Desagertzeko arriskuan dauden nekazaritza barietateen berri jaso dute, zabaltzeko. Arakildar askorendako ezezagunak dira, "batez ere gazte eta adin ertainekoendako". Gida argitaratuz, balio handiko natura eta kultura ondarea ezagutarazi nahi izan dutela gaztigatu du Garbiñe Olazar Bazterrikak, Arakilgo Udaleko soziokultura dinamizatzaileak.
Nola iritsi zarete argitalpen honen edukiak biltzera? Nork landu du argitalpena?
Hainbat motatako 72 elkarrizketa egin zaizkie Arakilgo 53 pertsonari. Ezinbesteko informatzaile klabeak bilatu dira: gehienetan adineko pertsonak, inguruko biztanleak, nekazaritza jakinduria dutenak eta bertako barietate batzuk ezagutu edo gorde izan dituztenak. Informazio gehiena eman digutenak 75-80 urtetik gorako pertsonak izan dira. Elkarrizketatuek emandako datuekin eta landa-lanarekin, barietate bakoitzari buruzko informazioa osatu da.
Argitalpen honen oinarrian hiru erakunde aipatzea ezinbestekoa da: batetik, Arakilgo Udala, proiektua finantzaketaz gain, edizioan ere parte hartu duena. Bestetik, Sakanako Garapen Agentzia, laguntzaile moduan, eta, azkenik, Arrea agroekologika, egile lanetan.
Zer biltzen da? Nolako antolaketa du gida horrek? Aurkeztu atalak ideia bat egin dezagun.
Aurkeztuko den gida Bertako haziak-semillas de biodiversividad proiektuaren landa-lanaren zati bat da. Tokiko nekazaritza barietateak, hau da, fruta arbolak eta barazkiak bilatu, aurkitu eta horien erabileraren inguruko nekazaritza ezagutzak bildu nahi izan dira.
Helburu nagusia barietate horiek aurkitu eta berreskuratzea da, gure elikadurarako, gastronomiarako, kulturarako, ingurunerako edota landa-garapenerako duten balio handia dela eta.
Zazpi motatako 70 barietate baino gehiago aurkitu dira ikerketan, eta barietate bakoitzaren ezaugarriak sailkatzeko fitxa txikiak sortu dituzte bakoitzaren izena, herria, deskribapena, kontsumitzeko garaia, erabilerak, bertakoek emandako balorazioa, jatorria eta kasuren batean berriz sartzeko aukera ezaugarri eta interes kulturala dela eta. Fitxa horietan, ikerketa prozesuan ateratako argazkiak ere atxiki dira.
Atzotik egonen da eskuragarri informazio guztia, baina bakarren bat aipatzearren: udareak, aranondoak, sagarrondoak, pikuondoak, gaztainondoak, hurrak, intxaurrondoak, mahatsondoak, mizpirak, pomoa, babarrunak…
Nork hartu du parte lan honetan?
Aurretik aipatu dudan bezala, parte hartzaile nagusiak elkarrizketatutako pertsonak izan dira, guztira 53. Euren ekarpenak ezinbestekoak izan dira landa lana egiteko, eta azpimarragarria da horietako gehienak adinekoak izan direla. Nekazaritzaren inguruko informazio iturri handia izateaz aparte, ezagutza tradizionalaren zein memoria historikoaren euskarri dira, eta haien bitartez lortu dugu barietateen inguruko informazioa berreskuratzea.
Hauetaz aparte, proiektuaren garapenean egon diren udala, Sakanako Garapen agentzia eta Arrea Agroekologika enpresa.
Entitateren baten laguntzarik izan duzue?
Gida hau Bertako barietateak-Semillas de diversidad proiektuaren barruan dago. Honetan, bertako barietateak berreskuratzeko hainbat ekintza egiten ari dira, horietako batzuk hainbat erakunderekin koordinatuz, esaterako: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Frutagintza eta Mahastizaintza Aurreratuko Departamentua, Nafarroako Mahastizaintza eta Ardogintza Estazioa (Evena), Baliabide Fitogenetikoen Zentroa (Inia) edo Barazkien Germoplasmako Bankua (Cita Aragoi).
Nola antolatu duzue aurkezpena?
Proiektuan parte hartu duten nekazari zein baratzezainei gonbita egin zaie igandean Itsasperrira bertaratzeko. Oihana Olaberria Jakak (Arakilgo Udaletik), Nerea Viana Zugadik (Sakanako Garapen Agentziatik) eta Ester Montero Gonzalezek (Arreatik) lortutako emaitzen aurkezpen txikia eginen dute, gida honetan biltzen diren barietateak aztertuz. Ondotik, hizketaldi txiki bat egonen da bertako nekazariekin, hainbat balorazio eta iritzi bilduz eta gaiaren inguruko debate txikia sortuz.
Aurkezpenari bukaera xamurra emateko eta parte hartzaileen inplikazioaren garrantzia azpimarratzeko, hainbat jateko egonen dira egunari itxiera biribila emanaz.
Zergatik da garrantzitsua hau argitalpen batean biltzea?
Nekazaritza biodibertsitatearen galerak, nekazaritza, elikadura, ekosistema, lurra eta gizakia berarendako suposatzen duen mehatxu izugarriaren aurrean, gure hazitxoa jarri nahi izan dugu, bertako biokultura ondarea berreskuratu eta zabaltzeko konpromisoa hartuz. Gure nahia, jasotako ezagutzaren bitartez, beste nekazaritza eredu bati bide egitea da. Lurra eta gizakia bera, erdigunean jarriko dituen eta errespetua ardatz izanen duen nekazaritza eredu bati, alegia.
Joan den mendeko hirurogeiko hamarkadatik aurrera tokiko barietateak erabiltzeari utzi zitzaion, eta dibertsifikazioan oinarritutako nekazaritza-eredua galdu zen. Abandonu horren emaitza, hain zuzen ere, barietate askoren tokiko izenak, ezaugarriak edota erabilerak memoria kolektibotik ezabatzea izan da. Hala ere, zorionez, oraindik bizi dira ingurunea modu tradizionalean kudeatzen jarraitu duten eta nekazaritza kultura gorde duten adineko pertsona batzuk.
Aurkeztu eta gero, zer zabalpen izango du?
Aurkezpena egiten den egunean bertan eskuragarri egongo da gida. Arakilgo ibarreko herritarrengana iritsi nahi denez, etxe guztietan banatuko da ale bana, herritarrek eskuratu dezaten. Horretaz aparte, sare sozialen bitartez eginen da zabalpena, interesa duen orok ikerketa irakurri ahal izateko. Obra hau lizentzia baten pean dago. Material guztia nahierara erreproduzitu eta erabil daiteke, helburu ez-komertzialetarako bada eta iturria aipatzen bada.