Salinas zenaren berri ematen duen panela

Guaixe

Osasun etxearen sarrera ondoan dago informazio panela.

Osasun etxearen ondoan dago eta hura oroitu eta omendu nahi du.  

Altsasuko Udalak Constantino Salinas Jaca zenaren berri ematen duen informazio panela osasun etxearen ondoan jarri zuen garila akaberan. Salinas medikua zen eta 1914 eta 1936 urteen artean Altsasun aritu zen. Udalak panelean azaldu duenez, "Altsasuren eta Nafarroaren ongizatearekin eta interes orokorrarekin konprometitua, Errepublika garaian zinegotzia izan zen, baita Nafarroako Foru Aldundiko Kudeaketa Batzordeko lehendakariordea ere. Nabarmena izan zen osasun publikoaren arloan hobekuntzak lortzeko egin zuen lana". 1936ko estatu kolpearen ondorioz, herria utzi behar izan zuen eta Buenos Airesen hil zen 1966an. 

Herriko osasun etxeak Salinasen izena zuen ate nagusiaren gainean. Baina Osasunbideak lanak egin zituen 2021ean eta kartela kendu eta, hautsita, bazter batean bota zuen. Altsasuko Udalak alferrik eskatu zuen kartela berriro jartzea. Hori dela eta, EH Bilduk aurkeztutako mozio bat aho batez onartu eta informazio panela jartzea erabaki zuen udalak.