Altsasuko Udaletxeko lanak despedituta

Guaixe

Udaletxe berrituko bulegoetako batzuk. UDALA

Bigarren faseko lanak bukatzean zabalduko dute jendearendako.

Altsasuko udaletxea guztiz eraberritzeko lanen lehen fasea despeditu da. Obra horien bidez espazioen banaketa berria egin da eta irisgarritasuna, isolamendu termikoa eta akustikoa hobetu dira. Javier Ollo Martinez alkateak jakinarazi duenez, lanen bigarren faseko lanak emateko deialdia aurki eginen du udalak. Bigarren fase horretan udal artxiboarendako egoitza berria eginen da udaletxeko atzeko aldean. Eta udaltzaingoaren egoitza udaletxe ondoko eraikinean eginen da. 

Lanak direla eta, otsailaren 16az geroztik udal zerbitzuak beste eraikin batzuetan daude. Garbitoki eraikinaren lehen solairuan daude erregistroa, ogasuna, katastroa, giza baliabideak, errolda, alkatetza eta idazkaritza. Iortia kultur guneko erakusketa gelan, berriz, udaltzaingoa eta hirigintza. Ollok jakinarazi duenez, bigarren faseko lanak despeditzean bueltatuko dira udal zerbitzuak udaletxera. Aldaketa lehenago eginen duena udaltzaingoa izanen da. 

Obrak 1.418.397,17 euroko aurrekontua zuen. Lana finantzatzeko udalak Nafarroako Gobernuaren 2025eko aurrekontuetatik 300.000 euro eta 2026kotik 230.000 euro jasoko ditu zuzenean. Geroa Baik aurkeztutako zuzenketa pare bati esker izan zen hori. Bestetik, Altsasuko Udalak foru administrazioaren 2026-2028 Toki Inbertsioen Planaren deialdiko 180.000 euro jaso ditu lan horretarako.