Altsasu Kirol Elkarteak 2026/2027 denboraldiko taldeen aurkezpena egin zuen urriaren 12an Dantzalekun. Guztira hamazazpi talde dira, horietatik hamabost futbol talde, tartean bi nesken talde, eta areto futboleko bi talde, mutilenak.
Aurten nobedade gazi-gozoak izan dira. Gaziak, aurreko denboraldian nesken hirugarren mailan denboraldi ikaragarria egin zuen Altsasu taldea aurten ez delako atera; eta, gozoak, aurten mutilen erregional talde berria sortu delako, Altsasu B, eta aurrebenjaminen mailan 22 haurrek eman dutelako izena. "Hori asko da, oso pozik gaude" azaldu zuen klubeko hiru futbol koordinatzaileetako batek, Jenni Ubedak. Talde guztiek denboraldia "oso gogotsu" hasi dutela gaineratu zuen.
Behe mailatik hasita maila goreneraino, Altsasu futbol eta areto futbol taldeetako futbolariak banaka atera ziren Dantzaleku zelaira, Aitziber Etxaiz aurkezleak euren izena zerrendatzen zuen bitartean. Haiekin batera, euren entrenatzaileak. Zenbakiak, potoloak dira: hamazazpi talde, ia 300 jokalari eta 32 entrenatzaile.
Taldeak
Aurrebenjaminen taldeko entrenatzaileak Nerea Arellano eta Jenni Ubeda dira; bigarren urteko benjaminena Alicia Elizalde; lehen urteko benjaminena Iñaki Cristobal; kimuen C mailakoak Unai De Los Santos eta Aitzol Hernaz; kimuen B mailakoak Unai Martinez, Ekai Vicente eta Oihan Otxoa de Eribe; kimuen A mailakoak Mikel Zufiaurre eta Eneko Galan; bigarren infantil mailakoak Gorka Gasco eta Asier Somocurcio; lehen infantilekoak Aaron Ramos eta Aritz Zabala; bigarren kadeteena Luis Rodriguez eta Bruno Miguel Maia; kadete preferenteena Julian Sevilla eta Eneko Guajardo; nesken kadeteena Raul Agirre; nesken jubenil-kadeteena Nerea Arellano eta Nahia Lopez de Goikoetxea; bigarren jubenilenak Gurutz Goikoetxea eta Aitor Augusto; erregional mailakoak Jon Arratibel eta Sergio Perez; preferente mailakoak Ivan Claver eta Aaron Ramos; lehen maila autonomikoko areto futbolekoa Goyo Rodriguez; eta hirugarren mailako areto futbolekoa, Miguel Barrero.
Talde bakoitzak argazkia egin ondoren, entrenatzaileen txanda izan zen, eta, bukatzeko, talde guztiek elkarrekin batera atera zuten 2026/2027 denboraldiko familia argazki erraldoia. Eguzkia lagun, giro itzela zegoen aurkezpenean, eta Dantzaleku txiki geratu zen. "Egun polita izan da. Gure neska-mutilek futbolaz gozatzen jarraitzea nahi dugu, taldean lan egiten ikas dezatela eta kirolak, eta, bereziki, futbolak dituen balioak barnera ditzatela. Pozik ekin diogu denboraldiari, eta gustura gaude. Eta gainera, taldeak primeran hasi dira".
Goyo Rodriguez: "Taldeek gustura ekin diote denboraldiari, eta primeran hasi dira"
Mutilen erregionalaren sorrera
Mutilen erregional talde berria jubeniletatik ateratzen ziren futbolariei jarraibide bat emateko sortu da. "Altsasun bizitza guztia jokatzen zeuden jokalari askori jubeniletatik atera eta futbolean jarraitzeko aukera eman diegu erregional talde berrian. Izan ere, preferentea talde nahiko itxia da, soilik bizpahiru jokalari berrirendako tokia zegoen, baina ez jubeniletatik ateratzen ziren guztiendako. Uste dugu jokalari hauek euren futbol ibilbidea jarraitzeko taldea izatea merezi zutela, eta ahalegin askoren ondoren, entrenatzailea lortu eta taldea sortu dugu. Ez dute gutxiago merezi" zehaztu du Ubedak.
Preferente mailan goiko postuei begiratzen diete. Iaz igoera faserako sailkatzear egon zen Altsasu, eta aurten aukera hori izan nahiko lukete.
Goyo Rodriguezek aipatu zuenez, Altsasu areto futboleko bi taldeek "gustura" ekin diote denboraldiari. "Jende berria etorri da, gogotsu, eta hori asko nabaritzen da. Jende asko dago, eta bi taldeak arazorik gabe osatu ditugu. Hirugarren mailako taldeak bi garaipen lortu ditu ederki jokatuta, eta lehen maila autonomikoa egiten ari da oraindik, baina pronostiko onekin. Pozik gaude".
Juntak boluntarioak eskatu ditu
Altsasu Kirol Elkarteko juntak lan itzela du hamazazpi talde hauen kudeaketa behar bezala egiten. Aaron Ramosek, Goyo Rodriguezek eta Jenni Ubedak kirol koordinatzaile izaten jarraitzen dute, eta iazko lan talde berdinak segitzen du juntan, Jesus Sayasek lehendakari, Iñaki Cristobalek lehendakariorde, Jenni Ubedak diruzain, Leire Gonzalezek lehen idazkari, Laura Crespok bigarren idazkari eta Aaron Ramosek, Goyo Rodriguezek eta Elisabeth Fresnedak bokal. Horregatik juntara batzeko deia egin diete gurasoei eta ingurukoei. "Hamazazpi talde hauek aurrera eramaten lan handia dago, eta horri tabernaren kudeaketa eta beste gehitu behar zaio. Juntarako jendea behar dugu, mesedez hurbil zaitezte" eskatu dute.