pilota

Dario eta Eskiroz txapeldun Altsasuko final handian

Guaixe 2025eko irailaren 15a

Finala oso paretsua izan zen bukaeraraino, baina Darioren eta Eskirozen alde erori zen.

Burundan jokatutako B Serieko CaixaBank Masterseko final estu bezain ikusgarrian, P. Etxeberria eta Morgaetxebarria mendean hartu zituzten azken txanpan

Irailaren 13an Burunda pilotalekuan bildu ziren pilotazaleak gustura atera ziren Altsasuko frontoian bizitakoarekin. Hasieran lehen mailako profesionalen partidarekin disfrutatu zuten, eta, segidan, B Serieko CaixaBank Masterseko finala zegoen jokoan, ustez baino lehiatu eta borrokatuagoa izan zena, pilotazaleen gozamenerako. 

Lehen partidan, Ezkurdiak eta Martijak Elordi eta Rezusta izan zituzten aurkari. Hasieran parez-pare aritu ziren bi taldeak. Burunda pilotalekua sakandarrekin bat zegoen, eta gogoz txalotu zituen Ezkurdiaren eta Martijaren tantoak. Markagailua estu zihoan, baina bukaera aldera, ordea, Elordik gehiago asmatu zuen, eta Rezustaren laguntza bikainarekin 19-22 gailendu ziren. 

Finala, oso gogorra
B Serieko CaixaBank Masterseko finalean, Peio Etxeberriak, Aimar Morgaetxebarriak, Dario Gomezek eta Iosu Eskirozek goi mailako final handi eta gogor horietako bat egin zuten, zaletasuna sortzen duena. Lau pilotariek kantxan dena eman zuten. 

Dariok eta Eskirozek txapelketan partidarik galdu ez zutela eta alde horretatik faboritoak zirela jakitun, Etxeberria eta Morgaetxebarria hozka egitera atera ziren hasieratik, eta 0-4, 1-5 eta 2-6 aurreratu ziren. Peio Etxeberria ikusgarri aritu zen, baina Morgaetxebarria ez zen gutxiagorako izan. Lauren artean gazteena zen, esperientzia gutxiena zuena, bere lehen finala baitzen, baina bizkaitarra ez zen kikildu. Etxeberriak erritmo bizia ezarri zuen, Dario itotzen saiatu zen eta Eskiroz estutu zuen, defentsa lan ederra eginez, Morgaetxebarriari pilota asko kendu baitzizkion. Izan ere, Peio Etxeberria jokoz kanpo uztea eta jokoa atzera kargatzea izan zen Darioren eta Eskirozen estrategia, baina atzelari bizkaitarrak ongi eutsi zion. 

Final erditik aurrera finala asko gogortu zen. Partidan lehenengoz 12-11 jarri ziren aurretik Dario eta Eskiroz, baina parekotasuna izan zen ezaugarri nagusia. Inork ez zuen partida apurtzea lortzen, eta parez pare egon zen markagailua bukaerara arte. Zazpi aldiz berdindu zuten. Azken txanpan Dariok tanto bereziki gogorra atera zuen bere alde, 47 pilotakadakoa. Ordurako nekea nabaritzen hasi ziren pilotariak eta tanto horrek airea eman zien gorriei. Dejada bati eta bipareta bati esker, 22-19 irabazi zuten Dariok eta Eskirozek, txapelketa ederki borobilduz. Peio Etxeberriari eta Morgaetxebarriari ez zaie inolako bainarik jarri behar: oso garesti saldu zuren garaipena ordu eta erdi iraun eta ia 800 pilotakada gurutzatu ziren finalean.