Lanek aurrekontua milioi erdi igotzea ekarri dute

Guaixe 2019ko ots. 1a, 09:47

Traktorea Ekai parean lurra goldatzen, atzean Etxarren eta Etxeberri direla. Inguru horrek hartuko du industrialde berria.

Arakilgo Udalak 1.250.819,13 euro kudeatuko ditu aurten, joan den urtean baino 484.450,98 euro gehiago (%63,21eko hazkundea). Toki Inbertsio Planean onartutako bost lanek eta Izurdiaga eta Irurtzun arteko espaloiak handitu dute aurrekontua.

Aizkorbeko sareak, zorua eta argiteria berritzea, Hiriberri-Arakilgo ur-hornidura sarea berritzea, Egiarretako San Anton kaleko sareak eta zoladura berritzea, Izurdiagako saneamendu sarea eta zorua berritzea. Tokiko Azpiegitura Planean jasotako lan horiek guztiak egiteko 491.632,46 euroko inbertsioa eginen du Arakilgo Udalak. Gainera, Izurdiagako autopistako zubitik Irurtzungo mugara arte joanen den espaloia egiteko 105.836 euro bideratu ditu Arakilgo Udalak. Horregatik guztiagatik, igo da hainbeste aurten  udal aurrekontua.

Patxi Uharte Garro alkateak jakinarazi digunez, joan den urtean egindako kontratazio berak egiteko asmoa du udalak aurten: gizarte eta kultur dinamizatzailearen kontratua berritu da, lan anitzak eginen dituen langilea 8 hilabetez ariko da, udaleko lantaldean aritzeko 3 hilabeteko 3 kontratu eginen dira, Iturraskarrirako 2 eta basogintza ikasten ari den bat praktikak egiteko hartuko da.

Kontzeju guztien artean 35.000 euro banatuko ditu aurten ere Arakilgo Udalak. Guztiek kopuru finko bat jasoko dute eta populazioaren araberako beste bat. Kultur eta kirol jarduerak sustatzeko diru-saila 109.650 eurokoa da. Udalak administrazio elektronikoa ezartzeko bidea hasi zuen joan den urtean eta aurten bukatu nahi du, horretarako 11.700 euro bideratu baititu. Zorra pagatzeko eta finantza gastuetarako 40.400 euro izanen dira.

Industrialdeak
Uharte ilbeltzaren 23an Nasuvinsa enpresa publikoko buruekin elkartu zen. Inasa industrialdean Arakilek dituen 45.000 m2-ak eta haien garapena izan ziren hizpide. Lurrak kutsatuta zeuden eta haiek dagoeneko kontrolatuta daudela esan digu Garrok: "Arbizuko hondakindegira eramanen dituzte". Akuiferoak ez daude garbi: "Ebroko Ur Konfederazioak kutsadura kentzeko bi urteko epea jarri zuen. Gaur egun toki batzuk garbi daude, besteak ez. 8-10 hilabeteko epea itxaron beharko dugu ikusteko zer gertatzen den. Hala, aipatutako bi urteak beteko dira". Guztiz garbitu ondoren etorriko litzateke birpartzelazioa.

Nafarroako Gobernuak aukera eremua, industrialdea, ezarri zuen Ekai, Etxarren eta Urritzola artean. Aurten 170.000 m2 eginen dira, haietatik 100.000 industrialde izanen dira eta besteak bidea, borobil berri batekin Ekaiko errepidearekin bat eginen duena. Oloaren eratorriak ekoizten dituen Harivenasa enpresa 50.000 m2-ko partzelan ezarriko da. 30 lanpostu sortuko dituela aurreikusten da. Kapital nafarreko enpresari Noianen duen lantokia txiki gelditu zaio eta Arakilera lekualdatuko da.