Apirilaren 11n txaranga doinuak entzun ziren Altsasuko kaleetatik, jendearen ezustearen artean. "Zer da gaur, bada?". Eztanda Txarangako kideek eta lagunek, modu "inprobisatu" batean instrumentuak hartu jotzea erabaki zuten. Izan ere, egunero ez dira bost urte betetzen; bazkari baterako elkartu ziren, eta jotzeko baliatu zuten topaketa. "Bidean jendea ezagutzen duzu, eta elkarrekin ospatzeko" elkartu ziren musikariak.
Izar Lizarraga, Alain Jaka eta Asier Valdivieso txarangako hiru kide dira. Lizarraga zertxobait beranduago sartu zen, baina Jaka eta Valdivieso sorreran izan ziren. Txarangako hasierako uneak gogoratu dituzte. "Niri Manerok, txarangako beste kide batek, esan zidan ea nahi nuen txaranga batean sartu; oraindik ez ziren jotzen hasi, baina txaranga bat sortu nahi zutela eta ea entseatzera animatzen nintzen esan zidan", azaldu du Jakak. Gutxi batzuk entseatzen hasi ziren, eta "pixkanaka" aurrera egin zuten. Txarangan hasi ziren kide gehienak Altsasuko Musika eta Dantza Eskolako ikaskideak edo Haize Berriak bandako kideak ziren, eta harremana zuten. Valdivieso: "Gehienok musika eskolan ikasi genuen edo, bestela, bandan egon ginen. Niri ere Manerok esan zidan; beti egon naiz berarekin musika eskolan, fanfarrean, bandan...". Hamar kide hasi ziren txarangan, "orain antzeko gaude", gaineratu du Lizarragak.
Musika talde mota asko daude, baina txarangak "kalera ateratzeko eta jendearekin egoteko" aukera ematen duela esan du Lizarragak; "giro lasaiago batean egoteko aukera ematen dizu; giroan sartzeko aukera".
Bost urte
Bost urte hauetako ibilbidea, orokorrean, "lineala" izan dela azaldu du Valdiviesok. "Urtero udan jotzen egon gara, udan nahiko jo izan dugu, hainbat tokitan". Aurreko urtean "gora behera txiki bat" izan zutela esan du, "hiru kide joan zirelako, eta zer egingo genuen zalantzarekin egon ginen; ez genekien aurrera jarraitu edo gelditu, ez genuelako nahiko jenderik kalean jotzeko". Baina aurrera jarraitu dute eta orain "ongi" daude; "beste urtetan bezala" jotzeko prest.
Nola aurkitzen ditu txaranga batek kide berriak? "Ahoz ahokoaren bidez izaten da; batetik bestera esaten da, normalean gure artean bilatzen dugu", azaldu du Lizarragak. Hortaz, ezagutzen duten edo inguruan duten musikariei ea entseatzera joan nahi duten esaten diete, eta egunen batean tokata batera joateko esaten zaie, "adibidez, tronboi jole batek ezin badu, hura ordezkatzeko". Horrela, pixkanaka txarangan sartzen doaz.
"Musikari bezala aldatu dugu; azkenean, hasi ginenean oso gazteak ginen, eta aldaketa nabaritzen da". Jotzen duten musika estilo aldetik ere "aldaketa" egon dela azaldu du Lizarragak: "Orokorrean egon den estilo aldaketa txarangetan ere ikusten da. Lehen entzuten diren gauzak orain ez dira hainbeste entzuten edo dagoeneko oso entzunak daude". Eztanda garaian garaiko entzuten diren abestiak jotzen saiatzen dira; hortaz, "denetarik" jotzen saiatzen dira. "Adibidez, uda honetan X abesti ospetsu egiten bada, hor egongo gara txarangan moldaketa ateratzen".
Txarangan
Eztandako kide gehienak txarangarekin batera edo barruan hazi dira oso gazte hasi zirelako. Valdivieso: "Polita izan da. Txikitatik txarangak gustatzen zitzazkidan, eta barruan zaudenean sortzen duzun anbientea ikustea oso polita da". Parrandaren "munduan" bat-batean murgildu zirela gaineratu du Lizarragak, "nik uste dut beste modu batean ez genuela aukerarik izango hain goiz sartzeko".
Jendea festaz disfrutatzen eta parrandan dagoenean, txarangako kideak lanean ari dira. "Bai, baina beno, txarangan jotzea gustatzen bazaizu, giroan zaude; nahiz eta beste modu batean egon, anbientean zaude. Gustura zaude eta ongi pasatzen duzu", azaldu du Jakak. Gainera, beste tokiak ezagutzeko aukera ematen die, beste modu batean ez lituzkete hainbeste leku eta festa ezagutuko.
Bost urte hauetan hainbat emanaldi eman ditu Eztanda Txarangak. Denboraldi nagusia uda dela esan dute kideek; astero gutxi gorabehera emanaldi bat dute. Bestetik, uda hasi aurretik eta bukaeran ere, udazkenean, astebururen batean edo emanaldi baten bat izaten dutela gaineratu dute.
Hernanira lehenengo aldiz joan zirenean gogoan dute modu berezia; "lehenetarikoa izan zen, giroan sartzea; lehenengo urtean izan zen eta ni ez nintzen egon urte horretan, baina lehenetarikoa izan zen". Jaka: "Tokata garrantzitsu bat izan zen, guretzat garrantzitsua". Sakanatik kanpo egiten zuten lehenengo emanaldia zen.
Lagunak
"Bost urte pasa ditugu elkarrekin, gaztetik hasi ginen, eta horrek asko lotzen du"
Eztanda Txaranga lagun talde "moduko" bat da, "lagunak bilakatu gara; azkenean, ongi pasatzera eta gure artean ongi pasatzeko elkartzen gara", azaldu du Lizarragak. Txarangatik kanpo ere elkartzen dira, "esango genuke hori dela garrantzitsuena". Gazteak dira, ongi eramaten dira, eta elkarrekin ongi pasatzen dutela gaineratu dute kideek. "Azkenean, bost urte pasa ditugu elkarrekin, gaztetik hasi ginen, eta horrek asko lotzen du".
