Ipar Martxa edo Nordic Walkinga ikasi nahi duzu?

Guaixe 2015ko api. 27a, 09:44

Maiatzaren 3an, 10:00etatik 13:00etara Arbizuko ekokanpinean ikastaroa antolatu dute

Modan dago nordic walking edo ipar martxa. Finean, makilak eskuan hartu eta ibiltzea da. Baina hori esateko modu sinplea da, ipar martxa askoz gehiago baita. Finlandian sortu zen kirol hau, 30. hamarkadan. Iraupen eskiatzaileak elurra ez zegoenean entrenatzeko hasi ziren bastoiak elurrik gabe erabiltzen, maila fisikoa mantentzeko. Ongi zihoakiela konturatu ziren eta berehala zabaldu zen kirola.

Ipar martxa, hankei ez ezik, besoei eta soinaren goiko alde osoari eragiten dion ibiltzeko modua da. Jarduera hau praktikatzeko bi makila behar dira, bereziak. Ez dira ohiko mendiko bastoiak, heldulekuan berezitasuna dute: lokarri bat eraman behar dute.

Kirol honek sortu duen interesari erantzunez, igandean, maiatzaren 3an, ipar martxari buruzko oinarrizko 3 orduko ikastaroa eskainiko dute Arbizuko ekokanpinean Manu Odriozolak eta Joseba Errastik. Hitzordua 10:00etan jarri dute, kanpineko harreran. “Arlo teorikoa eta praktikoa landuko dugu. Kirolaren teknika azalduko dugu eta teknika horretara iristeko ariketak egingo ditugu eta gero praktikara pasako gara. Guk eramango ditugu bastoiak. Badaude hainbat teknika baina guk alfa teknika erakutsiko dugu, osasunari begira Alemanian fisiologian kirolaren zientzilariek garatu duten teknika bat” adierazi digu Odriozolak.

Abantailak
Ipar martxa mugitzeko era berria da, gorputz osoari eragiten diona. Atsegina, leuna eta oso eraginkorra, giharren indarra, bihotza, koordinatzioa eta mugikortasuna areagotzen dituena. Baditu abantaila batzuk: oinez makilarik gabe ibiltzea baino eraginkorragoa da ipar martxa; artikulazioen gainkarga korrika eginda sortzen dena baino txikiagoa da; gorputzeko giharren %90 lantzen ditu, oxigenoaren horniketa areagotzen du eta garondo eta zerbikalean tentsioa arintzen du, beste batzuen artean.

Izena emateko
Izena ematea zabalik dago ondoko telefonoetara hots eginez: 675 401 520 (Manu) edo 665 547 755 (Joseba). Prezioa 30 eurokoa da. 10 pertsonako kopuru mugatua dago, ikastaroa behar bezala eskaintzeko. Dena den, Odriozolak azaldu du hilean behin ikastaroa emateko asmoa dutela.