Lanbide Heziketako ikasleek paseo osasuntsuan parte hartu dute

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko ekainaren 16a

Paseo osasuntsuko eta Lanbide Heziketako ikasleen talde argazkia. UTZITAKOA

Komunitatea Ehuntzen programako jardueraren akaberan adinekoei zuzendutako ekimen bat dira paseoak. Paseoak bestelako jarduerekin osatzen ari dira, esaterako, garbigunera bisita.

Paseo osasuntsuetan parte hartzeko hitzordua osasun etxean jarrita dago, astelehenero, 10:00etan. Ekimena apirilaren 13an hasi zen eta herrian barnako ibilbide bat egitean datza, beti ere, mantsoen dabilen erritmoa errespetatuz. Astelehenean, garagarrilak 8, gazte koadrila batek bat egin zuen paseo osasuntsuetako parte hartzaileekin. Lanbide Heziketan mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako arreta erdi mailako zikloa ikasten ari diren ikasleak ziren, 1. eta 2. mailakoak. Guztiak Altsasun barnako paseoa egin zuten eta ibilbidea estalpean bukatu zuten. Han ikasleek Belaunaldien arteko Topaketa antolatuta zuten.

Izadi Razkin Ruiz ikasleak azaldu duenez, "irakasleak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek antolatutako paseo osasuntsuen berri eman zigun. Erabaki genuen paseoa bakarrik egin beharrean hainbat jarduera egitea". Bigarren mailako ikasleak paseo osasuntsuan parte hartu zuten, bitartean lehen mailakoak prestaketa lanak egin zituzten estalpean. Kiara Pozo Arce ikasleak argitu duenez, "beraiek entretenituago egoteko hainbat joko antolatu ditugu. Ideia ona zela pentsatu dugu. Mahaiak jarri eta kartetan jolasten aritu dira. Zunba egiteko txoko bat egon da. Boloetan eta hiruko marran jokatzeko txoko bana zegoen. Baita jarduera fisikoa egiteko ere".

Pozok esan duenez, "oso ongi moldatu gara. Uste nuen mendekotasun maila handiagoa zuten pertsonak egonen zirela. Oso ongi ibili gara". Paseoan ibiltzen diren adinekoak ere "oso gustura, oso pozik" egon zirela adierazi zuten. "Beste jarrera bat izan behar zutela uste nuen", esan du Razkinek. "Horrelako jarduerekin beraiekin erlazionatzen gara eta haiekin egoten jakiten duzu", gaineratu du. Pozok esperientzia errepikatzeko modukoa dela baieztatu du: "oso gustura egon naiz".

Ikasketez
Ikasketa horiek zergatik aukeratu zuten galdetuta, Pozok azaldu zuenez, "pertsona horiei laguntza ematea gustuko dudalako ari naiz ikasten". Razkinek azaldu duenez, "ez nintzen gai Batxilergo bat egiteko. Pertsonei laguntzea asko gustatzen zait eta, horregatik, aukeratu nuen erdi mailako ikasketa horiek". Pozok nabarmendu duenez, "askok pentsatzen dute ziklo hau dela ipurdiak garbitzeko. Literalki. Baina gauza pila ikasten dira: pentsaera, haien ikuspegia..." Razkinek gaineratu duenez, "akonpainamendua ematea, haiek entzutea... Azken hori oso garrantzitsua da, haiek entzutea".  

Mendekotasuna duten pertsonen egoeratara egokitzen ikasten dutela azaldu dute. "Beraiek pertsonak dira. Batzuetan pentsatzen dugu zaharrak direnez, beste pentsaera bat dutenez, nahi dutena egin behar dutela. Baina ez", azaldu du Pozok. Ikasitakoa praktikatzeko nola moldatzen diren azaldu du Razkinek: "aurreneko ikasturtean hilabete egiten dugu praktiketan egoitzetan, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean edo psikiatrikoetan. Bigarren ikasturtekoek hiru hilabeteko iraupena dute eta oraintxe egin ditugu". Esperientziaz galdetuta, "oso zaila da", esan du Pozok, "mentalitate onarekin joan behar duzu, baina oso zaila da. Hori ez dago pertsona guztiendako egina", zehaztu du. Razkinek esan duenez, "ikasitakoaren eta errealitatearen artean aldea dago eta ez. Errealitatea oso desberdina da, oso gogorra. Egoera oso zailak daude, eta horiek aurrera eramatea pixka bat konplikatua da". 

Segida
Paseo osasuntsuetako parte hartzaileek gosari osasuntsua izan zuten atzo, garagarrilak 15. Parte hartzaileek ibilbidean Sagrado corazon ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailako ikasleak izan zituzten lagun. Errigora ekimena ezagutu zuten eta hark emandako produktuekin prestatutako gosaria dastatzeko aukera izan zuten. Lacturaleren esnekiak ere izan ziren. 

Komunitatea Ehuntzen programaren barruan, kulturartekotasuna lantzeko egitasmoarekin segituz, Brasilgo kulturaren berri emanen dute jubilatu elkartearen egoitzan ostegunean, garagarrilak 18.