Berastegiren haurrendako antzerki testua saritua

Guaixe 2013ko ira. 12a, 12:08
Pluton: hor konpon Marianton izenburuko testuarekin irabazi du Zoila Berastegi Mariñelarenak Nafarroako Antzerki Eskolak, Iruñeko Udalaren laguntzaz, antolatu duen XXII. lehiaketa. Arbizuarrak sortutako testua Nafarroako Antzerki Eskolak antolatutako eskola kanpainaren barruan antzeztuko da, heldu den urteko irailean taularatuko da Iruñean. Beleixe Irratian (FM 107,3) aitortu duenez, "jartzen naiz eta idazten dut, baina ez naiz dramaturgoa. Antzerkia idaztea ez da lan erraza". Bere lana ontzeko "imajinazio eta esperimentazio pixka bat" erabili zituela esan du Berastegik. Antzeztea eta antzerkia idaztea ez direla gauza bera nabarmendu du arbizuarrak. Aurrenekoa nahiago du berak. Eta gaineratu du, askoz ere zailago dela umeendako idaztea helduendako baino. "Mundua ikusteko eta ulertzeko beste logika batera aldatu behar zara". Joan zen urtean ere aurkeztu zen lehiaketara, baina aurtengo zorterik gabe. "Antzerkia nahiko gertu bizi dut" esan du sarituak Beleixe Irratian (FM 107,3). Nafarroako Antzerki Eskolan ikasketak despeditu ondoren beta gehiago zuenez eta idaztea gustatzen zaionez, lehiaketan parte hartzera animatu zen Berastegi. Arbizuarrak sakandarrak hurrengo urteetan lehiaketan parte hartzera animatu ditu: "euskarazko sorkuntza bulkatzeko eta norberak ariketa egiteko aukera ona da". Obraz Ume txikienendako, 8 urtetik beherakoendako pentsatutako antzezlana sortu du Berastegik. "Bi munduk elkar topo egiten dute: lurtarrak eta plutondarrak" . Berastegik azaldu duenez, kultur txoke bat eta ingurumena dira antzezlaneko gaiak, "modu erraz eta ulergarrian" tratatzen direnak. Beleixe Irratian (FM 107,3) zehaztu duenez, "alde batetik, nola bizi dugun desberdina den hori. Desberdina den horrekin topo egiten dugunean zein erreakzio ditugun". Eta bestetik, ingurumenaren gaia ere azaltzen dira: "lurtarrak Plutonera joan beharra dute lurrean urik gabe gelditu direlako. Han plutondarrek beste arazo bat dute, ur gehiegi dutela". Epaimahaia Virginia Albirak (aktorea eta ipuin kontalaria), Maialen Diazek, (aktorea eta Nafarroako Antzerki Eskolako irakaslea) eta Igor Razkinek (aktore eta dramaturgia ikasketetan diplomatua den uhartearra) osatzen zuten. SoslaiaBerastegik 28 urte ditu. 2008an psikologian lizentziatu zen Salamancako Unibertsitate Publikoan. Ondoren, hiru urtez, Nafarroako Antzerki Eskolan Arte Dramatikoko ikasketak egin zituen. Psikologian bere prestakuntza sakontzearekin batera eszena zuzendaritza, dramaturgia, objektuen antzerkia edo artedrama hastapen ikastaroak eginak ditu. Psikologoa gisa lan egin du, baita antzerki tailerrak ematen ere. Irabazi duen lehiaketa horren aurreko edizioen testu irabazleen antzezpenetan parte hartu izan du: Luara sorgina, sorgina zikina eta Todo el mundo conoce a Jim Carsen. Ipuin kontalari gisa aritu izan da Berastegi. "Oso gutxitan. Garatzea gustatuko litzaidakeen zerbait litzateke, baina momentuz ez nago horretara".