Altsasuko CBASK saskibaloi kluba Nafarroako Saskibaloi Federazioko 2026/2027 denboraldian murgilduta dago buru-belarri. Aurten zortzi dira klubetik sortu diren taldeak eta haiek koordinatzen laugarren urtea du Iosu Mendiola Marañon arbizuarrak. Orain arte Eguberrietan egiten zuten taldeen aurkezpena, baina aurten urriaren 24an egin zuten. "Eguberrietako oporretan jendeak geroz eta gehiago bidaiatzen du eta sarritan haur asko falta ziren aurkezpenean. Gainontzeko klubetan ohikoagoa izaten da aurkezpenak denboraldi hasieran egitea, eta aurten hala egitea erabaki genuen. Aurkezpena egin ondoren, bigarren mailako CBASK senior taldeak zuen partidarekin borobildu genuen festa. Oso polita izan zen, talde guztien arteko batasun hori ikusi zelako. Ongi atera zen, eta banago datozen denboraldietan ere hala egingo dugula". Iosu Mendiolaren hitzak dira.
Emakumeen seniorra, pena handia
Aurreko denboraldian, 2025/2026, hamaika talde zituen CBASK-ek; aurten zortzi dira: txikiak, preminibasket, minibasket, infantilen eta kadeteen emakumeen eta gizonen taldeak eta gizonen seniorra. Hiru talde oso garrantzitsu desagertu dira: junior mailako gizonen eta emakumeen taldeak, eta emakumeen senior taldea. Azken talde hau aurten sortu ez izana oso mingarria izan da CBASK klubarendako, taldea duela lau urte sortu zelako, sekulako ahalegina eginda, eta iaz 2025/2026 emakumeen lehen senior mailako Lauko Finaleko txapelduna izan zelako, ligako txapelduna.
CBASK klubak ahalegin guztiak egin zituen aurten emakumeen senior taldea mantendu ahal izateko, baina ezinezkoa izan da. "Sekulako pena dugu, baina sekulakoa. Prozesua oso gogorra izan da. Azkenean, entrenatzaile falta, jokatzen jarraitzeko jokalari batzuen ezintasuna, baten baten gogo falta... Ez ziren jokalari asko, hori ere esan beharra dago. Iaz liga irabazi zuten, baina hamabost jokalariko taldea zen, eta nahiko justu ibiltzen ziren. Azkenean, inor ez da profesionala, ez gara honetaz bizi eta ulertu behar da jendeak beste bide batzuk hartzea, baina, hala ere, sekulako pena da. Gure klubaren aurtengo helburu nagusia talde hori berreskuratzea da, neskek berriro ere erreferente bat izan dezaten, eta euren saskibaloi ibilbidea etxean jarraitzeko aukera" hori oso argi du CBASK-eko koordinatzaileak.
Iosu Mendiola: "Emakumeen senior taldea sortu ez izanarekin sekulako pena dugu, sekulakoa"
Altsasuko Kirol Elkarteak arazo bera izan du aurten futboleko emakumezkoen talde nagusiarekin. Azkenean, ezin izan dute taldea aurrera atera. Faktore askok dute eragina, eta ikasketak edo lana egitera kanpora joan behar izatea izaten da horietako bat. Mendiola: "Hori beti izan da "handicap" nagusia emakumezkoen kirolean. Duela urte batzuk horregatik desagertu zen orduko emakumezkoen taldea zena. Duela lau urte berreskuratu genuen, kanpoan ikasten ari ziren zenbait jokalari ohi bueltatu zirenean. Ezagutu dudan esperientziagatik, ikasketak edo lanak kanpoan egitea faktore garrantzitsua da, baina, bestalde, egia da neskek mutilek baino joera handiagoa dutela kirola uzteko. Txikitxoak direnean ez da neska eta mutilen kopuruan alderik egoten, baina hezten doazen heinean, neskek lehenago uzten dute".

Galdutako taldeak berreskuratu
Emakumeen senior taldea galtzea gutxi ez, eta iazko bi talde juniorrak galdu ditu CBASK-ek aurten, emakumezkoena eta gizonezkoena. Gizonen kasuan gertatu dena da jokalarien aldetik kopuru justua zutela, eta euren entrenatzaileak, Jorge Misiegok, gizonen seniorraren ardura hartu behar izan duela, hain zuzen ere Iosu Mendiolak talde txikienaren ardura hartu behar izan duelako. "Entrenatzaileak lortzea betiko arazoa da, geroz eta zailagoa dena. Nire kasuan, seniorraren zuzendaritza utzi behar izan dut txikienen taldea hartzeko" azaldu du Mendiolak.
Nesken junior taldea galtzearena oso lotuta dago emakumezkoen seniorra galdu izanarekin. "Juniorrak seniorrekin elkartu behar ziren aurten senior mailan, baina senior mailako taldeak ez zuen entrenatzailerik, junior mailako entrenatzaileak utzi egin zuen ere... Azkenean, senior taldea zapuztean seniorrak eta juniorrak zapuztu dira. Beraz, pena bikoitza da. Horregatik diot aurtengo eta heldu den urteko helburu nagusia bi junior talde hauek eta emakumezkoen seniorra berreskuratzea izan behar dela. Zailena betikoa izango da, entrenatzailea lortzea. Orain arte norbaitek beti egin izan du sakrifizio hori, baina aurten entrenatzaileak ez lortzeak ondorio larriak izan ditu. Ea hori aldatzeko modua dugun".
Talderik gabe geratu diren jokalariei dagokienez, junior batzuek Ordizian eta inguruko saskibaloi taldeetan egin dute tokia, eta seniorretako bi neska Sanduzelai taldean ari dira, aurretik talde horrekin harreman estua zutelako. "Etorkizunean jokalari horiek etxera, CBASK-era bueltatzea espero dugu".
Iosu Mendiola: "Helburu nagusia bi juniorrak eta emakumeen seniorra berreskuratzea da"
Kadeteak eta eskola, itxaropena
CBASK klubaren itxaropena, beraz, kadeteen, infantilen eta harrobiko gainontzeko taldeetan dago. "Talde horiek erreferente bat behar dute senior mailan, hemen jokatu ahal izatea bermatu nahi dugulako. Gizonezkoena badago, eta, orain, emakumezkoena berreskuratu behar dugu". Harrobiko taldeekin klubak duen filosofia "betikoa" da: Sakanan saskibaloia sustatzea, haurrek eta gazteek saskibaloian ongi pasa dezatela, saskibaloiak berarekin dakartzan balioak lantzea (taldean lan egitearen garrantzia, taldekideen arteko errespetua eta elkartasuna sustatzea, arerioari errespetua...) eta gustura egotea. "Eta horrekin guztiarekin batera jendea lotzea, jendea gustura egon dadin eta hurrengo urtean gurekin jarraitzea erabaki dezan". Aurten asko izan dira saskibaloi eskolan animatu diren txikiak. "Geroz eta jende gehiagok ematen du izena. Pentsatzekoa da iaz CBASK-ek izandako arrakastaren ondorioa nabaritu dugula, hau da, iaz bi seniorrek euren liga irabazi izana. Eta horri komunikabideek eman diguzuen ikusgarritasuna gaineratu behar zaio. Oso pozik gaude izan ditugun izen emateekin; ea joera hori mantentzen dugun".

Seniorra, bigarren mailan sendo
Bigarren mailako 2026/2027ko ligan lehiatzen ari da CBASK-eko talde nagusia, gizonezkoen seniorra. Jorge Misiegok hartu du taldearen ardura, Iosu Mendiola ordezkatuz. Iaz Lauko Finala irabazi izan zuenez, hartu beharreko lehen erabakia mailaz igotzea edo bigarren mailan jarraitzea izan zen. Mendiola: "Mailaz gora eginez gero Euskal Autonomia Erkidegoko taldeekin eta inguruko bestelakoekin jokatzen hasi beharko ginateke, Autonomia Arteko mailan. Genuen egoera ikusita, zaila zen. Izan ere, jokalari batzuek taldea utzi zuten iaz, jokalari garrantzitsuak, gainera. Batzuk kanpora ikastera joan ziren eta beste batzuk goi kategorietara. Esaterako, Unax Ijurra Ardoi taldera joan da, EVA ligara, bi kategoria gorago. Beraz, egon diren bajak eta beste kontuan hartuta, erabaki egokiena bigarren mailan jarraitzea zela erabaki zuen klubak".
Bost jardunaldi jokatuta, hiru partida irabazi eta bi galdu ditu CBASK-ek. Taldeak itxura polita du eta azken jardunaldian 86-79 irabazi zion Mutilbasket taldeari, urriaren 31n Zelandin jokatutako partida lehiatuan. Altsasuarrak sailkapenean seigarrenak dira, eta igandean, azaroak 8, Universidad de Navarra izango dute arerio Iruñean (18:00). Mendiolak ez du helburuez hitz egin nahi. "Inoiz ez dugu gustukoa izan helburuak jartzea, baina aurtengo helburua ezin dira aurreko urtekoak izan. Iaz liga irabazi genuen, baina aurten jokalari garrantzitsuak galdu ditugu eta printzipioz, egoera zailagoa da. Jokalari berriak gogotsu hasi dira eta ikusiko dugu zer ematen duen denboraldiak. Iazko berdina edo antzekoa lortzera iristen badira, ikaragarrizko arrakasta lortuko lukete. Baina, printzipioz, aurtengoa urte ezberdina izango da. Gazteek jarrai dezatela aurrerapausoak ematen eta gustura jokatzen". Taldearen betiko giro ederrak segida du. "Zorionez, orain arte izan duten giro polit horrek jarraitzen du, eta hori da garrantzitsuena. Giro ona mantendu dadila eta giro txarrarengatik, behintzat, inork ez dezala jokatzeari utzi".
Iosu Mendiola: "Aurten txiki asko hasi dira saskibaloiran, oso pozik gaude"
Aurrera beti
Aurten kolpe gogorra jaso du CBASK-ek hiru talde galduta, baina gertatutakoaz ikasi, eta aurrera egiteko garaia da. Aurtengoa trantsizio urtea izango da, galdutako taldeak berreskuratu bitartean. "Klubak aurrera egin behar du. Harrobia zaindu, kadeteen taldeak mantendu daitezela eta gizonezkoen seniorrak ongi eutsi dezala. Horrela joango gara familia handitzen". Etorkizuna da orain landu beharrekoa. "Ea datorren urtean kadeteek juniorretara aurrera egiten duten, eta seniorretan gizonak eta emakumeak ditugun. Gogotsu eta ilusioz daude" aitortu du Mendiolak. Ez baitago besterik. "Beste elkarrizketa batean galdetu ziguten ea iaz seniorretan lortutako kirol arrakastak neskak seniorretan jarraitzeagatik aldatuko genituzkeen. Noski aldatuko genituzkeela, tekla bat zapatuta atzera egin eta aldatzea posible bagenu...".
Gauzak datozen moduan hartu behar dira, ordea. Iraun zuen bitartean oso polita izan zen, eta orain, irribarre batekin, aurrera. "Noski, hori beti, bestela etxean gelditzea, hobe".
Denboraldi historikoari aitortza
CBASK-eko aurtengo denboraldi aurkezpen ekitaldian aitortza egin zitzaien iazko CBASK-eko bi senior taldeei, emakumeen lehen senior mailako eta gizonezkoen bigarren mailako Lauko Finalak eta ligak irabazteagatik. Izan ere, 2025/2026 denboraldia historikoa izan zen, bi talde seniorrak euren ligako irabazleak izan zirelako. "Omenaldia eta aitortza oso polita izan zen. CBASK-eko gaztetxoek eman zizkiguten oroigarriak, brodatutako zapiak. Gizonen senior taldeko entrenatzaile gisa jaso nuen nirea, eta aitortu beharra dut oso harro jaso nuela" dio Iosu Mendiola koordinatzaileak.
