Altsasuko ihote txikia ospatu zen domekan, otsailak 15. Eguerdian erraldoien kalejira izan zen, Etxarri Aranazko eta Altsasuko gaitariek girotuta. Abiatu zirenerako haurrak beraien mozorroekin kalean zeuden. Arratsaldean txokolate jana eta musika animazioa izan ziren Foru plazan. Baina eguerdian ez bezala, arratsaldean euria egin zuen eta, horregatik, festa ez zen erabatekoa izan. Haurren ospakizunari zezensuzkoak eman zion akabera. Hark botatako txinparta batek Bergera etxeko balkoian ihoteetarako jarritako apaingarriak jo eta sua piztu zuen. Zorionez, berehala itzali zuten.