Nesken hirugarren mailako taldea aurten osatu ez izana pena handia da.
Pena oso handia. Asko kanpora ikastera joan ziren, beste batzuk ezin zuten... azkenean taldea oso motz geratu zen. Uztailaren bukaeran taldea federazioan inskribatu nuen, eta une horretan hamahiru jokalari genituen. Entrenatzailea lortu genuen, normalean zailena izaten dena, eta azken unera arte jokalariak lortzen saiatu ginen, baina ezinezkoa izan zen. Hamahiru jokalarirekin, horietako bi atezainak, eta soilik bi aldaketa egiteko aukerarekin ezin zara lehiatu. Lesioak, santzioak... aulkian soilik bi jokalarirekin ezin da.
Aurreko denboraldian ikusgarri aritu ziren.
Sekulako denboraldia egin zuten, sekulakoa. Esan genien, baina berriz diegu: "oso harro gaude zuekin, ezin hobeki aritu zinetelako". Batek izan ezik gainontzekoak beste talde batzuetan jokatzen segituko dute, gehienek futbolean, beste batzuk areto futbolean... Aurten taldea atera ez izana kolpe handia da, pena handia dugu. Baina etorkizunean jarri beharra dugu: datorren denboraldian berriro nesken talde nagusia ateratzen saiatuko gara, harrobiko beste bi nesken taldeek erreferente nagusia izan dezaten. Jubenil-kadete taldetik jokalariak aterako dira, eta ea guztien artean posiblea den.