Animaliek lagundutako esku hartzeak egiten ditu Biak Bat elkarteak, eta haien bidez pertsonen behar psikosozialak ase nahi dituzte. Animaliek lagundutako terapia saioak edozeinen eskura egon daitezen, elkarteak hirugarren beka deialdia egin du. Zehazki, Lau zango, milaka irri programan parte hartzeko bekak dira. Programa horren bidez elkarteko kideek animaliekin eta naturarekin lagundutako esku hartzeak egiten dituzte, haur eta nerabeen garapenean laguntzeko.
Elkartearen hirugarren beka deialdian hiru beka emanen dira. Aurrena Lacunza Kalor Group enpresak babestutako beka da, eta enpresako langileen seme-alabei zuzendutakoa da. Hurrena Sakana Group beka da. Onuradunaren saioen kostuaren %100 ordainduko du enpresak hiru hilabetez. Sakana Group-eko langile baten seme-alaba edo odol ahaidetasuneko edo ezkontza ahaidetasuneko 2. edo 3. mailako senideak izan daitezke beka deialdi horretara aurkez daitezkeenak. Bi beka horien onuraduna 20 urte bitartekoak izanen dira eta garapenean beharrak izan beharko dituzte. Azkenik, Biak Bat beka dago. Haren onuradunak hiru hilabeterako saioak prezio murriztuan izanen du, 30 euroan. Beka deialdi hori herritar guztiei irekia da.
Beka deialdira eskaera aurkeztu nahi duenak irailaren 30era arteko epea du. Izen ematea biakbat.eus/eu webgunearen bidez egin behar da. Informazioa nahi duenak info.biakbat@gmail.com edo 646 123 768 telefono zenbakira hots egin dezake.