aimar Morgaetxebarriak, bestetik.
Etxeberria, gogotsu
Peio Etxeberria B Seriean aritu da, katedraren zati handi baten harridurarako. "Denok nahi dugu lehen mailan jokatu, baina B Seriean arituko nintzela esan zidatenean argi izan nuen bigarren mailan nire onena ematen saiatu beharra nuela. Hasiera zaila izan genuen, lehen bi jardunaldietan ezin izan nuelako jokatu eta hirugarrena galdu genuelako, baina hortik aurrera ez dugu partidarik galdu. Aimar momentu onean dagoela uste dut, eta irailaren 13an hemen ilusio handiarekin egongo gara".
Altsasuko pilotalekuak estrañoak egiten dituela jakina da. "Frontoirik arraroena da. Ez da noblea, Labrit bezalakoa, bertan beti berdin ateratzen baita pilota. Altsasukoak Labriten neurri berberak izango ditu, baina oso ezberdina da. Hori laurendako da; beraz, ez dago aitzakiarik".
Final zaila aurreikusten du. "Beldurrarekin etorriko gara. Beraiek ez dute partidarik galdu; Dariok sekulako uda darama, eta Josuk partida asko eta ongi jokatu ditu. Final zaila dugu aurretik, baina partida batera edozeinek irabaz dezake. Morgak eta biok ondo konpondu beharko dugu elkar, eta beraiek baino akats gutxiago egin, kontuan hartuta berez ez dituztela asko egiten. Hor egongo da partida".
Arerioek hautatutako pilota bat ez zuen gustuko izan. "Erremontekoa dirudi, zazpian eman eta errebotera joaten dela ikusi da. Larunbatean asko joaten dela hobeki ikusiko da. Gainontzeko pilotez ez dago ezer esaterik".
Eskiroz, txapelketa biribiltzera
Dariok eta Eskirozek sekulako txapelketa egin dute orain arte. Partida guztiak irabazita iritsi dira finalera, baina argi dute finala beste kontu bat dela. "Finalek beti xarma berezia izaten dute. Nahiz eta orain arte guretako txapelketa perfektua izan den, irailaren 13an Altsasun zerotik hasiko gara. Ea txapelketa biribiltzerik dugun" azaldu du Eskirozek. Altsasuko frontoiaren ezaugarri bereziez, ez du aitzakiarik jarri. "Egia da ez gaudela hemen jokatzera ohituta. Frontoi berezia da, baina laurendako berdina da, eta, beraz, ez dago aitzakiarik".
Etxeberriak euren pilota bat asko ateratzen dela esandakoaren aurrean, ez zaio horrenbesterako iruditzen. "Uste dut pilotak ez direla soberakoak. Aukeraketa egunean pilotek sebo asko izaten dute eta horrekin asko irteten dira, baina gero lau tantotan gastatzen dira. Pilotekin ez dagoela aitzakirik uste dut".
Final handirako gogotsu dago Eskiroz. "Familikoak eta lagunak Altsasura etortzekoak dira. Bertako festak direnez, giro ona egongo dela uste dut. Bertako jende asko ezagutzen dugu, pilota jarraitzaileak, beti frontoira hurbiltzen den jendea. Uste dut final erakargarria dutela aurretik. Giro ona eta polita izatea espero dut. Dariorekin sekula jokatua nintzen, eta finala irabaztea txapelketa biribiltzea litzateke. Ea ospatzerik dugun".