Bidegorria egiteko lanak basoan hasi dira

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko martxoaren 18a

Herrigunea Altsasu Institutua eta Iñigo Aritza ikastolarekin eta Dantzaleku kirol gunearekin lotuko ditu.

Bizikletendako ibilbidea egiteko lanak otsaileko azkeneko astean hasi ziren. Basamuturko bidegurutzetik Dantzalekura zeraman porlanezko bidea jasotzea izan zen langileek egindako lana. Haren ordez bi metro zabal duen bidea eginen dute. Basamuturko bidegurutzearen seinaleztapen lanak eginen dituzte, txirrindulariek bidegurutzea segurtasunez pasatu eta institutura eta ikastolarantz jo ahal izateko. Egungo bidearen eskuin aldetik eginen da han bidegorria. Hori lanen bigarren fasea da. Bi ikastetxeetatik Dantzalekurantz joan nahi dutenendako ere bidegurutze ondoan beste pasabide bat seinaleztatuko da San Pedrorako bidean. 

Lanen lehen fasea herrigunetik aipatutako bidegurutzerainokoa da. Egungo bidearen eskuin aldean eginen dute bidegorria. Horrek eskatuko du, besteak beste, Uzkullu errekaren gaineko zubia zabaltzea. 

Lanak Xcava Obras y Servicios enpresa egiten ari da. Hiru hilabete ditu despeditzeko. Obraren truke 301.400 euro (BEZik gabe) jasoko ditu. Lanak finantzatzeko udalak 312.374 euroko dirulaguntza du. 

Bidegorria egiteko beste tramite bat
Proiektuaren lehen fasean ukitutako lur sail batzuen desjabetzea egin behar da. Zehazki sei lur jaberi 349,84 metro karratu desjabetuko dizkie udalak. Haietako hiru lursail belardia dira, beste bat lehorreko lurra eta beste bi lursailetan askotariko zuhaitzak daude. 

Proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko deialdia egin du Altsasuko Udalak. Sei lur jabe horiek martxoaren 27an udaletxera joan beharko dute, okupatu aurreko aktak egiteko eta, hala badagokio, eraginpeko ondasun eta eskubideak behin betiko okupatzeko.