Aparteko animazioa izan da Altsasun asteburuan. Feriak zirela eta, prestatutako egitarauak jendea kalera atera zuen eta, gainera, hainbat bisitari etorri ziren. Egitaraua arte azokaren mustutzeak eta erremonte jaialdiak mustu zuten. Berritasunetako bat gazta dastaketa izan zen. Altsasuko peñetako kideak ostiraletik egon ziren kalean Eztanda txarangaren doinuak lagunduta.
Larunbat goizeko kirol proben ondoren erraldoi eta buruhandien konpartsa ateratzekoa zen, baina euriagatik bertan behera gelditu zen irteera. Ohi denez, ferietako larunbatean Beti Iaten elkarteko kideak bazkaria egin zuten eta ondoren txarangarekin kalejiran ibili ziren. Hainbat kuadrilek bazkariak egin zituzten. Dantzaldiak festa gauean luzatzea ekarri zuen.
Egun handia
Domekan jende ugari hartu zuen Altsasuk. Ohi bezala azienda zegoen kaleetan jendetza izan zen, bai Ferialeku kalean, bai Zelai kalean ere. Azken horren goiko aldean Altsasuko aziendaren erakusketa izan zen. Herriko abeltzainen parte hartzea sustatzeko antolatu zen. Zaldi, pony, asto eta pottokak izan ziren ikusgai, 41 buru guztira. Hala ere, bakarren batzuk ferian behi azienda gutxi zegoela aipatu zuten.
Gartzia Ximenez kalea ekoizleen 46 salmahaiez bete zen. Haietan erroskilak, kontserbak, barazkiak, eztia, gazta, hestekiak, ogia, lekaleak eta beste. Foru plazan hogei bat artisau izan ziren bere lanak erakutsi eta eskaini zituztenak. Bestetik, Editargiren Nafarroako Edizio Feriaren bidez, liburuz betetako salmahaiak ere izan ziren Foru plazan. Udaletxe parean Biak Bat elkarteko Duna proiektuan parte hartzen ari direnak beraiek egindako eskulanak eta elkartasun pintxoak saldu zituzten. Bestetik, Baratzeko bide eta Felipe Lezea plazetan ohiko azoka izan zen.
Udaletxean egiten ari diren lanengatik, mikologia erakusketa Garbitoki eraikinetik Iortia kultur guneko erabilera anitzeko gelara lekualdatu zen. Beroteak eragindako lehorteagatik 150 ziza eta onddo mota erakutsi zituzten, joan zen urtean 180 izan ziren eta 230 erakutsi izan dituzten urteak ere izan dira. Altsasuko mikologia elkarteko kideak pozik zeuden erakusketa egiteko aukera izan zutelako. Izan ere, aurreko astean kolpea izan zen eta zizak atera ziren. Lastailaren 11rako aurreikusita zegoen Etxarri Aranazko erakusketa bertan behera gelditu zen. Altsasuko Mendigoizaleak antolatutako argazki rallyko 46 parte hartzaileak kamera eskutan aurrera eta atzera ibili ziren goizean zehar.
Goizeko jendetzaren ondoren, arratsaldean jendea Foru plazan elkartu zen. Kontzertuaz eta zezensuzkoaz gozatzeko aukera izan zuten.