Klinikaren Iruñeko egoitza mustuko dute gaur

Guaixe

Klinikako Iruñeko erabiltzaileak eta langileak. UTZITAKOA

Hiriburuko Cordovilla auzotik Buztintxurira aldatu du egoitza. 

Josefina Arregi klinikak Arreta Psikogeriatrikoko Zentroa du Iruñeko Buztintxuri auzoan. Aipatu zentroa agorrilaz geroztik martxan da. Zentro berriak Eguneko Zentro Psikogeriatriko bat eta kanpo kontsulta espezializatuak ditu, baita haien familiei laguntzeko zerbitzuak ere. Zentroaren jardunaren bidez Alzheimerra, beste dementzia batzuk eta nahasmendu psikogeriatrikoak dituzten pertsonei arreta emateko baliabideen eskaintza zabaldu du klinikak.  

Zentroa gaur eguerdian mustu eginen dute. Bertan parte hartuko dute Nafarroako Gobernuko Gizarte eta Enplegu kontseilari Mari Carmen Maeztu, Osasuneko zuzendari nagusia, Antonio Lopez; Nafarroako Autonomia eta Pertsonen Garapenerako Agentziako zuzendari kudeatzaile Ines Frances eta Iruñako Udaleko zinegotzi Txema Mauleon, Gizarte Ekintzako eta auzoko zinegotzi Borja Izagirre. Josefina Arregi Klinika fundazioaren izenean Joseba Arregi presidentea eta Angel Gardachal zuzendari kudeatzailea izango dira, Patronatuko eta talde profesionaleko ordezkariekin batera.