Inasa zena Erabide industrialde bihurtuko zela iragarri zela sei urte beteko dira lastailean. Ondoren etorri da lantegi bakarra zena industrialde bihurtzea eta Irurtzungo ekonomia berriro dinamizatzea. Baina industriarako eremu guztia ez dago erabilgarri, haren hegoaldean, autobia aldera dagoen zatia oraindik urbanizatu gabe dago. Industrialde zati hori Arakilgo Udalarena da. Inasaren jardunak lur haiek kutsatu zituen eta Ebroko Ur Konfederazioak hura kentzeko bi urteko epea eman zion Nafarroako Gobernuari.
Epe hori pasa da. baina Arakilgo Udalean Nasuvinsak industrialde hori noiz mugitu zain daude. Oihana Olaberria Jaka alkateak azaldu duenez, "eremua ordenatzeko Udalez Gaindiko Sektore Proiektua egin behar zuten. Aurreko legegintzaldian horretarako akordioa sinatu zen Nasuvinsaren eta Udalaren artean. Proiektua garatzeko konpromisoa dago, eta dirua aurreikusi zen. Baina ez da ezer egin". Horregatik, alkateak enpresa publikoko ordezkariei bilera eskatu die.