Kanpoko auditoriak eskolaren esleipen eta exekuzio prozedurak bermatu ditu

Guaixe 2026ko otsailaren 5a

Arbizuko eskola egiteko lanak. ARTXIBOA

Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak Nafarroako Parlamentura txosten independentea bidali zuen atzo, ilbeltzak 4.  

Arbizuko ikastetxe publikoa eraikitzeko obren kontratuen lizitazio, esleipen, publizitate, formalizazio eta exekuzio prozedurak, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen artikulu guztietan, araudiaren araberakoak izan ziren. Hala dio Echarri & Diez S.L.L. aholkularitzak egindako kanpoko auditoretza, Nafarroako Gobernuak eskatu ziona.

Arbizuko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoa eraikitzeko obra kontratua Acciona Construcción SAk eta Alegure SLk osatutako aldi baterako enpresa elkarteari (ABEE) eman zion gobernuak 2018an. Kanpo auditoretzan jaso denez, kontratazio mahaiaren osaerak legezko baldintzak bete zituela, bai eta kontratua prestatzeko jarduketak, espedientearen onarpena eta lizitazio iragarkiaren argitalpena indarrean dagoen araudiaren arabera egin zirela ere.

Era berean, kanpo auditoriak adierazten du, pertsona juridikoak bakarrik biltzen direnez, ez zegoela obligaziorik administratzaileen balizko bateraezintasunak deklaratzeko. Halaber, egiaztatzen du Alegure SLren kaudimen teknikoa edo profesionala Acciona Construcción SAren kaudimenaren bidez egiaztatu zela, Kontratu Publikoei buruzko 6/2006 Foru Legearen 15. artikuluaren arabera, eta aurkeztu zuten dokumentazioa administrazio klausula zehatzen pleguan eskatutakoari egokitu zitzaiola.

Aurrerago, auditoretza txostenak zehazten du formulen bidez baloratutako irizpideak puntuazio osoaren %70era iritsi zirela eta lizitazio iragarkia Nafarroako Kontratazio Atarian argitaratu zela 2018ko maiatzaren 4an, eskaintzak aurkezteko 18 egun naturaleko gutxieneko epea beteta. Hain zuzen ere, eta auditoriaren arabera, ABEE esleipendunak aurkeztutako eskaintza, kontratuaren balio zenbatetsiarekiko %8,89ko bajarekin, ez zen "anormalki baxutzat" jo, eta erabakigarria izan zen kontratuaren esleipenean.

Kontratuak gauzatzeari dagokionez, txostenak bi kontratu aldaketa jasotzen ditu; besteak beste, obrak egiteko epea bi hilabetez luzatzea, 2019ko garagarrilaren 30era arte, eta izapideek 6/2006 Foru Legearen 105.etik 109.era bitarteko artikuluetan xedatutakoa bete zuten. Aldi baterako enpresa elkarteari aitortzen dio, halaber, 84.909,14 euro jasotzeko eskubidea, BEZa barne, kontratua luzatzeko epealdi horretarako (2 hilabete) exekuzio materialaren aurrekontuaren gastu orokorren eta zeharkako kostuen kontzeptuan, zenbateko hori 6/2006 Foru Legearen 105.3 artikuluan xedatutakoa errespetatuz, ez baitu esleipenaren zenbatekoaren %20 gainditzen. Zehazki, aldaketen zenbateko metatua esleipen balioaren %4,20 izan zen, eta egiaztatu zen aldaketa horren euskarri izan ziren txosten teknikoak arrazoizkoak izan zirela eta aldaketa behar bezala izapidetu zela.